Anjel Lertxundi / 2012-10-05 / 117 hitz
Joxe Azurmendik bere liburu berriaren harira esandakoak irakurtzen ari nintzela (“Estatuak kontzientzia txarrera botatzen ditu gutxiengoak”), kolpean txarki hitza etorri zitzaidan burura, eta hildakotzat zeneukan norbait kalean fresko-fresko ikusitakoan bezain zurtuta gelditu nintzen. Txikitan barra-barra erabiltzen genuen hitz bat da txarki. Txarki portatu zara, txarki mintzatu zitzaion, inor jotzea txarki dago. Gaizkiren eta bizkaierazko txartoren sinonimo, euskalki guztietan ageri da. Sarean gaizkik ia milioi bat sarrera ditu. Txartok beste hainbeste. Txarkik, ordea, zortzi mila eskas. Zergatik baztertu nuen/genuen gure eguneroko jardunetik, zergatik nik ez dut gaur arte sekula idatzi txarki, txikitan gaizki baino askoz ere familiarragoa zitzaidan hitza?
Ez dakit Euskaltzaindiaren hiztegi berriak jasotzen duen. Niri dagokidanez, bego hemen aitortua hitz nire-nire bat txarki tratatu izanaren damua.