Artistak

Xabier Gantzarain / 2012-11/09 / 170 hitz

Baina zeinek behar ditu artistak herri honetan? Erakartzen dute turistarik, sortzen dute lanposturik, zeinek behar ditu artistak? Zenbatekoa izango da murrizketa kulturan hurrengo aurrekontuetan, nondik jango dute, zeri ez zaio ematen garrantzirik, zer iritzi dugu artistei buruz, ezagutzen dugu haien lana, balio digu zerbaitetarako? Zenbat diru gastatzen du Eusko Jaurlaritzak haien lana erosten, ondarea gordetzen? Zer leku ematen die egunkari honek berak, azalean Botero atzerakoia dakarren bitartean? Zergatik badugu irizpide bat literaturan edo musikan eta ez artean? Zertan ari da Bilboko Arte Ederren museoa? Zeini axola zaio?

Rodtxenko, Oteiza, Tarkovski, artista jende hori.

Pertsona iaioari esaten zaio artista, artista da patata tortilla egiten, baina baita herriko tontoari ere, hori artista bat da, alferrari, zoroari, bestek bezala bizi nahi edo ezin duenari; eta gero, artistak hitz egiten badu, hori artista bat da esanda desaktibatu ohi du jendeak, hori intelektuala da esaten denean bezalaxe, horren hitzak ez du balio, hori bere munduan bizi da, eta artistaren lana eta esana gutxietsi egiten da automatikoki. Gurasokeriaz hartzen da bestela, errukiz, gorteak behar duen bufoitzat.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.