Juan Luis Zabala / 2012-11-17 / 512 hitz
Egoera absurdoak, ironia eta kritika soziala uztartu ditu ‘Bertan goxo’ eleberrian osatu duen «esperpentoan»
Beilategi baten inaugurazio festa kontatuz, eleberri «umoretsua» eta «alaia» osatu du Karlos Linazasorok Bertan goxo liburuan (Elkar); egoera absurdoak, ironia eta kritika soziala uztartzen dituen narrazioa. Nobelan, Bertan Goxo izeneko beilategiaren inaugurazio festan gertatzen dena kontatzen du beilategiko nagusiaren alabak. Jende asko bildu da festan: alkatea eta zinegotziak, bertsolari bat, on Ernesto parrokoa eta jubilatuen autobuskada bat, kontalariaren eskolako lagun batzuk… Pintxoak daude denentzat, izan ere, doan. Festa korapilatu egingo da, ordea, ekaitz baten eraginez, denak beilategian itxita irten ezinda geratzen direnean…
Beilategi baten inauguraziora gonbidatu zutenean bururatu zitzaion Linazasorori Bertan goxo idazteko ideia, eta liburuaren azalean hilkutxa zuri bat ageri da. Azal horrek hala pentsaraz badezake ere, ordea, Bertan goxo ez da inondik ere eleberri «morbosoa», ezta «tetrikoa» ere, egilearen ustez. «Niri morboak izugarrizko nazka ematen dit, eta hozkia. Uste dut liburua umoretsua dela batez ere, eta ez daukala tetrikotik batere. Uste dut liburu alaia dela. Gaia zein den ikusita, batik bat umore beltza dela nagusi esan daiteke, eta oso egoera absurdoak kontatzen direla».
«Azkenean, liburua esperpento bat da», Linazasororen ustez. «Jendea ispilu grotesko baten aurrean jartzen dut, eta ispilu horrek errealitate guztiz grotesko bortxatu bat islatzen du». Baina ispiluak batez ere bere «betiko kezkak, obsesioak, buruhausteak eta galderak» planteatzeko aukera eskaini dio. «Heriotzari buruzko galderak daude, bizitzari buruzkoak, inkomunikazioaren ingurukoak… Batzuetan iruditzen zait gizakion artean komunikatzea gauza ezinezkoa dela».
Egitura aldetik, «irakurterraza» eta «oso bizia» da nobela. «Dialogoz josita dago. Gidoi moduko bat da. Narrazio gutxi dago eta dena doa oso abiadura handian». Baina, aise irakurtzen den liburu alaia izanagatik ere, «pentsamendurako bidea» ematen du. «Azpian, ironia handia dago, baita kritika soziala ere. Beilategian politikariak biltzen dira, apaizak, jubilatuak… Sexua ere badago. Mikrokosmos horretan denentzako dago egur pixka bat».
Nobelak bukaera «irekia» du. «Uste dut azkenean irakurleak jaitsi behar duela oihala, nolabait esateko». Era honetako eleberrien amaieran irakurleari irribarre bat geratzen zaio ezpainetan, «baina baita kezka bat ere», Linazasororen ustez. «Ez da irribarre xalo bat. Barrearen eta barrearen artean, galdera sakonak planteatzen dira, erantzunik gabe gelditzen direnak. Milaka galdera, eta ez dago erantzunik».
Gazte literaturako eleberria
Gazte literaturako eleberritzat du egileak Bertan goxo, eta horregatik kaleratu du Elkar argitaletxearen Ateko Banda sailean, sail horretan gazte literaturaren eta helduen literaturaren arteko muga lausoan dauden liburuak plazaratu ohi baititu Elkarrek. «Bilduma misto bat da», Xabier Mendiguren Elizegi editoreak dioenez. Aurretik estiloz eta umorez Bertan goxo-ren antzekotzat edo ahaidetzat jo daitezkeen beste bost eleberri ditu argitaratuak Linazasorok, eta haiek ere gazte literaturatzat ditu: Entzungailua, Itoko dira berriak, Bestiarioa / Hilerrikoiak, Urperatze handia eta Udalbatza bahituaren kasu pollita.
«Nik liburu hau helduentzat idatzi banu, beste koxka bat izango zuen, beste maila bat, bai idazkeraren aldetik, bai hausnarketaren aldetik, bai gordintasunaren aldetik, bai egituraren aldetik… Beste liburu bat idatziko nukeen. Nik ez dut inoiz helduentzako nobelarik idatzi, eta seguru asko ez dut inoiz idatziko. Bakoitzak ahal duena egiten du. Horretarako beste arnasa behar da, beste denbora bat… Akaso jubilatzen naizenean. Baina orduan ere ez seguru asko. Aspertu egiten naiz, hori da arazoa. Nik di-da batean idatzi behar dut, laburtasunaren aldekoa naiz».