Juan Luis Zabala / 2012-11-04 / 372 hitz
Alberto Barandiaranek itzuli du Mathias Malzieu idazle eta rock kantari ezagunaren nobela arrakastatsua
Frantziako literaturak azken urteotan eman duen best seller-ik arrakastatsuenetako baten euskarazko itzulpena eman berri du argitara Cenlit Ediciones argitaletxearen Denonartean zigiluak, Mathias Malzieuren La Mécanique du coeur nobelarena. Alberto Barandiaranek egin du itzulpena, eta Bihotzaren mekanika izenburua ezarri dio. 2007an argitaratu zuen Malzieuk La Mécanique du coeur, eta hogei aste eman zituen Frantziako liburu salduenen zerrendan.
Idazle gisa ez ezik, Dionysos rock taldeko kantari gisa ere ezaguna da Mathias Malzieu (Montpellier, 1974), eta haren hirugarren nobela da La Mécanique du coeur, Dionysos taldeak izenburu berarekin argitaratutako diskoaren hitzetan oinarritua. Nobelako pertsonaia nagusia, Jack, 1874an Edinburgon jaio zen, inoizko egunik hotzenean, eta bihotza ere izoztu zitzaion. Madeleine doktore erdi sorginak Jack salbatzeko ahalegina egin du, bihotzaren lekuan erloju bat ezarriz. Baina aurrerantzean Jackek emozioak saihestu beharko ditu, erlojua oso delikatua delako. Ez du koleraturik bere onetik irteterik izango; maitemintzerik ere ez. Zaila da, ordea, maiteminaren ziztadarik sentitu gabe bizitzea, eta kaleko kantari baten suzko begirada froga gogorra bihurtuko da Jackentzat eta haren bihotz bereziarentzat.
Luc Besson zinemagileak Malzieuren nobela zinemara eramateko eskubideak erosi zituen, eta animazio musikaleko filma zuzentzeko asmoa du, Joann Sfar ilustratzailearen laguntzaz. Pertsonaien ahotsak Mathias Malzieu, Olivia Ruiz, Emily Loizeau, Rossy de Palma, Jean Rochefort eta Elisabeth Maistre Babet-ek jarriko dituzte, besteak beste.
«Oso liburu bisuala da, irudi eta txinparta askorekin», nobelaren itzultzaileak, Alberto Barandiaranek, azaldu duenez. «Egileak hori landu nahi izan du batez ere, ia zinematografikoki kontatuta baitago liburua, eta Georges Melies zinemagilearekiko erreferentziak oso garrantzitsuak dira. Liburu fantasiosoa da, Lewis Carroll edo Tim Burtonen munduak gogorarazten dituena».
«Ez da zailtasun bereziko itzulpena izan» Barandiaranentzat. «Idazkera lineala da, denboran eta espazioan. Izatekotan, frantses hiztegiaren barrokotasuna. Baina hori, frantsesarekin, beti gertatzen da».
David Vann-en ‘Sukkwan irla’
David Vann idazlearen (Adak uhartea, Alaska, AEB, 1966) Sukkwan irla nobela ere argitaratu du Denonartean zigiluak, Juanjo Olasagarrek euskaratua.
Alaska hegoaldeko irla desertu batera darama David Vannen nobelak irakurlea. Hidrohegazkinez edo itsasontziz baino ezin ailega daiteke haraino. Baso sarriak eta mendi malkartsuak ditu. Horixe da Roy semearekin harremanak sendotzeko Jimek aukeratu duen tokia. Hamabi hilabete dituzte aurretik; elkarrekin lan egingo dute. Aukera ona ematen du elkarren artekoa konpondu eta galdutako denbora berreskuratzeko. Baina egoera, pixkanaka-pixkanaka, klaustrofobiko, larri, itogarri bilakatzen joango da.