Bizi-taupadak

Imanol Mercero / 2012-11-25 / 212 hitz

  • Izenburua: Maite-maite ile-apaindegia
  • Egilea: Marie-Aude Murail
  • Itzultzailea: Aiora Jaka
  • Argitaletxea: Elkar

Irakurle gazteei begira sortutako Taupadak sailaren barruan argitaratu dute Orleans hirian (Frantzia) kokatutako iniziazio eleberri hau. Erraz irakurtzen da. 200 orrialde pasatxo ditu, eta 21 ataletan banatuta dago. Elkarrizketa ugariz hornitua. Ekintzetan zentratua. Ez hori bakarrik. Kontaketa oso dinamikoa da, eguneroko baten eran idatzia, eta gazte bizar-guri baten bizitzak abailan jarritakoa.

Protagonista bere ikasketen une erabakigarri batean dago: lanbidea hautatzeko lehen urratsetan. Aita zirujaua da, eta bere antzeko lanbide batean nahiko luke. Ama bokazioz etxekoandrea da —familia tradizional batekoak dira—, eta semearentzat onena nahiko luke. Amona eta arreba txikia dira Louis gaixoari haize pixka bat emango dioten bakarrak, gure Louisek ez baitaki nondik jotzen dion haizeak.

Oraingoz, astebetez praktikak egin beharko ditu nonbait. Aitak bere lagun sarearen bidez konpondu nahi du kontua, baina mutilak ez du gogoko. Zer egin? Amonak aterabidea eskainiko dio, Maite-Maite ile-apaindegian praktika-aldia egitea proposatzen dionean. Mutilak baietz esango du, aita izorratzeagatik, besterik ez bada ere.

Eta halaxe hasten da eleberri hau. Azpimarratzeko zein zaila den bereiztea apetak, egin beharrak eta norbere nolakotasunek dituzten ahalmenak. Gogorarazteko gurasoek euren seme-alabei onena opa badiete ere, egokia eta desegokia zer den erabakitzeko aukera ematea kosta egiten zaiela. Eta, ondorioz, nerabeak maiz ezkutuan ibili behar duela, bere ibilerak gurasoak asaldatuko dituen beldur.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.