Marian Iriarte / 2012-11-22 / 529 hitz
Asteburu honetan kuadrilla eder batekin musikaz gozatzeko aukera izan dut, eta horrek ekarri nau gaurko zutabetxoan musikaz eta fisikaz idazten ausartzera. Ezer baino lehen, esandakoren bat guztiz zehatza ez bada, fisikariek barkatzea espero dut, fisikaz baino gehiago, musikaz idatzi nahi baitut.
Solfeoa ikasi duen orok ezin ahaztu teoriako lehenego liburuxkan azaltzen zen lehenengo definizioa: «Zer da musika? Soinuak elkarrekin eta denborarekin konbinatzeko artea» (hori noski gazteleraz zetorren, garai batekoak garenok ongi dakigun bezala). Eta gero soinu hori definitzen hasitakoan, lau ezaugarri dituela esaten ziguten: tonua edo altuera, bolumena edo indarra, tinbrea edo kolorea, eta iraupena. Hizkuntza arruntean, eta soinuaren izaera kontuan hartu gabe, nahikoa erraza da lau ezaugarri horiek zertan diren azaltzea. Denok dakigu eskala bat jotzen denean soinu batzuk baxuago eta beste batzuk altuago daudela (horixe da tonua, ez da gauza bera do edo mi edo sol jotzea). Bestalde, bolumena edo indarra ulertzea ere nahiko intuitiboa da, batzuetan ozenki abesten dugu eta beste batzuetan xuabe edo apalago. Iraupena ere antzera, nota edo soinu batzuk luzeak eta beste batzuk laburragoak izaten dira. Beharbada, zailena tinbrea zer den esatea izango litzateke, baina musika jakin gabe ere, doinu edo soinu berbera biolin batek edo piano batek jotakoan, gure belarriek ongi bereizten dute soinua nork egiten duen, eta horixe da tinbrea, hau da, badago zerbait tonu, bolumen eta iraupen berbera jotakoan bi soinu-tresnek edo bi ahotsek gure belarriak ongi bereizten dituena.
Gatozen orain soinuaren izaera fisikoa pixka bat azaltzera. Gizakiok aditu dezakegun soinua uhin mekanikoek osatzen dute, azken finean presio-uhinak dira airean zehar presioaren aldaketak eragiten dituztenak eta gure belarrira iritsitakoan uhin mekaniko horiek gure garunak jaso egiten ditu. Uhina mugimendu periodiko baten moduan ikus dezakegu. Uhinak ibilbide osoa egiteko behar duen denbora uhinaren frekuentzia edo maiztasunarekin dago lotuta. Oszilazio oso bat egiteko denbora asko behar badu, frekuentzia baxukoa izango da eta alderantziz. Frekuentzia Hertz-etan neurtzen da (Hz) eta horregatik frekuentzia baxuko soinuak grabeak izango dira, eta frekuentzia altukoak agudoak, hots, frekuentziak mugatuko du soinu baten tonua edo altuera. Gizakion belarriak 20 Hz eta 20 KHz-en arteko soinuak aditu ditzake. Hortik gorakoak ultrasoinuak dira eta gure belarriak ez ditu jasotzen.
Baina uhina handiagoa edo txikiagoa izan daiteke, hots, sokasaltoan ari garenean gehiago ala gutxiago zabaldu dezakegu. Hori uhinaren anplitudea izango da, eta horrek mugatuko du zein den soinuaren indarra edo bolumena. Soinuaren intentsitatea dezibeliotan neurtzen da, jatorrizko unitatea belioa da, Graham Bell-en oroimenez, baina unitate handiegia da, eta horregatik erabiltzen da bere hamarrena, dB.
Iraupena azaltzeko ez dago besterik, pianoko nota oso labur jotzen badugu edo luze sakatuta mantentzen badugu, soinua luzeagoa edo laburragoa izango da.
Tinbrea zerekin dago erlazionatuta? Soinuaren armonikoekin. Uhina sortzen denean ez da soilik soinu hori sortzen, bere gainetik eta altuera jakin batzuetan beste batzuk ere sortzen dira, oinarrizko soinuaren armonikoak deitutakoak. Lehenengo armonikoa oinarrizko notaren errepikapena izango da, zortzikote bat altuago (eskala baten goiko nota hain zuzen), eta hori zergatik oinarrizko notaren frekuentzia bikoitza duelako. Hurrengo armonikoak lehenengoaren frekuentzia hirukoitza du, eta bigarrenetik 5eko tartean dago; laugarrena bigarrenaren frekuentzia bikoitza da, eta beraz oinarrizko soinutik bi zortzikotera aurkitzen da. Eta horrela jarraituz beste asko sortzen dira. Armoniko horien indarrak eta izaerak mugatuko du soinuaren kolorea, tinbrea. Soinu baten serie armonikoaren errezetak mugatzen du soinuaren distira, berotasuna, indarra…