Josean Gil-Garcia / 2012-11-16 / 644 hitz
Guardiako iragan megalitikoa ezagutzeko asmoz, Sotillo eta San Martin trikuharriak bisitatuko ditugu ibilbide honetan.
Sotillo eta San Martin trikuharriak Guardiako udalerrian daude (Arabako Errioxa). Biak ezagutarazteko xedez, Guardiako herrian ibilian jarriko gara. Ibilbide polita osatuko dugu, beraz, Navaridas herria, aintzira eta Leza herria bisitatuta. Sotilloko trikuharriaren berri Medrano adituak eman zigun, 1955ean. Indusketa lana, ordea, zortzi urte geroago egin zuen Barandiaran, Medrano eta Apellaniz lagunek osaturiko ikertzaile taldeak. San Martin trikuharria eta etxola Guardiatik oso hurbil daude. Barandiaranek eta Medranok aurkitu zuten, 1956an, eta indusketa lanak biek eraman zituzten aurrera.
Guardiatik Navaridasera
Guardiako Puerta Nueva edo Carnicerias izeneko ate historikoaren aurreko iturri emaritsuan hasiko dugu ibilbideari, hots, hiribilduaren hegoaldean dagoen pilotalekuan. Kale sare korapilatsuan barneratu gabe, hiribildu estrategikoa inguratzen hasiko gara, Barbacana kalean behera. San Joan elizaren albotik igaroko gara laster, behera egin eta berehala. Errepideak ezkerrera egiten duen bihurgunean, hilerriaren eta kiroldegiaren artetik doan kaletik jarraituko dugu. Pauso batzuk nahikoak izango dira Eltziegorako errepidearekin bat egiteko. Eskuinetik jarraituko dugu, asfaltoa ez baitugu utziko 66. bidarrira iritsi arte. Sampedro errekastotik hurbil-hurbil, eskuin-ezker egingo dugu nekazaritza bidean, eta hego-mendebaldera egiten hasiko gara.
Igoera xumearen ostean, lepo batera iritsiko gara. Eskuinetik doan bidea bazter egingo dugu han goian, eta behera doanari men egingo diogu. Bide nagusitik jarraituta, beste lepo batera iritsiko gara. Hala ere, lepo hori ez da azkena izango, beste bat ikusiko baitugu aurrerago. Navaridas herria deskubrituko dugu, orduan, azken talaia horretatik: herria uste baino hurbilago dagoelarik, pauso arinez hara bideratuko gara. Herrira iritsi aurretik, Rubialgas errekastoa gurutzatu beharko dugu. Ondoren, atentzioa emango digu kalbarioko gurutze bakartiak: harrizkoa da, eta bide sarda batean dago. Ezkerretik jarraituko dugu han, eta, hilerriko baselizaren ertzetik igarota, Navaridasen sartuko gara. Eliza ondoko plazatxora igoko gara, besteak beste talaia bikaina baita Castejongo gaina ikusteko. Soa hegoaldera luzatuta, ordea, bete-betean harrapatuko dugu aurkikuntza arkeologikoa gordetzen duen Castejongo muinoa. Baita Toloño mendilerro luzea ere, iparraldean gailenduta.
Navaridasko aintzira
Elizaren atari barrokoaren ezkerraldetik abiatzen diren eskailerak hartuko ditugu Cerrillo-tik jaisteko. Kale Nagusiari helduko diogu, eta, behealdeko bidebanatzean, ezkerrera egingo dugu errepidera irteteko xedez. Eskuinera joko dugu orduan, eta San Joan de Ortega baselizaren ondotik igaroko gara. Eltziego eta Leza errepidean, asfaltoari jarraitzeari utzi eta bestaldean jarraitzen duen nekazaritza bideari helduko diogu. Bidebanatze bat ikusiko dugu berehalakoan. Eskuineko bideari ekinda, goratasuna hartuko dugu. Laguna izeneko zingiraren sakonunea begi aurrean izango dugu. Depresioan ur laminarik ikusi ez arren, kubeta endorreiko baten aurrean gaude, euri urez elikatzen den zingira bitxi baten parean. Hezegunea eskuinetik inguratzen duen bideari jarraituko diogu, eta, lau bideko elkargunean, eskuinera egingo dugu Lezarako bideari ekiteko xedez. Metro gutxira, ezkerreko bideari men eginez, Lezaraino jarraituko dugu.
Sotillo eta San Martin
San Martin elizak egingo digu harrera ederra. Gero, iturri neoklasikoaren kalea hartuta, bihurguneraino jarraituko dugu. Ipar kaleari heltzeko abagunea baita, olibondo bat apaingarri gisa duen plazatxo batera iritsiko gara. Alderik alde zeharkatuko dugu plazatxoa. Gero, ezkerrera eginez, Ru ibaiaren gaineko zubirainoko jaitsiera xumea hasiko dugu. Zubia igaro, eta ezkerrera eginez, aldats gora abiatuko gara. Nekazaritza bideak Sotillo muinoraino lagunduko digu. Han, ahanzturan eroritako errepide zaharraren ondoan, Sotilloko trikuharria dago, arte galant batzuek ederki babestua.
Monumentu megalitikotik irten, eta ezkerretik —ekialdetik— jaitsiko gara errepide nagusira. Hara iristean, ezkerrera jo eta Sotillo trikuharria dagoen toki aldera egingo dugu berriz; izan ere, monumentuaren parera iritsitakoan, eskuinera —iparrera— egingo dugu Sotillorako bideari jarraitzeko asmoz. Toloño mendilerroari begira jarriko gara orain, soa Recilla eta Cervera aldera luzatuta. Erliebe ondulatua alderik alde zeharkatzen duen bide zabal batera iritsiko gara berehala. Eskuinera egingo dugu orduan, eta Guardirako bideari ekingo diogu. Noranzkoa aldatu gabe jarraituko dugu, leun-leun, Loa upategira iritsi arte. Upategi modernoaren aurrean, eskuinera jo eta hegoaldera egiteko aukera izango dugu. Arkitektura ederreko Ysios upategira iritsiko gara segidan. Santiago Calatrava arkitektoaren lana ezkerrean utzita, Guardiara segituko dugu pitin bat. Lau bideko elkargunean, eskuinera egin eta Errotarien Bidexkari men eginez, errepide nagusira irtengo gara. Ezkerrera egingo dugu orduan, eta San Martin trikuharrira iritsiko gara. Guardiarainoko azken metroak errepide parean egingo ditugu.