Irune Berro Urrizelki / 2012-11-01 / 676 hitz
Twist-ekin, Euskadi sariaz gain, beste sari batzuk ere jaso dituelako sentipena du Harkaitz Canok. «Bidean ezagutu dudan jendea sari handia izan da. Eta aipatu nahi ditut bereziki Rosario Lasa eta Pili Zabala», nabarmendu du idazleak, sariak aurkezteko Blanca Urgell Kultura sailburuarekin batera Bilbon eginiko agerraldian.
Lehen kapitulua sukarraldi batean idatzi zenuen. Ondoren liburuak beste tonu bat hartzen du. Nola gertatu zen aldaketa hura? Bilaturikoa izan zen?
Orrialde horiek zaharrenak dira. Duela lauzpabost urte idatzi nituen. Orduan ez nekien liburua zer izango zen. Molde horretako kontaketa ez dakit jasangarria izango zen 432 orrialdeko liburu batean. Kapitulu hori jendeari gustatzen zaio, daukan luzera daukalako. Gero hasten da nobela konbentzional bat. Jende batek pasatu beharreko probatzat hartu du kapitulua, eta beste irakurle mota batek bereziki estimatu du kapitulu hori, baina gero konturatu da liburua arruntagoa dela. Lehendabiziko kapitulu hori gehiegikeria estilo batean dago kontatua, kontatzen dena gehiegikeria ere badelako. Horrek ahalmentzen du kontatzeko modu lisergiko hori.
Lokatzean sartu zara Twist idazteko. Ez zen erraza izango…
Unibertsitate garaitik nuen Lasa eta Zabalarena kontatzeko gogoa. 90eko hamarkadan Zuzenbidea ikasten nuen garaitik. Baina konplikatua iruditzen zitzaidan. Ez nekien nobela-erreportaje bat egin, errealismotik gertu, edo fikziozko zerbait. Baina nola fikzionatu horrelako istorio bat? Minaren territorioan zabiltzanean kontuz ibili behar duzu, zer zapaltzen duzun, eta non. Horregatik, urteak behar izan nituen formula topatzeko. Formula izan da fikziozko pertsonaiak eta benetakoen oso antzeko gertaerak erabiltzea.
Literaturak minetik abiatu behar duela diozu.
Niretzat, hori ezinbestekoa da. Literatura zauria da, eta batzuetan hurbildu behar duzu zauri horretara, eta beste batzuetan urrundu. Bizkarra eman behar zaio beste batzuetan. Baina hor dagoenik ezin duzu ukatu. Niri interesatzen zaidan literatura sortzen da min batetik, eta min horrekiko hartzen duzun jarreratik.
Horretarako, errealitatera jotzea nahitaezkoa da?
Ez. Liburu bakoitzak ematen dizu liburu hori eraikitzeko formula bat, edo sistema bat. Orson Wellesek esaten zuen zinema egiten zuela jakiteko zinema nola egiten zen. Aldiro ikasten zuen istorioa kontatzeko modurik egokiena zein zen. Niri ere gustatzen zait planteatzea «istorio hau kontatzeko zein sistema erabili behar dut?». Eta istorio bakoitzak eramaten zaitu fikzioa edo errealitatea gehiago erabiltzera.
Twist-en errealitateak itzal handia du…
Kasu batzuetan, horrek irakurketa zaildu du. Fikzio gisa irakurria izatea eragotzi die hainbat irakurleri. Batez ere, 80ko hamarkada oso presente duen belaunaldiari. Zenbait pertsonaia fikziozkoak zirela sinestea kostatu egin zaie. Bat-batean, errealitatea intruso baten moduan sartzen da fikzio horretan, estridenteki.
Irakurleek errealitatea horren ondo ezagutzea zama izan da fikzioa egiteko unean?
Abantaila izan da. Irakurle txokoetan jendea saiatzen da pertsonaiei izen-abizenak jartzen, eta gehienetan ez da posible. Gehienetan eraikiak baitaude, Frankenstein moduan. Kasurik jakinena Fontecharena da. Politikari baten fisikoa eman diot, beste baten ibilbidea, eta beste baten kargua. Orduan jendeak dio: «baina hau nor da?». Baina horrek ez du balio hemen, Fontecha Fontecha da, gogoan ditugun askoren antza eduki arren.
PSOE agintean zela gertatu ziren GALen hilketak, eta PSE-EE agintean dela jaso duzu Literaturako Euskadi saria… Nola azal liteke hori?
Paradoxa, ironia… Patuak horrelako gauzak dauzka. Egia da, era berean, garai hartako alderdi sozialistak eta gaur egungoak zerikusi handirik ez dutela, nahiz eta garai hartan aktibo zeuden zenbait politikari oraindik ere aktibo dauden.
Orain hainbeste aipatzen duten kontakizunean garrantzitsua den parte bat gogorarazteko asmoz idatzi zenuen Twist?
Kontakizun txiki asko kontatu behar direla uste dut. Hau da bat, baina milaka daude. Eta istorio hau bera kontatu beharko da berriro, beste era batera. Istorio honek ez du ukatzen beste bat. Mosaiko handi baten zati txiki bat da liburu hau. Literaturak fijazio funtzioa betetzen du. Badauka garai bateko argazkilaritzak zeukan likido finkatzailearen funtzioa. Eta beste molde batzuek baino eraginkorrago funtzionatzen du gauzak finkatzeko orduan. Baina ahots asko daude, eta denek eduki behar dute bere tokia kontakizun handi horretan.
Espainieraz argitaratuko du Seix Barralek Twist otsailean. Euskadi sariak liburuari hemendik kanpora bide bat egiten lagun diezaioke?
Inoiz ez dakizu nondik iritsiko diren aukerak. Itzulpenena zail dago. Publikatu izan ditut liburuak argitaletxe txiki, ertain, lokal, Madrilekoetan… Nik hemen baditut irakurleak, baina hemendik kanpo ez. Kuriositatea daukat gaztelaniazko liburuak zein harrera izango duen. Guretzako istorioa diferentea da. Gure begiak baldintzatuak daude, onerako eta txarrerako. Ez dakit Cuencan edo Coruñan nolako irakurketa egingo duten… Erreparoa eta kuriositatea dauzkat, biak.