Juan Luis Zabala / 2012-11-20 / 262 hitz
Testuen osagarri gisa, irratian egindako zortzi saioren grabazioak bildu ditu CD batean Joxemari Iriondok
Egilearen jaiotzaren lehen mendeurrena gogoratuz, Inaziomari Atxukarroren Irriparrezko printzak kontakizun laburren bilduma berrargitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Joxemari Iriondok apailatutako edizioan, oraingoan liburuari osagarri bat gehituta: Atxukarroren zenbait kontakizun biltzen dituen CD bat, haren irratiko kontakizunak ezagutu zituenak «Atxukarroren garai bateko hizketa gozo eta bizia» berriro gozatzeko aukera izan dezan, Iriondok azaldu duenez, edo haren irratiko saioak ezagutzerik izan ez zuenak orain horretarako aukera izateko. CDak Atxukarrok 1976 eta 1980 bitartean Loiolako Herri Irratian grabatutako zortzi saio biltzen ditu.
Inaziomari Atxukarroren Irriparrezko printzak liburua 1982an eman zuen argitara estreinakoz Sendoa argitaletxeak, Antonio Zabalaren Auspoa bilduman. Liburuaren berrargitalpenean Atxukarroren testuetan azal-azaleko aldaketa txiki batzuk baino ez ditu egin Iriondok, eta Juan Mari Lekuonak liburuarentzat idatzi zuen hitzaurrea zegoen-zegoenean utzi du, Joakin Berasategi Sendoa argitaletxeko buru zenak eskatu zionari kasu eginez. Honako hau idatzi zuen Lekuonak hitzaurre horren hasieran: «Gustagarria bezain jakingarria ere badugu Inazio Mari Atxukarroren liburu au. Gustagarria leenik, jendearen gozamenerako idatzirik dagoelako. Eta jakingarria ere badela esan bear, erri-literaturako balioez ondo orniturik datorkigulako».
Errezilgo (Gipuzkoa) Exkerrania baserrian jaio zen Inaziomari Atxukarro, 1912ko abuztuaren 26an. 1960ko hamarkadan hasi zen Segura Irratian eta Loiolako Herri Irratian umorezko istorioak kontatzen, eta arrakasta handia izan zuen bietan, hala ipuinen gatzagatik eta piperragatik nola bere kontamolde pertsonal esaera zahar eta onomatopeietan aberatsarengatik.
Beste zeregin batzuengatik ere nabarmendu zen, hala nola antzinako objektuen bilketan, haiekin museo txiki bat osatu baitzuen Zegaman; edo bertsolari txapelketetako gai-jartzaile lanetan. Zegaman bizi izan zen azken urteetan, eta Tolosako Yurramendi egoitzan hil, 1987ko abuztuaren 27an. Zegaman hilobiratu zuten.