Anjel Lertxundi / 2012-11-16 / 123 hitz
Gaztelaniaz, cuento eta cuenta. Frantsesez, conte eta compte. Euskaraz, aldiz, kontua bi adieretarako. Zenbakiak eta ipuinak, hitz bakar batekin adierazita, ederra da kontua. Baina euskara ez dabil, oraingoan ere, batere oker, ezin txukunago dator zenbakiak eta ipuinak hitz berarekin uztartzea: aspaldi honetan neska esnezalearena bezalako kontu asko esaten ari gara geure buruei etxeko kontu ekonomikoak eramangarriagoak izan daitezen, hilaren bukaeran ezin konta ahala komedia eta kontu izaten baititugu kontuak itxura batean koadratzeko. Hango eta hemengo gobernuak ere datorren urteko aurrekontuak itxuratu nahian ari dira, baina kontuak da politikariek asmatzen eta esaten dituzten kontuak ez direla beren buruentzat —ai, diruak bereak balira—, oposizioa eta iritzi publikoa konbentzitzeko baizik.
Kontu zoragarri baten protagonistak bagina bezala bizi ginen, harik eta errealitatea kontu eske etorri zaigun arte.