Iñigo Astiz / 2012-10-31 / 1.284 hitz
Zazpi urte dira Nafarroako ondare ez-materiala biltzen hasi zirela, eta pixkanaka badoa artxiboa osatzen. Historia bizi izan zutenen ahotik bildu, eta herritarrei haien lekukotza helaraztea da asmoa.
Ez dute arrasto handirik uzten. Ez daukate katedral gotiko baten edo zubi erromaniko baten ikusgarritasunik, baina oroitzapenak ere badira ondare; sinesmenak, ohiturak, leku izenak… Ikusezin den hori ikusgarri egiteko lanean dabiltza orain zazpi urtez geroztik Nafarroan. Ondare Ez-Materialaren Dokumentazio Zentroa sortu dute, eta herriz herri dabiltza bilketa lanean. Amaituak dituzte, kasik, Nafarroa iparraldeko lanak, eta beste guneetan hasi nahi dute orain. Atzo eman zuten proiektuaren nondik norakoen berri, Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Lekukoak dira giltza. Izan ere, pertsona da ondare ez-materialaren euskarria, eta pertsonak elkarrizketatu behar, beraz, haien memoria bildu ahal izateko. Pertsona desagertzean, zeharka baino ezin jaso haren lekukotzaren berri. Zuzenean bideo kamerez jasotzen dituzte elkarrizketak, horregatik, eta pantailaren bidez hedatzea da asmoa. Alfredo Asiain da artxiboko zuzendari teknikoa, eta Juan Goitisolo idazleari hartu dizkio hitzak bilketa lanaren garrantzia azpimarratzeko. «Afrikan zahar bat hiltzen denean liburutegi bat erretzen dela esaten du Goitisolok. Eta hori izan daiteke gure lanaren metafora. Herri bateko memoria mantentzen duen pertsona zahar hauetariko bat hiltzean, kulturaren parte bat ere hiltzen da».
Oroitzapenak oinarri
Ez da beti bistakoa izan hori, ordea. «Errazagoa da ondare materialari erreparatzea, ez-materialari kasu egitea baino». Baina aldatzen joan da hori, eta ibilbide bat aipatzen du Asiainek. Baita mugarri batzuk ere. Nazioartekoak dira batzuk, eta berta-bertako proiektuak besteak. Bi adibide jarri ditu: Unescok ondare ez-materialari 2003an eskainitako kongresua, eta musika tradizionalari buruz Ortzadar taldeak antolatutakoa bestea. Garai hartan, ahozko folklore tradizioari buruzko dokotoretza ikerketan murgildurik zebilen Asiain bera, eta, beraz, ez zen ezerezetik abiatu ondare ez-materialari eskainitako dokumentazio zentroa sortzeko ideia. 2005ean izan zen hori. Eta lekukoz lekuko, herriz herri joan dira geroztik memoriaren mapa eraikitzen. Oroitzapenez oroitzapen.
Bi parte ditu proiektuak. Artxiboa da bata, eta webgunea bestea. Funtsak biltzen dabiltza orain; herriz herri elkarrizketak egiten, alegia. Eusko Kultur Fundazioak eta Labrit Multimedia izeneko enpresa dabiltza lan horretan. Asiainek azaltzen du zeregin horren garrantzia: «Hori da presarik handiena duen lana. Jende zahar horren memoria berreskuratzeko. Kalitate handian grabatutako sekulako ikus-entzunezko material pila daukagu bilduta orain, eta hori da artxiboaren oinarri nagusia. Garai bateko bizimoduaren berri ematen duten jende zahar horien oroitzapena. Horiek ematen dute leku bakoitzak izan duen iraganaren eta nortasunaren berri».
Handia da asmoa, eta handiak dira zenbakiak ere. Baita lana oraindik bukatu gabe egon arren ere. Orotara, 6.000 bat elkarrizketa egin nahi dituzte, eta 1.130 egin dituzte jadanik Nafarroa Garaian, eta 1.300 ere bai, Nafarroa Beherea ere kontuan hartuz. Asko falta dira, baina asko egin dituzte, eta artxiboa badoa pixkanaka pisua hartzen. Dena dela, azkartu egingo da bilketa prozesua hemendik aurrera. Herri txikietan hasi dute lana, eta, beraz, herri handiagoak hartu ahala, errazago egingo du gora elkarrizketa kopuruak. 1.500 bat ordu dituzte bilduak, eta 100.000 pasarte atera dituzte elkarrizketa horiek aztertu ostean. Hori da une honetan artxiboan dagoena.
Amaigabeko lana
Euskara bizirik zegoen lurraldeetan hasi zuten lana. Eta horregatik da nabarmena lanaren bilakaera azaltzen duen mapan bereizketa. Ia bukatuta dago Nafarroa iparraldeko bilketa, eta hasteko dago oraindik euskararen presentzia txikiagoa den guneetan. «Lan handia dago oraindik egiteko», aitortu du Asiainek. Euskara Kultura Elkartearekin ere lanean ari dira Nafarroa Beherean egin nahi dituzten elkarrizketak bideratzeko. «Amaigabeko lana da», aitortu du, belaunaldiz belaunaldi egin beharrekoa.
Garrantzitsua da ondare ez-materialaren funtzioa, Asiainek dioenez. «Herrietako genoma kulturala da», dio. «Horregatik, gorde egin behar dugu, eta gainerako belaunaldiei transmititu, beharrezko bitartekaritza kulturalarekin eta hezkuntza bitartekaritzarekin. Eta, gainera, bitartekaritza horrek jabetza kritikoa sustatu behar du, eta balio positiboak bere egin, eta, bestalde, hain positiboak ez diren balioak ezagutu ondoren, horiek gainditzeko ere balio behar du». Izan ere, hasierako lana baino ez da bilketa. Hedapena eta azterketa zientifikoa ere beharrezkoak dira, artxiboko zuzendari teknikoaren hitzetan. Antropologia, hizkuntzalaritza, soziologia… Hamaika dira ikerketa adarrak.
Badituzte transmisiorako hainbat aplikazio buruan. Turismoa jartzen du adibidetzat. «Otsagabiako elizara joatean, adibidez, eliza ikus dezakezu soilik, baina sakelakoan aplikazio bat sortuz gero, bertan denak ikusi ahalko du bertan egiten den dantza nolakoa den. Edo entzun ahalko ditu leku batekin lotutako oroitzapenak, adibidez». Etxe barruko informazio jarioa da, ordea, garrantzitsuena. Izan ere, belaunaldi arteko transmisioan «amildegi» bat dagoela dio Asiainek. Horretarako egiturak sortzearen beharraz mintzo da horregatik, eta teknologia berriak lagungarri izan daitezkeela uste du.
Zuzeneko historia
Udalen elkarlana izan dute bilketarako, eta haien parte hartzea eskertu du artxiboko zuzendariak. «Oso ongi ulertu dute honen guztiaren garrantzia». Imozko Udala izan da proiektuarekin bat egin duenetariko bat. Hogei bat pertsona elkarrizketatu dituzte bertako herrietan, eta haien lekukotzak biltzen dituen sei DVDko bideo-entziklopedia bat egin dute orain, herritarren eskura jartzeko asmoz. Joxean Iturralde Imozko alkateak azaldu du proiektuaren garrantzia: «Lekukotza bat da. Gure aurrekoek izan zuten bizimoduaren berri ematen duen testigantza bat. Zuzen-zuzenean ikus daiteke, gainera, bideoan. Oso aberasgarria da historia hori zuzenean izatea. Bertatik kontatzen digu bertakoa».
Iturralderen aita izan da bilketa lanean elkarrizketatu dutenetariko bat, eta, beraz, ezinbestean, familiako kontuekin nahasten zaio inguru horretako iraganari buruzko kontaketa: «Gure aitari asko gustatzen zaio azaltzea nola bizi ziren eta zer-nolako aldaketak ezagutu dituzten. Nik uste dut hitz egiteko zaletasun hori eta gertatutakoa kontatzeko duen joera hori ere badela bere buruari gertatu zena ulertarazteko modu bat. Guk ere ezagutu ditugu aldaketak, eta gure garaiko umeen bizimodua eta nire alaben gaur egungoa ezberdina da. Baina gure aitak oso salto handia ikusi du. Eta kontatzerakoan ere sumatzen zaio beren bizitzeko moduari buruzko harridura hori».
Handia da mapa orokorra, baina oroitzapenez oroitzapen baino ezin da eraiki. Eta horretan dabiltza. Ikusezin dena ikusgarri bilakatzen.
Artxiboa ikusi nahi izanez gero, ikusi webgune hau:
www.navarchivo.com
————————–
Gaizka Aranguren. Kazetaria eta Labrit Ondarea enpresako burua: «Neolitikotik ez da bizimodu aldaketa handiagoa izan duen belaunaldirik»
Ezin luzamendutan ibili. Ez, behintzat, ondare ez-materialaren kasuan, eta ez, behintzat, XX. mendeko oroimena eta lekukotasunak bildu nahi izanez gero. Izan ere, zaharrak dira lekuko horiek. Azkar aritzeko behar hori azpimarratu du Gaizka Aranguren kazetariak (Iruñea, 1967) Iruñean, ondare ez-materialari buruzko jardunaldietan. Hura da Nafarroa iparraldean egin den bilketa lanaren arduradun nagusietariko bat, baita lan horretarako sortutako Labrit Ondarea izeneko enpresako burua ere. Urgentziazko bilketa fasea: XX. mendeko oroimena eta lekukotasunak izenekoa hitzaldia eman zuen.
Lekukoen adina da aipatzen duzun urgentziaren arrazoia, ezta?
Bai, hori da. Bada XX. mendeko oroimena gordetzen duen jendea oraindik, baina hiltzen ari dira asko. Ikerlari batzuen arabera, Neolitikotik emandako bizimoduaren aldaketa handiena jasan duen belaunaldia da hori. Hiru faktore aipatzen dituzte aldaketa horren arrazoitzat: ura etxean, argia etxean eta komuna etxean. Bizitza zeharo aldatu zien emakumeei, esaterako, ura etxera eraman izanak, eta argindarrak moldatu egin zituen ordutegiak, esaterako. Gainera, belaunaldi horrek etxean transmisio zuzena izan du, ze familia nuklearra indartuz joan den neurrian, familia barneko transmisioa murriztuz joan da. Horregatik da bereziki aberatsa belaunaldi hori ahozko transmisioari dagokionez. Bereziki garrantzitsua da XX. mendeko aldaketak ulertzeko. Belaunaldi guztiek merezi dute zerbait uztea, baina horrek badu zer esan berezi bat.
Denbora da arazo.
Guk aurreikusten dugu urtero belaunaldi horretako %10 hiltzen dela, eta badaramatzagu urte batzuk horretan. Galdera honako hau da: zenbat denbora gelditzen zaigu belaunaldi hori ongi hartzeko? Badaude, noski, 50 urte izan arren balio handiko ondarea gordetzen duten harri bitxiak ere, baina gero eta gutxiago dira, eta ez dira erraz aurkitzen.
Nola hautatzen duzue nor elkarrizketatu?
Bilketa lanean aurrera egin ahala, sistematizatu egin dugu jendea hautatzeko modua. Gero eta herritarren parte hartze handiagoa bilatzen dugu hautaketan, eta batzorde moduko bat osatzen dugu jende horrekin. Herria XX. mendean nolakoa izan den ezaugarritzen dute horiek, eta horren adierazle izan daitezkeen pertsonak bilatzen dira elkarrizketatzeko.
Bideoz grabatzen dituzue lekukotza horiek. Zergatik?
Joxerra Gartzia bertsolari eta kazetariak aspalditik errana du ahozkotasuna itzuli egingo dela eta idatzizkoaren inperioa bertan behera datorrela. Gero eta gehiago, transmisiorako pantailak bihurtzen dira ezinbertzeko.
Berandu hasi al da bilketa lana?
Ziur berandu hasi garela, eta lehenago hasi izan bagina ere, orduan ere, berandu. Hamar urte lehenago hasi izan bagina, bukatuta legoke belaunaldi horri dagokion lana.