Oskola

Idurre Eskisabel / 2012-11-16 / 168 hitz

Izarok gaztigatu gaitu, umeei gero eta lehenago lapurtzen diegun begirada argi horretatik: «Zergatik doa jende guztia serio eta kopetilun metroan? Zergatik ez doa inor irribarrez?». Eta, aizue, egia. Egin ezazue proba: sartu metroan, edo busean, edo aldirietako trenean, eta taldean dabiltzan nerabe txoroez edo binaka eta hirunaka txor-txor apalean doazen adiskideez gaindi, dena da bekozko, dena zurruntasun, dena hesi.

Parez pare dugu parekoa, 15 zentimetrora haren belaunak. Edo askoz ere hurbilago ibilgailua beteta badoa, haren hatsa geurea baino barrurago nabaritzeraino. Baina ikusiko ez bagenu bezala jokatzen dugu; are, ez balitz bezala. Egin dut proba, eta metro, bus edo trenean bakarrik sartu orduko marra estu eta lehor bihurtzen zaizkit ezpainak, gorputza oskol, eta neu, oro, inor hurbil dakidan eragozteko makina.

Eta hor noa, ondokoaren begirasuna saihesteko trepeta teknologiko berrien pantailetan begia iltzatuta; albokoari adierazkortasunik txikiena ukatzen diodan bitartean, geografikoki ez ezik bizitzan ere urrun samar ditudan lagunekin Facebook, Twitter eta Whatsapparen bidez emotikono irribarretsu, algaratsu, negarti, maitagarri eta iserikarien aldaerak trukatu eta trukatu. Horixe, emozioen bila hezur-haragizko emozioetatik ihesi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.