Juan Luis Zabala / 2012-11-09 / 561 hitz
Gertaera harrigarri batzuetan oinarritutako istorioa kontatu du Oier Santosek ‘Ez dute erantzun’ nobelan.
Gertakari harrigarri eta misteriotsu batzuek unibertsitatean ikasten hasi berriak diren sei neska-mutilen bizitzak nola aldatzen dituzten kontatu du Oier Santos-ek (Errenteria, Gipuzkoa, 1982) Ez zuten erantzun nobelan (Erein); argitaratzen duen aurreneko liburua du Santosek, baina nekez izango da azkena, idazle sentitzen ez den arren idaztea oso gustuko zeregina baitu.
Unibertsitatean hasi berriak diren Bizkaiko sei neska-mutil dira Ez zuten erantzun nobelako protagonistak, eta haien bizitza berria kontatzen da hasieran. «Zerbait misteriotsua gertatzen da, eta gertaera horrek euren bizitza baldintzatzen du», egileak azaldu duenez. Nobelak haien kezka, beldur eta sentimenduen berri ematen du, hala unibertsitateko bizitza berriari dagokionez nola gertaera misteriotsu horri dagokionez.
«Liburua irakurtzen duenak ikusiko du euskara ez dela oso zaindua edo oso berezia», Santosen ustez. «Kontatzeko gauza bat neukala sentitu nuen, kontatu egin dut, eta hortxe geratzen da, buelta gehiegi eman gabe». Kontaketa ez da lineala, ordea; kontatua ez ezik, kontatzeko modua ere ardura handiz zaindu du idazleak. Christopher Nolan zinemagilearen Memento filma (2000) oso gogoko du, «idealizatuta» dauka, eta film horretatik hartu du kontatzeko modua: «Memento-n zerbait gertatzen da erdian, eta filmak kontatzen du hori atzetik eta aurretik. Nik ideia hori hartu nuen, eta bukaeran beharko lukeena erdian kontatu dut». Misterioa modu dosifikatuan argitzen saiatu da idazlea, irakurlea hasieratik harrapatu eta gero eusteko.
Ezustean iritsi da Oier Santos (Errenteria, Gipuzkoa, 1982) euskal literaturaren plazara, eta oraindik ere harritua dirudi berak idatzitako nobela argitaratuta ikustean. «Nobela 2008an idatzi nuen, langabezian nengoela, denbora nolabait pasatu behar nuela-eta», adierazi du, apaltasunez. «Oraindik ere galdetzen diot neure buruari zergatik egin nuen hori», gaineratu du ondoren, erabaki hura oraindik arrotza egingo balitzaio bezala. Gasteizko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean ikasia da, eta, berak dioenez, «kirolzale amorratua». Langabeziak korrika egitera bultzatu zuen, eta korrika egiteak korrika ari zen bitartean nobelarako ideiei buruan bueltak ematera.
Nobelaren idazketa lana bukatu eta gero, apalean gordeta utzi zuen. «Iaz langabezian geratu nintzen berriro, eta beste liburu bat idazten hasi nintzen. Orduan neska-lagunak esan zidan lehengoa bidaltzeko argitaletxe batera. Nik ez nion zentzu handirik ikusten bidaltzeari, baina orain hementxe dago». Liburua esku artean izanagatik, ordea, ez da idazle sentitzen. «Etxean lore bat jartzeagatik, ez naiz lorezaina». Idazten jarraitzeko asmoa du, hala ere, oso gustuko zeregina duelako; langabezian dago, gainera. Orain idazten hasita dagoen liburuak ekologia du gau nagusi.
Bi itzulpen
Santosen nobelaz gain, beste bi liburu aurkeztu berri ditu Erein argitaletxeak: Ferdinand von Schirach-en Krimenak narrazio liburua, Anton Garikanok euskaratua, Uzta Gorria sailean; eta Tea Obreht-en Tigrearen emaztea eleberria, Miren Arratibelek euskaratua, Narratiba sailean.
Krimenak narrazio liburua, «ez delako generoko liburu arrunt bat» hautatu dute Uzta Gorria bildumarako, Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editoreak azaldu duenez. Egilea abokatu defentsaria da, Berlinen, eta lanbidean ezagutu dituen kasu «bortitz eta gordinetan» oinarrituak dira liburuko narrazioak. «Oso pultsu narratibo ona dauka», Aldekoaren iritziz, «eta igartzen da kasuak oso gertutik ezagutzen dituela. Bizitzatik oso gertu dagoen literatura da. Literaturaren dohainetako bat mundu berriak asmatzea da, baina errealitatean gertatzen direnek modu gupidagabean zigortzen gaituzte askotan. Liburuan kontatzen diren kasuak irakurlea inarrosi eta izutzeko modukoak dira».
Tigrearen emaztea Balkanetan girotutako nobela da, ahozkotasunarekin eta tradiziozko kontaketarekin zerikusi estua duena. «New York Times-en eta gisako aldizkarietan argitaratutako artikuluetan Gabriel Garcia Marquezen nobelekin-eta konparatu izan dute, daukan kontatzeko moduagatik, daukan irudimenezko etorri ikaragarriarengatik». II. Mundu Gerran alemanek Serbia bonbardatzean zoologiko batetik ihes egiten duen tigrea eta haren lagun min bihurtzen den emakumea dira protagonistak.