Gorka Erostarbe / 2012-11-22 / 439 hitz
Bi abezedariotan banatuta irudimenetik nahiz naturatik jasotako 54 piztia bildu ditu ‘Piztiarioak’ liburuan
Ireki liburua A letratik eta, batetik, Akelarreetako piztia azalduko da, eta bestetik, Arratoi-sator larrugorria. Ireki liburua azken letratik, Z-tik, eta beste bi piztiak agurtuko dute irakurlea, Zaldi hegalaria-k eta Zakur-burudun jainkoa-k. Horixe da Jesus Mari Olaizola Txiliku-ren Piztiarioak liburu berriaren funtsa. Abezedarioaren arabera antolatutako bi piztiarioz osatu du liburua, eta Elkar argitaletxearekin plazaratu berri du. Txilikuk berak azaltzen du argi zer den piztiarioa: «Liburu bat da, gehienetan irudiduna, eta animaliak gai dituena, eta haien izaera nolakoa den eta zer ohitura dituzten argitzen saiatzen dena». Animalia horiek bi modutakoak izan daitezke: «Batzuetan benetako animaliez aritzen da, baina ez da harritzekoa benetakotasuna irudimenarekin nahastea. Beste batzuetan asmatutako animaliak deskribatzen dira, besterik gabe. Piztiarioetan deskripzioa ez da behin ere deskripzio hutsa izaten, beti izaten ditu aldamenean sineskeriak, adierazpen moralak eta etsenpluak. Badu beti irakatsi nahia».
Piztiarioa ez da entsegu liburu bat. Ez da dibulgazio lan bat. Ez da nobela. Ez dira ipuinak. Bere horretan du indarra, generotzat har liteke, Erdi Aroan Ingalaterran eta Frantzian bereziki indartutako generotzat. «Ez da erraza esaten zer den. Zineman aipatzen den dokumental faltsuaren antza izango luke, agian». Zientzia eta liburua uztartzen ditu idazleak liburuan, Txilikuren bi zaletasun handi bestalde, baina helburua «literarioa da», haren hitzetan; idazlearen kezkek, nahiek, beldurrek eta abarrek isla dute liburuko piztia horietan.
Irudimenak sortutako piztiak liburuetan bilatzea «aspaldiko zaletasuna» du Txilikuk. Juan Luis Baroja Collet artista lagun hartuta Piztiario bat sortu zuten, hark egindako 26 grabatu izanik lanaren oinarri. «Benetako piztiarioa izan zen hura, Erdi Aroko haien antzekoa». Liburu berria egiteko proposamena Xabier Mendiguren Elizegi Elkarreko editoreak proposatu zion, baina oraingo honetan, animalia benetakoak ere sartu zituen: «Animalien bila hasita, piztiarioetan agertzen diren piztiek adinako lilura sortzen zituztenak aurkitu nahi nituen, irudikatzen ere zailak egiten zaizkigun benetako animalia arraro batzuk». Espezie horretakoak dira, esaterako, fugua arraina, glaziarretako herensugetxoa intsektua, hiena pikarta edota kapibara.
Orotara, 54 piztia bildu ditu liburura Txilikuk. Letra bakoitzarekin bi piztia hautatu ditu. «Lehenengo alfabetoko 27ak irudimenak sortutako animaliak dira guztiak, antzinako piztiarioetatik eta fantasiazko liburuetatik ekarritakoak. Beste 27ak benetako animaliak dira, naturaren arauetara eta eboluzioaren bidera lerrotuak, arraroak baina benetakoak».
Antzinako tradizioetatik ekarritakoen artean badira euskal mitologiak elikaturikoak, lamiarena esaterako, edo bestelako tradizioetan oihartzuna lortutakoak. Honela dio, adibidez, Jinshin-Uwo-ri buruzko testuaren hasierak. «Jinshin -Uwo izeneko aingira erraldoiak bere bizkar gainean darama Japoniako uharte-multzoa. Jinshin-Uwok bizkarra mugitzen duenean, lurrikarak (edota tsunamiak sortzen dituzten it0sasikarak) sortzen dira Japoniako lurraldeetan».
Piztien bilaketan ordu asko pasatu ditu Txilikuk Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian, «eta are ordu gehiago Interneten informazioa biltzen eta bildutako informazio hori baieztatzen». Liburuko marrazkiak Jose Belmontek egin dizkio. Hark ere Internet eta liburuetan egin du dokumentazio lan handiena.