Arantxa Iturbe / 2012-11-11 / 245 hitz
Seko enamoratua nauka. Ez dut argitu oraindik enamoratzeko arrazoien zerrendan biok gustu, bokazio eta amets bereko izateak puntuak eman edo kendu egiten dituen (muturretakoek elkar erakartzen dutela ere esaten dute), baina gure kasuan konpartitzen ditugu hirurak. Zenbat eta denbora gehiago elkarrekin, orduan eta lotuago. Zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta estuago. Apartatzeko momentuak min emateraino.
Asko arrimatzen zaizkio. Gehienak zerbaiten bila. Batzuentzat hilabete amaierako diru-saria da pizgarri eta lasai aitortzen dute halakorik ez balitz ez liratekeela inguratuko. Beste batzuentzat norabaiterako zubi da. Bada kuriositatez iristen denik zer jasoko, zer irabaziko, zer ikasiko. Denak daude ondo ikusiak.
Niri ere asko eman dit. Baita nik berari ere. Bizitza erdia baino gehiago. Egunaren hiru herenak. Energiaren ia ehuneko ehuna. Etxerakoan ere gogoa harengan, pentsamentua harengan. Beti, gehiago eta hobeto nola burutik baztertu ezinik.
Gehienek ez didate sinisten. Sinisten didatenak errukitu egiten dira nirekin. Bizitza zer den ez dakienari bezala begiratzen didate. Gaixo ote nagoen susmoz. Eta ez dute ahaleginik egiten ulertzeko. Sekula maitemindu gabekoak ematen dute. Noizbait maitemindu denak badaki zertaz ari naizen. Badaki zer den maite duzuna mimatzeak maite zaituenak mimatzea adina asetzen zaituela, ematen dizunak adina ematen diozunak. Badaki maite duzuna maitatzea gehienen begietara gaizki ikusia egoteak ez duela maitemina baretzen. Badaki maite duzunarengandik apartatzen zarenetik berriro elkartzen zarenera bitartekoa, horixe besterik ez dela, bitartekoa. Badaki edo jakin behar luke.
Seko enamoratua nauka nire lanak. Lan-orduak noiz amaituko marmarka bizi direnak baino dezentez zoriontsuago naiz. Zazpi egunetatik bostetan pozik jeikitzen naiz. Ez errukitu. Neuk aukeratu nuen.