Mikel P. Ansa /2012-11-06 / 1.311 hitz
Dioxinak, beruna, artsenikoa… hondakinak errausteak ehunka gai toxiko sortzen ditu, errausketaren aurkariek ohartarazi dutenez.
Zementu fabriketan hondakinak errausteko asmoak bertan behera uzteko eskatu dute.
Zementu fabriketan hondakinak erretzearekin kezkatuta daude errausketaren aurkako taldeak. Hondakinak erraustuz osasunari kalte egiten dioten gai toxikoak sortzen direla, ingurumena kutsatzen dela eta birziklapenari kalte egiten zaiola uste dute. Salatu dute zementu lantegiek «nazioarteko estrategia» bat abiatu dutela, hondakin gehiago errausteko. Mundu osoko porlan fabrikak ari dira hondakinak errausten, edo errausteko prestatzen.
Kezka horrek elkartu ditu Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Espainiako eta Mexikoko zenbait plataforma asteburuan Altsasun, Nafarroan. Topaketetan hitz egin dute Carlos Arribas Valentziako Ecologistes en Accio taldeko kideak, Fernando Palacios CSIC Ikerketa Zientifikoen Espainiako Kontseilu Nagusiko kideak, Mario Fernandez Osalde elkarteko kideak, Mikel Ikatzategi eta Ainhoa Arrozpide Gipuzkoa Zero Zabor taldeko partaideek eta Mariel Vilella GAIA errausketaren aurkako nazioarteko aliantzako kideak.
Administrazio publikoei eskatu diete hondakinak errausteko egitasmoak bertan behera uzteko, eta zero zabor politiken bidea hartzeko. Mexikoko adibide bat eman dute: Huichapako CEMEX porlan fabrikan hondakinak erraustea debekatu zuen Hidalgoko estatuak, abuztuan. Eskualdeak zero zabor estrategia bat hartzeko prozesua hasi du orain.
Hauek dira Altsasun nabarmendu dituzten kezka nagusiak:
1. Erraustearen irabaziak
Carlos Arribasek azaldu ditu porlan lantegiek hondakinak errausteagatik jasotzen dituzten «onura handiak». Gogorarazi du hormigoiaren produkzioa inoizko krisirik handienean dagoela —Espainiako ekoizleen arabera, 1960ko hamarkadako datuetara amildu da zementu produkzioa—. Aurrezteko beharrean dira zementugileak, eta horretarako baliagarri zaizkie hondakinak. Lehenik, petrolio kokea eta erregai fosilak baino merkeagoak dira hondakinak; bigarrenik, hondakinen kudeatzaile bihurtzen diren heinean, administrazioen laguntzak jaso ditzakete; hirugarrenik, CO2 aurrezteko baliatzen dute. Izan ere, hondakin organikoak erretzen direnean CO2 isurtzen da airera, baina nazioarteko eta Espainiako legeek esaten dute biohondakinak erretzeak «CO22 eragin neutroa» duela. Hori hala da uste delako erreko ez balira ere CO2 hori berdin askatuko luketela.
Legeen ikuspegitik, beraz, hondakin organikoak erretzeak ez du suposatzen CO2 isurtzea. Aldiz, petrolio kokea erretzen dutenean porlan fabrikei CO2 isuriak zenbatzen dizkiete. Hondakinak erreta, CO2 gutxiago isurtzen dutela esateko modua dute. Eta, gainera, isurtzeari utzi dioten CO2 hori isurtzeko eskubideak saldu egin ditzakete. «Negozioa egiten ari dira», salatu du Arribasek.
2. CO2 «neutroa»
Biomasa erretzearen CO2 isurpenak kontatzen ez direnez, eragin perbertsoak sortzen ari dira, Mariel Vilellaren arabera. Esaterako, Kanada egurra esportatzen ari da Europara, biomasa plantetan erretzeko. CO2 hori guztia kontatzen hasi behar dela uste du Vilellak, bestela aldaketa klimatikoa bizkortzen duten jarduerak sustatzen direlako.
Zementu fabriken patronalak esan ohi du, bestalde, hondakinak erraustuz erregai fosilak aurrezten direla, eta hori ere mesede dela ingurumenarentzat. Guztiz gezurtatu du Carlos Arribasek. Zementu fabrikek petrolio kokea erabiltzen dute labeetan batik bat, eta petrolio kokea fuela destilatzearen ondorioz sortzen den hondakin bat da. Kokea sortzea, berez, petrolioa destilatzearen ondorio bat da. «Kokea egongo da, edozein kasutan. Porlan lantegien argudioak ez du zentzurik, beraz: koke erabilera gutxitzeak ez du petrolio erauzketa murriztuko», ohartarazi du Arribasek.
3. Kutsadura salgai
Zementu industriak munduan isurtzen den CO2-aren %5en erantzule dira, Vilellak zehaztu duenez. CO2 isuriak kontrolatzeko Kyotoko protokoloa sinatu ostean, Europak bi neurri hartu zituen: batetik, CO2 isuriak mugatzea; bestetik, CO2 isuriekin merkatua sortzea, gutxiago isurtzen zutenek CO2 isurtzeko eskubideak saltzeko, eta gehiago isurtzen zutenek eskubideak erosteko.
CO2 isurtzeko mugak jartzerakoan, ordea, zementu enpresei mesede egiten dietela salatu du Vilellak: «Airera igortzen dutena baino isurtzeko eskubide handiagoak eman dizkiete». Eta gertatzen da isuritako CO2 baino gehiago izan ohi dutela merkatu horretan saltzeko. «Hori dirua doan ematea da», Vilellak dioenez.
4. Zer dira HEEak?
Hondakinetatik eratorritako erregaiak dira HEEak. Arribasek esan du ez dagoela «argi» zein gai erabiltzen dituzten, horiek ekoizteko. Azterketetan, «denetik» aurkitu diete: plastiko, paper, kartoi, arropa, altzari… Baita materia organikoa ere. HEE horiek, ustez, hiri hondakinen errefusarekin egiten dira, normalean tratamendu mekaniko-biologikorako plantetan. Nahasita jasotako etxeetako hondakinak bereizi egiten dituzte planta horietan, eta birziklatu ezin denari hezetasuna kendu eta pastilla batzuk egiten dituzte. Hondakinak erretzen lehenago hasi ziren porlan fabriketan; HEEak 2000ko hamarkada hasieran agertu ziren, Alemanian.
5. Hierarkia, iraulita
Europako Batasunak 2008az geroztik zehaztua du hondakinak kudeatzeko orduan zeintzuk diren lehentasunezko tratamenduak eta jarduerak: lehenik prebentzioa, hondakin gutxiago sortzeko; jarraian, berrerabiltzea; ondoren, birziklatzea; besterik ezean, balioztatzea, esaterako energia sortuz; eta azkenik, hondakinak zabortegira jaurtitzea. «HEEek hierarkia hori hankaz gora botatzen dute», ohartarazi du Arribasek. Azaldu du birziklatze planta asko egokitzen ari direla HEEak ekoizteko. Horrek esan nahi du berrerabili edo birziklatu ahal izango liratekeen gai asko HEEak egiteko prestatzen ari direla, gurpilak adibidez: «Birziklapenari kalte egingo dio».
6. Merkurioa airean
Hondakinak erre, edo ez, eta legezko mugak errespetatu, edo ez, airera kutsatzaile toxiko ugari isurtzen dituzte zementu fabrikek, labeak dituzten industria guztiek bezala. Airera isurtzen dituzten kutsatzaile asko ez direla zenbatzen abisatu du Arribasek. Olatzagutiko Cementos Portlandek, esaterako, ez du neurtzen zenbat poliklorobifenilo (PCB) eta zenbat merkurio isurtzen duen. Petrolio kokea sufrez eta metal astunez «oso kargatua» dagoela zehaztu dute Arribasek eta Fernando Palaciosek; errausteak, sufrea eta metal astunak askatzen ditu airera, beraz. Azken urteetan zementu produkzioa gutxitu da eta CO2 gutxiago isurtzen dute zementu plantek, baina merkurio isuriek gora egin dute. «Ez du zerikusirik izango HEEak erretzearekin, ezta?». Galdera airean utzi du Arribasek.
7. Legezko mugak
Errausketa prozesu guztietarako, legezko muga batzuk daude, tximinietatik isurtzen dituzten gai toxikoak kontrolatzeko. Legezko muga horiek zalantzan jarri dituzte, ordea, Arribasek, Palaciosek eta Fernandezek. «Legezko mugak ez du zerikusirik osasuna eta ingurumena babestearekin», Arribasen hitzetan. Merkurioarekin gertatzen dena esplikatu du: zementu fabrika bakoitzak baimena du urtean 72 kilo merkurio isurtzeko airera. Hori legezkoa izan daitekeen arren, zilegi den dudak ditu. Mugak muga, dioxinen kasuan esaterako, «punturik txikiena ere kaltegarria» dela zehaztu du Mario Fernandezek.
8. Kimikaren bideetatik
Olatzagutiko Portlandek zer hondakin erreko lituzkeen hartu du adibide Palaciosek, zer gai toxiko sortuko diren xehatzeko. Ingurumen baimenaren arabera, egurra, altzariak, paper pasta, kartoia, araztegietako lohiak, plastikoa, kautxoa eta HEEak erre ahal izango lituzke. Araztegietako lohiek, esaterako, ia miligramo bat merkurio izan dezaketela gogorarazi du. «Hori erraustea astakeria bat da». Pinturak erreta beruna eta metal astunak askatzen direla erantsi du, eta plastiko arruntena den polietilenoa errausteak bentzenoa eta toluenoa sortzen dituela, eta pneumatikoak erretzeak, berriz, bentzenoa eta butadienoa.
9. Osasunari ezin eutsi
«Substantzia arriskutsuz betetako gaiak erreko dira», ohartarazi du Palaciosek. Ingurune industrialetan gertatzen dena nabarmendu du: isuritako metal astunak lur azalean geratzen dira —iragazkiak jarri arren kantitate batzuek beti ihes egiten dutelako, legezko mugen barruan bada ere—, eta baratze eta larreei eragiten die. Metal astunak barazkietara eta abereetara pasatzen dira, izakien elikaduran sartzeraino.
«Kutsadura kimikoa da humanitatearen zartailu nagusia», epaitu du Fernandezek. Datu batzuk eman ditu: zazpi umetik baten asma du; bikoteen %15ek arazoak dituzte umeak edukitzeko; alergiak bikoiztu egin dira hogei urtean; umeen minbiziek gora egin dute azken urteetan… Kutsadura toxikoa lotua dago gaitz askorekin, Fernandezen arabera, nahiz loturak frogatzea kosta egiten den gehienetan; zehaztu du, nolanahi den ere, gaitz baten atzean ez dagoela arrazoi bakar bat.
Fernandezek gogora ekarri du 2011n Estokolmon konposatu toxiko iraunkorrak (KTI) ezabatzeko 127 estatuk sinatu zutela akordio bat. KTIak «toxikoak dira, iraunkorrak eta bioakumulagarriak». Bifenilo polikloratuak, dioxinak, furanoak, plagizida organokloratuak, hexaklorobentzenoak… sartzen dira KTIetan, besteak beste. Ez dira naturan aurkitzen, baina erraz itsasten dira izaki bizidunetara. Gantzari itsasten zaizkio errazen, ama esnearen grasari adibidez. Esnekietara, haragira, landareetara… iristen dira, eta gorputzak pilatu egiten ditu, ezin baititu tratatu.
KTI horiek era askotako eraginak izan ditzakete osasunean, Fernandezen hitzetan: minbizi eragileak dira, tumoreak sor ditzakete, nahasmendu neurokonduktualetan eragin —arreta galtzea, hiperaktibitatea…—, sistema immunologikoan eta neurologikoan kalteak egin, diabetesa sortu, ugalketa sistema, sistema endokrinoa eta nerbio sistema kaltetu… Umeen garapen neurologikoan eta psikomotrizitatean ere eragina izan dezakete, fetu barruraino ere sar litezke eta. Datu zehatz bat eman du Fernandezek: haurdunaldien %15-20 ez dira bukatzen, «abortu naturalak gertatzen ari direlako». Nafarroan, 2010ean, lehen heriotza kausa tumoreak izan zirela jakinarazi du.
10. «Zuhurtzia»
Kontuan hartzen bada, gainera, merkurioa, kadmioa, kromoa, nikela, artsenikoa… eta beste ehunka gai askatzen direla errausketa prozesuetan, «zuhurtasun printzipioa» ezarri behar dela uste du Osaldek. Alegia, Unescok Parisko Deiadarrean galdegin zuena, 2004an. «Gero damutzea baino, zuhurtasun printzipioa ezartzea hobe dela uste dut». Arriskutsua den zerbait kontrolatzen saiatzea baino, saihestea eraginkorragoa dela zehaztu du, Albert Einsteinen esaldia gogoan: «Inteligentziak arazoak konpontzen ditu; jakinduriak aurrea hartzen die».