Imanol Mercero 7 2012-10-28 / 188 hitz
- Izenburua: Gorila bat: zenbatzeko liburua
- Egilea: Anthony Browne
- Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni
- Ilustratzailea: Anthony Browne
- Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka
Gutxitan iragartzen dugu halako albisterik: mundu osoan ospea duen ilustratzaile eta idazle ingeles baten obra bat plazaratzean, ingelesezko originala ez ezik, aldi berean euskarazkoa ere argitaratu dute.
Idazlea Anthony Browne da (Sheffield, 1946). Haur literatura estetikatik harantzago eramateaz arduratzen den album egilea. Gurean ezaguna da Urdaburutarrak edota Kezakamuxelak lanengatik, kurioski tximurik agertzen ez duten Browneren obra bakanetako bi. Nazioarteko sariak Gorilla (1983) albumarekin iristen hasi zitzaizkion, baina, sariez gain, kritikarien eta irakurleen onespena dira britainiar liburugile horren bertute handienak.
Gorila bat tamaina handiko albuma da, azalean gorila bat dakarrena, egiantzekotasun handiarekin marraztua, irribarretsu eta herabe.
Barruan, bi-orriko bakoitzeko primate mota bat dakar: gorila bat, bi orangutan, hiru txinpantze… hamar lemur. Jarraian, zenbakirik gabe jada, Browne beraren erretratua dago, primatea dela aldarrikatzen, eta azken bi-orrikoan arraza, sexu eta adin ugaritako jendea, familia berekoak denak, primateak, diotso.
Hortaz, zenbaketa lantzeko liburu bat da albuma, baina baita primateen erretratu bilduma bat ere, gizakion primate izaeraren aldarrikapena zein eboluzioaren teoriaren aldarrikapena eta, noski, zoologia tratatu txikia.
Ezin gehiago eskatu 32 orrialdeko liburu bati. Adin guztientzako ezinbesteko bat.