Jabier Agirre / 2012-12-11 / 811 hitz
Gaixotasun neurodegeneratiboa da alzheimerra. Gaitza sortzen duten arrazoiak oraindik ezezagunak dira, baina ezagutza funtzioak egoera onean mantentzea gomendatzen dute adituek.
Urteetan aurrera goazen heinean, ohikoa da oroimenean gero eta akats gehiago gertatzea. Zahartze prozesuaren ezaugarrietako bat da, eta ez luke kezkatzeko arrazoia izan behar. Baina ahaztura normal horiek beste sintoma batzuekin agertzen direnean, orduan agian badago susmo txarrak izateko motiborik. Alzheimerra bezalako gaitzek kezka handiak eragiten dituzte gaur egun herritar arrunten nahiz osasun-adituen artean, eta baliabide material asko eskaintzen zaizkie gaitz horiei. Alzheimer gaixotasunaren inguruan gauzak zertan diren azaltzen saiatuko naiz bi saiotan, gaurkoan detekzioari eta prebentzioari arreta berezia emanez, eta tratamenduaren alorra hurrengorako utziz.
Gurea bezalako gizarte batean, bizi-itxaropen gero eta handiagoa da Alzheimerren gaitzaren kasuak ugaritzearen arrazoi nagusia. Gaur egun 55 urtetik gorako populazioaren % 5-7 gaixotasun horrek jota dagoela kalkulatzen dute osasuneko adituek.
Gaixotasun degeneratiboa
Alzheimerra gaixotasun neuro-degeneratiboa da, neuronen eta neuronen artean ezartzen diren konexioen hondamen eta narriadura progresiboa sorrarazten duen gaitza, alegia. Gaixoen pentsamenduan, oroimenean eta mintzairan eragiten du.
• Jatorri ezezaguna. Mutazio genetiko baten ondorioa izan daitekeela uste den arren, gaitza sorrarazten duten arrazoiak ez daude argi oraindik. Badira, dena den, gaixotasuna jasateko arriskua handitzen duten faktore batzuk. Esaterako, alzheimerrak jota dagoen hurbileko senideren bat edukitzea, edo arrisku-faktore baskularren bat (hipertentsioa, tabakismoa, hiperkolesterolemia, diabetesa…) edukitzea.
• Sintomak. Gaitz honen sintoma nagusia oroimenaren akatsak dira: lehendik ikasi edo bizitakoak ahaztu egiten dira, bai epe laburreko oroimenean (pazienteak gertatu berri diren gauzak ahaztu egiten ditu), eta baita epe luzekoak ere (pixkanaka, oroitzapenak desagertuz doaz). Horrez gain, pentsamendu-mailan eta judizioan ere arazoak agertzen dira eta gaixoaren pertsonalitatea edo nortasuna aldatu egiten da. Gero eta usuagoak eta larriagoak diren ahanzturez gain, eguneroko bizimoduan ordura arte bere kasa egiten zituen ohiko eginkizunetarako (janzteko, garbitzeko, jateko…) zailtasunak eta orientazio falta izango ditu gaixotasunak jota dagoenak, baita bat-bateko izaera-aldaketak ere.
Gaixotasunaren etapak
Alzheimerraren sintomek okerrera egingo dute pixkanaka, denboran aurrera goazen heinean. Adituek hiru etapa edo estadio ezarri dituzte gaixotasunaren eboluzioaren barruan, pazientearen egoera baloratzeko baliagarriak gertatzen direnak:
• Hasierako alzheimerra. Sintomak arinak dira. Oroimen-galera, esate baterako, oharkabean pasa daiteke. Denborarekin, ordea, ahanzturak eguneroko jarduera normalak (erosketak egitea, gidatzea eta antzekoak) modu negatiboan erasaten hasiko dira. Zailtasun horiek nabaritzean, gaixo batzuk urduri jarri, eta egoera oker daiteke.
• Tarteko alzheimerra. Fase honetan, gaixoak laguntza behar du janzteko, garbitzeko, jateko… eta bere inguruan etengabe adi egon beharra dago, desorientatu eta kalean, adibidez, maiz samar galdu egiten baita. Oroimen-galerak eta gainerako alterazio neurologikoak begi-bistakoak dira jadanik. Hala ere, zenbait kasutan erasandako pertsona elkarrizketa normal bati eusteko eta gizarteko portaera ohiturak betetzeko gai da oraindik. Baina fase honen amaieran, usuena mintzairaren alterazioak agertzen hastea da.
• Alzheimer aurreratua. Pazientea senideen edo zaintzaile/laguntzaileen erabat mendeko bihurtzen da, eta ezin du inolako kanpo-harremanik mantendu. Mugimenduak motelak eta baldarrak dira. Portaera erasokorrak eduki ditzake, eta baita loaldiko alterazioak ere. Mailarik aurreratuenetan gaixoak ez du hitz egiten, ezin die pixari eta eginkariei eutsi eta ez da gai ohetik jaikitzeko ere.
Nola diagnostikatzen da?
Espezialistak gaixoaren osasun-egoera orokorraren eta osasun mentalaren balorazio bat egingo du, hurrengo puntuetan lortutako datuen arabera:
• Historiala. Gaixoak bai iraganean izan dituen eta baita une horretan ere izan ditzakeen arazo mediko guztiak aztertzen dira, diabetesa, hipertentsioa edo kolesterola bezalako gaitzei arreta berezia jarriz. Horretarako, odol eta gernu-analisiak egin daitezke. Gaixoaren senideei edo ingurukoei galdetuko zaie ea portaera-aldaketarik izan duen.
• Azterketa neuro-psikologikoa. Pazientearen oroimena, arretarako gaitasuna eta mintzaira aztertzeko proba da.
• Erresonantzia magnetikoa. Garunaren egoera baloratzeko modua ematen du, eta aldi berean bestelako gaitz neurologikoak, garuneko tumoreak edo istripu zerebrobaskularrak baztertuko dira.
Alzheimerrari aurrea hartu al dakioke?
Gaitza sortzen duten arrazoiak oraindik ere ezezagunak dira, baina badira gure ezagutza-funtzioak egoera onean mantentzen lagunduko diguten gomendio-sail bat, edozein dela ere gure adina:
• Zaindu osasuna. Hipertentsioa, diabetesa eta halako gaitz kronikoek, batez ere ondo kontrolatuak ez badaude, oroimenari erasan diezaiokete.
• Saihestu gizentasuna. Oraintsuko ikerketa batek iradokitzen duenaren arabera, gehigizko pisua edo gizentasuna duten pertsonek dementziaren bat garatzeko arrisku handiagoa dute pisu normala dutenek baino. Pisu idealean mantentzea, beraz, oso lagungarria da Alzheimerren gaitzari aurrea hartzeko.
• Egin ariketa fisikoa. Modu erregularrean eginez gero, ariketa fisikoak garunaren funtzionamendu egokiari eusten laguntzen du.
• Utzi erretzeari. Tabakismoa ohitura oso kaltegarria da osasun neurologikoarentzat. Zenbat eta lehenago utzi, orduan eta arrisku gutxiago garuneko narriadura gertatzeko.
• Mantendu aktibo mentalki ere. Irakurri, hitz gurutzatuak edo sudokuak osatu, pazientearentzat interesgarriak izan daitezkeen hitz-zerrendak edo testu laburrak buruz ikasi… Ariketa horietako edozeinek garuna aktibo mantentzen laguntzen du.
• Indartu harreman sozialak. Pertsona atseginen inguruan tarte goxoak pasatzea ere gomendatzen dute (ez senideekin bakarrik, baita lagunekin, auzokoekin… ere).
• Eutsi gogo-aldarte onari. Positiboa izateak eta umore onak gazte mantenduko dute garuna, eta gaitzaren agerpena atzeratzen lagunduko dute.
• Egin dieta osasungarria. Konklusioak erabatekoak ez diren arren, zenbait ikerketaren ustez antioxidatzaileetan aberatsak diren elikagaiek (karotenoideek, E eta C bitaminak…) alzheimerra izateko arriskua gutxitzen dute. Beraz, frutak, berdurak, landare-olioak eta abar kontsumitzea gomendatzen da, eta baita arrain urdinak ere, omega-3 gantz-azido ugari dutelako.