Igor Susaeta / 2012-12-07 / 1.424 hitz
Paris, New York, Dublin eta Buenos Aires, besteak beste, literaturagai bihurtutako hiriak dira. Euskal Herrikoak ere azaldu izan dira narrazioetan, baina euskal literatura modernoa gaztea izaki, oraindik ez da hiri bati buruzko lan erabatekorik egin.
Badira literatura lanen kokagune soil ez ezik literaturagai bihurtu diren hiriak, kapituluz kapitulu edo bertso lerroen artean ibili daitezkeenak. Esaterako, Paris, New York, Dublin eta Buenos Airesen barrena eskutik eramaten dute irakurlea Julio Cortazarrek, Paul Austerrek, James Joycek eta Jorge Luis Borgesek. Kalezuloa paragrafo bilakatzen da, monumentuak xehetasunez betetzen du deskripzioa, eta balkoiak elkarrekin solasean hasten dira elkarrizketa harilkatuz.
Euskal Herrira, euskal literaturara etorrita, Bilbo ilun eta zikina deskribatu dute, edota aldirietako Donostia erakutsi, adibidez. Harkaitz Canok uste du Euskal Herriko hiriek liburu askotan dutela «garrantzia», baina hiri bati buruzko nobela «erabatekorik» ez dagoela. Iratxe Retolaza literatur kritikariak zera nabarmendu zuen El Pais egunkarian, 2005eko uztailaren 31n argitaratutako erreportajean: «Bide honetatik, baserri giroari eta tradizioari gartxuki uztarturik loraturiko euskal literaturaren eraberritzeak hiritartzea izan zuen lehentasun eta erronka nagusi. (…). XX. mendearen azken herenera arte, Euskal Herriko hiriak ez ziren euskal literaturan literaturagai eta gogoetagai izan». Beste herrialde batzuetako literaturaren aldean euskal literatura modernoa gaztea delako ez duela hiri bati buruzko lan erabatekorik, alegia. Izan ere, tamainak ez dauka garrantzirik hiria literaturagai bihurtzerakoan. Itxaro Bordaren iritziz, «ibai bat, industrialde suntsitu bat, gau etengabea, langile alferrak, gatazka zurrunak…» behar ditu hiriak liburuko pertsonaia nagusia izateko. Canorentzat, berriz, «atmosfera» bat, edo tokia «kontrasteduna» izatea «lagungarriak» izan daitezke. Patxi Zubizarretak tamainaren aldagaiari heldu dio: «Edozein megapoli, hiri edo hirixka aski da, kontatzen denak merezi baldin badu». Eta Edorta Jimenezek argi dauka: «Idazleak behar dira. Idazleek egin dituzte Paris, New York eta Buenos Aires literaturagai».
Badituzte ibaiak, gatazka zurrunak, eta industrialde suntsituak Euskal Herriko hiriek; kontrastedunak dira, gainera, eta idazleak biltzen dituzte. Beraz, literaturagai izateko osagaiak baditu hemengo hiri bakoitzak, baina bakar batek ere ez du, oraingoz, obra erabatekorik. Aingeru Epaltzak pentsatzen du, gainera, horretarako «nolabaiteko metatze bat» behar dela. «Hainbat idazle eta hainbat idazlan —are tradizio literario oso bat ere— hiri baten inguruan ardaztuak».
Iruñearen kasuaz mintzatu da Epaltza. Haren ustez, Iruñea literaturan agertu denean, hari buruzko «estereotipo» bat sortu dute: «besta basatiarena». Ernest Hemingwayren The Sun Also Rises (1926) liburuaz ari da. Bestela, pentsatzen du euskarazko nobeletan ez dela Nafarroako hiriburuaz hausnartu, «Sanferminetan giroturiko edo abiaturiko nobelak falta ez badira ere». Hiria nobeletan agertu izan denean, «probintzianoa, ezjakina eta hantustea» dela iruditzen zaio. «Aberats berri eta bere barren hustasunaz eta bere mendekotasunaz harro dagoena. Nireetan, bederen, hala da». Iruñeari buruz euskaraz egindako idazlan gehiago falta direlakoan dago. Canok Jon Alonsorenak aipatu ditu.
Canok, baina, Donostiaz hitz egin du batez ere. Harentzat, Ramon Saizarbitoria da adibide paradigmatikoena. «Haren liburu gehienetan, Donostia oso presente dago. Martutene-n (2012) egiten den hiriari buruzko tratamenduarekin bakarrik tesi oso bat idatz daiteke». Harkaitz Zubiri eta Zakur kale (2007) haren lehen nobela ere ekarri ditu gogora: «Hartan, bete-betean asmatu zuen Donostia burgesa, aukeran epela eta itxurakerian oinarritua islatzen». Canok berak «zailtasunak» izan ditu Donostia kokaleku nagusi gisa hautatzeko. «Horrek, baina, zerikusi gehiago du idazlearen talentu faltarekin». Izan ere, uste du hiri aproposa dela «itxurakeriaren gaia» jorratzeko. «Edo uda giroko istorioetarako, edo malenkonia kostunbrista-gastronomikoa lantzeko». Twist-en (2011) egilearentzat, «aspirazio paristarrak» dituen hiria da. «Itxuraz aurrerakoia, baina apur bat harramazka eginez gero dirudien baino askoz ere kontserbadoreagoa. Kontraesan horiek literatura egiteko gai ezin hobea izan litezke». Jimenezentzat ez dago, «agian», Donostia baino toki hoberik «krimen perfektua» egiteko. «Dena da joan-etorria, dena turistak, dena mozorroa, dena dotorea, hondartza handiak ditu gorputzak lurperatzeko…».
Bilbo «labirintikoa»
Donostian kokatuko luke krimen perfektua, baina iruditzen zaio Bilbon hasi zela hitz egiten literatura urbanoaren premiaz. «Gogoan hartu behar dira Pott Bandaren edo beste askoren gogoetak. Bilbo bera izan da hausnarketa gai, uste zelako Bilbon bertan kokatu beharko zela euskal literaturaren narrazio gunea. Bilbo narratu behar zela esaten zen». Eta narratu zuten. «Batetik, Bilbo zikin eta beltza dauzkagu Sonia Gonzalezen Ugerra eta Kedarra-n (2003) eta Paddy Rekalderen Ragga-ragga dator gaua-n (2006)». Hiria asko aldatu da, ordea, azkeneko 20 urteotan. «Egungo ultra-post guzti horren adibide izan daiteke Lutxo Egiaren Zubigilea (2007) ». Bi Bilbo horien artean, berriz, beste Bilbo batzuk narratu dituzte: «Goizalde Landabasoren eta Irati Jimenezen Branskint (2011) eta Nora ez dakizun hori (2009) lanetan, esaterako, Bilbo magikoa ageri da». Bernardo Atxaga ere aipatu du: «70eko hamarkadako Bilbo. Etiopia-ko (1978) poema batzuk gogoangarriak dira…».
Jimenezek ez dio oso etorkizun handrik ikusten Bilbo post-ari, «Bilbo photoshop, Bilbo lifting, zuri horri», eta pentsatzen du zikina izanik «ezaugarri garbiagoak» zituela. «Orain, garbiagoa izanik, zailagoa da ikustea zein ezaugarri dituen». Jimenezentzat, dena den, hiriaren «izate labirintikoak» joko asko eman dezake. «Gero betikoa dago: Bilbon dirua mugitzen da. Eta dirua mugitzen den tokian krimena sortzen da; ingelesezko tradizioari jarraikiz, esan nahi dut. Lapur zuriak, abokatuak, zikinkeria, ustelkeria… Bilbok hori dauka».
Bordarentzat, berriz, Baiona «handiosa» da euskal literaturan jorratu izan dutenean. «Badauka nahikoa zabor eta argitasun mikatz orrialde asko iluminatzeko. Espazioa ere bai, kultura aniztasuna, iragana, ibai ertzak, lantokiak, urrunean mendiak ikusten dira, nostalgia eta malenkonia parrasta…». Bordak berak hainbat liburutan baliatutako Amaia Ezpeldoi detektibeak, esaterako, ongi ezagutzen ditu hiriko kaleak. Uste du, halere, bere aurretik Jean Etxeparek garatu zituela «soldadu istorio batzuk Baiona Txikiko karriketan».
Agian ez da gehiagotan agertu egoera linguistikoarengatik. Gasteizi dagokionez, behintzat, hori iritzi dio Zubizarretak. «Egoera editorialak ere izango zuen zerikusia». Gainera, kontu bitxi bat gogorarazi du: «Aspalditxo, Arabako Diputazioa diru laguntzak ematen hasi zen, Gasteiz idazleen narrazioetan ager zedin. Kanpoko idazleei ostatua ere eskaintzen zitzaien trukean». Halere, aipatu ditu hiriarekin lotura duten lanak: «Xabier Montoiaren ipuinak, Iban Zalduarenak, Karmele Jaiorenak, Jon Arretxerenak…». Jimenezentzat, esaterako, Montoiaren Gasteizko hondartzak (1997) «eredugarria» da.
Paisaia, pertsonaia
Istorioa hirian kokatzen denean, edo hiria denean protagonista, kontakizuna markatzen duenean, alegia, Jimenezek uste du «paisaia pertsonaia» dela. Bere nobeletan, esaterako, Bilbo pertsonaia bat dela nabarmendu du: «Bere bizitzarekin, bere momentuekin, bere gorputz horretan dituen atal ezberdinekin…». Canoren iritziz, «modu askotan» markatzen dute hiriek nobela bat. «Hiria handia bada, garraio publikoetan edo autoetan galdutako denbora narrazioaren bizkarrezur bilaka liteke. Gogoratu, adibidez, Los Angeles eta haren inguruko ingurabideak eta abarrak, errepideetako literatura egitea ahalmentzen dutenak». Epaltzarentzat, berriz, hiririk gabe ez daiteke nobela modernoa uler. «Hiria da gaurko nobelagintzaren antzeztoki naturala». Borda areagoa joan da: «Hain da gutxietsia hiriaren irudia gure artean… Euskalduna, oinarrian eta ideologian, izan aitzinako kontserbadorea zein gaurko abertzale ezkertiarra, baserritarra da funts-funtsean, eta ez du hiria onartzen».
Beraz, iruditzen zaio euskal literaturan hiriari buruzko lan erabatekorik ez egotea ez dela gaztetasunaren ondorio. Epaltzak kontrako iritzia dauka: «Euskal literatura gaztea da, eta oraindik falta zaizkigu hiri horiek literario bilakatuko dituzten idazle itzal luzekoak. Gure Victor Hugo, John Dos Passos edo Bioy Casares ez dira oraino ari». Baditu idazleak euskal literaturak, baina ez du hiriari buruzko nobela erabatekorik, Parisek, New Yorkek, Dublinek eta Buenos Airesek bezala. «Tira, haiek ere milioiak eta milioiak dira… Hori bai, hiria kontatu nahi duenak erronka ederra dauka», gaineratu du Jimenezek.
—————-
Calvinok esan zuena baieztatuz
Hiriak bisitatu egiten dira haiei buruzko literatura lanek erakarrita. Gero, horri zinemaren eragina gehituta, ‘déjà vu’ sentipena eduki dezake irakurleak.
Canori «pentsaezina» egiten zaio paseo luze bat ematea Parisko kanposantuetan «Cortazarren Rayuela (1963) liburuan pentsatu gabe». Edo Austerren The New York Trilogy (1985-1986) hiritik banatzea. Izan ere, hiriak bisitatu egiten dira haiei buruzko literaturak erakarrita. «Ez hiriak bakarrik, baita herrialdeak ere», argitu du Canok. «Literaturaren bidez ezagutu ditut ia beti lehenbizi, eta gero bertara bidaiatu. Alde horretatik, niretzat hiri gehienak daude aurretiaz literaturaz blai, sugestio eta erreferentzia literarioz lepo». Azken «lilura» Mexiko Hiriak sortu dio, Roberto Bolañok «eta beste hainbat idazlek» baldintzatuta. Epaltzarentzat, literatura ez zen «arrazoi bakarra» izan Pragara joateko: «Baina han nonahi ikusi uste izaten nuen Hrabalen, Haseken edo Jan Nerudaren itzala».
Florentzia aipatu du Bordak: «Danteren komedian herrokatu lekuen bila». Viena ere bai, «Arthur Schnitzleren ipuinak ahurrean». Laster Dublinera joango da, Bloomen bidetik bere «odisea partikularra» osatzera. Klasiko bat ekarri du gogora Zubizarretak: Lisboa. «Propio joan nintzen Surexpresoan. Gasteizen gauerdian hartu, eta Santa Apoloniako geltokian nintzen goizean. Bidaia bera da literarioa. Eta hain zuzen ere, Xuan Bellori esker ezagutu nuen British Bar kutuna».
Italo Calvinok esaten zuen Parisera joanez gero irakurleak hiria ezagutzen zuen irudipena edukitzen duela literaturaren eraginez. Zubizarretari Austerren liburuekin gertatu zitzaion, baina «zirrararik handiena» Julio Llamazaresen La lluvia amarilla-rekin (1988) sentitu zuen. «Nobela kokatu zuen Ainielle herrixka abandonatuan izan zen, Pirinio aragoarrean». Calvinok esaten zuenaren «gisako zerbait» Berlinen sentitu zuen Epaltzak: «Doblinen, John le Carreren edo Solmssenen liburuak gidari nituen zenbait aldetan». Canoren iritziz, halakoak ez dira literaturaren eragin soilagatik gertatzen: «Neurri batean, filmei ere asko zor zaie». Jimenez ez da inoiz hiri batera joan literaturak erakarrita, baina zinemaren ondorioz «déjà vu» sentsazioa eduki zuen Parisen. Liburuetan ez da sentitu «hiriaren barruan», baina onartu du baduela Dublinera joateko «tentazioa», Joycek erakarrita.