Iratxe Esnaola / 2012-12-02 / 481 hitz
- Izenburua: Krimenak
- Egilea: Ferdinand von Schirach
- Itzultzailea: Anton Garikano
- Argitaletxea: Erein
Ez dakit zerk erakartzen gaituen horren bizi krimenen narrazioetara, gutako edonoren baitan hiltzaile estali bat izan badela susmatzeak edo gogoaren xendra bihurrien irudimen hutsak, baina izan fikzioaren bitartez, izan dokumentazio lanez, ba al da okzidenteko herriotan krimenak adina interes pizten duen gairik? Errealitate tanta batzuekin eta fikzio lurrunekin osatu du Ferdinand Von Schirach abokatuak (Munich, 1964 ) 11 ipuineko bilduma hau, azken urteetan Alemania astindu bide duten eta berak ikertu izan dituen hainbat krimen kontakizun bihurtuz, gizakien bizitzen gorabeherez jardun nahian, dioskunez. Deus ez dakit zigor legeetan jarduten diren abokatu defentsariez. Alta, arrunta izan ohi da krimen batek iritzi publikoa astintzeko atentzio mediatikoa jasotzen duenean, eta ustezko hiltzailea topatua delarik, beronen kargu egiten den abokatuak sortzen digun intriga. Horixe duzue, bada, Ferdinand Von Schirach. Erruak ez dio axola eta bere egiteko bakarra bezeroa babestea da. Kontakizunokin ez du epaitu nahi, ez du sistema judizialaren zilegitasunaz gogoeta egin nahi, are gutxiago nahi du jendarte batean zigorrak behar lukeen lekuaz ezer iradoki. Pertsonaiak eraiki dituen moduagatik edozein hiltzaile bihur dezaketela (daitekeela) pentsatzera garamatza, halabeharrak, beharrak edo usteek akuilaturik. Liburuko merituetarik bat besteak eta kriminalak bereizten dituen hesia behera botatzea da, normaltasunaren eta kriminaltasunaren mugak dantzaraziz.
Pertsona errealak eta euren kasuak ezagutu dituelako izango da pertsonaiak osatzerakoan zertzelada zehatz zuzen berehalakoz karakterizatzen dituela, berdin ekintzak eta iragana, flashback-a bidelagun, gehienetan, ipuin erakargarriak osatuz. Fahner ipuinean senarrak bizi osoko tratu txarra eragin dion emaztea akabatzen du goiz batean. Tanataren te-katiluan eskrupulu gabeko gizonen erailketak dakusagu. Txeloan, berriz, maitasunak eragin heriotza bat (emakume batek egina eta bildumako bakarra), neba ezindua akabatzean. Pentsatzen nuenaren aurka, krimenetan ez dira erailketak bakarrik kabitzen, hildakorik gabe ere berdin baita krimen. Horrela, mutiko baten kasu klinikoan zentratzen da Berdea, eta Trikua iragan sufritu baten ondorioak pairatzen dituen prostitutaren patu petrala da. Urdail guztientzako liseritzeko erraz izango ez diren ipuinak ere badira tartean, pertsona jaleak, gorpu zatikatze basatiak, bi kontutxo aipatzearren. Imajinatzen dut Alemanian liburuak lortu arrakasta lotua dagoela kasuen egiazkotasunarekin, irakurleek kasuak lehendik ezagutu izanarekin. Hasierako ipuinetan narratzailea (abokatua) ez da nabarmentzen ez bada kasua eramateko deia jasotzen duen unean, eta aurrera eraman beharreko eginbideei dagokienez. Geroz eta gehiago sartzen du muturra aitzina egin ahala, eta narrazioan harilkatzen da pertsonaia bat gehiago bihurtu eta epaitegi, fiskal, epaile eta enparauen deskribapenak txertatuz, baita pertsonaiei beraiei aholkuak emanez, Etiopiarra izeneko azken ipuinean kasuari buruzko iritzia ematen amaitzen duen arte. Atzerriko irakurle honentzat, fikziotik zer zuen eta errealitatetik zer jostatzen zebilen honentzat, indar hori galtzen du presentzia nagusitu ahala, berez, susmoa ondo ereina baitzidaten hitzaurreko hitzek, Werner K. Heisenberg-i lapurtuek: «Hitzez adierazten dugun errealitatea inoiz ez da errealitatea bera», eta halaber, amaierako Ceci nést pas une pomme, Rene Magritteren obraren aipuak. Baiki. Ipuin denetan sagar bat agertzen da. Jolas zaitezke hura aurkitzera eta zer den egi eta zer gezur asmatzera, dena delakoa izanda ere egiazkotasun hori, benetakotasunik, behintzat, ez zaie eta falta ipuinoi.