Botika atseginago bat

Amaia Portugal / 2012-11-29 / 575 hitz

Berenice proiektuaren helburua Chagasen eritasunari aurre egiteko tratamendua hobetzea da; EHUko talde bat eta Arabako enpresa bat ari dira horretan lanean.

Chagasen eritasuna «ahaztutako gaitza» dela esan ohi da. Mugarik Gabeko Medikuek, esaterako, gaixotasunaren inguruko erakusketa ibiltari bat daukate martxan (Gasteizen egon da berriki), ahaztura hori salatzeko eta kontzientziazioa pizteko. Izan ere, munduan 10-15 milioi lagunek pairatzen dituzte haren kalteak, eta milaka hiltzen dira urtean. Latinoamerikan nagusiki, herritarren %25ek baitute kutsatua izateko arriskua. Eta, hala ere, duela 35 urte garatutako bi botika oso toxiko dira hura tratatzeko alternatiba ia bakarra oraindik: benznidazol eta nifurtimox.

Hain zuzen ere, benznidazol botikan oinarritutako tratamendua eraginkorragoa eta eramangarriagoa izateko helburuarekin, zenbait erakundek Berenice proiektua jarri dute martxan. Europako Batasuneko Zazpigarren Esparru Programak finantzatzen du, eta Euskal Herriko bi ordezkari daude parte hartzaileen artean: EHUko NanoBioCel ikerketa taldea eta Miñaoko Teknologia Parkeko Praxis enpresa farmazeutikoa.

Latinoamerikan vinchuca deritzoten intsektuaren bidez kutsatzen da nagusiki Chagasen eritasuna. Berez, parasitoa hartu dutenen artean %30ek bakarrik pairatzen dituzte benetan gaitzaren ondorioak, eta litekeena da urteak igarotzea sintomak agertu arte. Baina parasitoa oso zabalduta dago, eta sintomak azaltzen diren kasuetan, ondorioak larriak dira: bihotzeko arazoak, digestioarekin zerikusia duten gaitzak, bai eta heriotza ere.

Eusebio Gainza Praxis enpresako I+G arduradunak azaldu duen bezala, benznidazol da hura tratatzeko aukerarik onena, baina ez da aski. Izan ere, kasu kronikoetan %40tik beherakoa da sendatze tasa, eta, gainera, gaixoen %15ek utzi egin behar izaten diote botika hartzeari, zehar kalteak jasanezinak zaizkielako.

Irtenbide gisa, benznidazolen printzipio aktiboari nanopartikulak gehituko dizkion formulazioa garatzea proposatu dute proiektu honetan. «Mikroorganismo guztiek bezala, parasitoek mintza dute inguruan, eta mintz hori oso hidrofoboa da. Horregatik, ura baliatzen duten produktuek (hori da benznidazolen kasua) arazoak izaten dituzte mintza zeharkatzeko eta parasitoa hiltzeko. Baina nanopartikulak jarriz gero, errazago sartzen dira», azaldu du Gainzak.

Bioerabilgarriagoa

Botikaren eraginkortasuna handitzea da asmoa. Tratamenduak kopuru txikiagoekin egin ahal izatea eta farmakoak gaixoaren odolera jotzea zuzenean, bidean gibelari eta beste organo batzuei kalterik egin gabe.

Hala azaldu du Jose Luis Pedraz EHUko NanoBioCel taldeko ikertzaile nagusiak: «Nanopartikulekin, bioerabilgarritasuna handiagoa izatea nahi dugu. Horrek dosia txikitzeko aukera emango liguke, eta, horrela, toxikotasuna eta kontrako efektuen eragina murriztuko genuke». Egoitza Madrilen duen Ciber-Bbn biomedikuntzarako ikerketa sarean sartuta dago Arabako Farmazia Fakultateko NanoBioCel taldea, eta bertako kide den heinean ari da proiektu honetan parte hartzen.

«Guk produktuaren birformulazioa garatuko dugu, nanopartikulen osaketaren bitartez. Chagasen eritasunari buruzko proiektu batean lan egiten dugun lehen aldia da, baina esperientzia handia dugu mikroteknologia eta nanoteknologia farmazeutikoen erabileran, eta hori aplikatuko dugu botika garatzeko», azaldu du Pedrazek. Ondoren, proiektuko beste kide batzuei egokituko zaie animaliekin in vitro azterketak egitea, tratamenduaren eraginkortasuna neurtzeko.

Jarraian, animalietatik gaixoen proba klinikoetara igaro baino lehen, Praxisen txanda izango da: botika egokitu beharko dute, industrializatzeko baliagarria izateko moduan. Gainzak adierazi duenez, «animaliekin egindako probak ondo ateratzen badira, proba egin behar dira laborategi farmazeutiko batean, farmazia kondizioetan». Egiteko horretan, Argentinako Elea laborategiekin elkarlanean jardungo dute: «Oraintxe bertan, haiek dira munduan benznadizol garatzen duten bakarrak».

Praxisen kasuan, ez da Chagasen eritasunari aurre egiteko proiektu batean parte hartzen duten lehenbiziko aldia. Lehen ere aritu ziren triatoma birusa, zeinak gaitza eragiten duen vinchuca intsektuari eraso egiten dion, ikertzen zuen proiektu batean, bai eta Pilar Mateo ikertzailearekin elkarlanean, vinchuca bera hiltzeko ahalmena duen margo bat garatzen.

Berenice proiektua, berriz, hasi besterik ez da egin, eta bost urterako finantzaketa du. Hiru urteren buruan proba klinikoei ekiteko moduan egotea espero dute; formulazioak, ezarpen industrialak eta balioztatzeak bukatuta. Helburua zaila dela aitortu badute ere, proiektua bukatzerako Chagas kronikoa tratatzeko moduko botika berria plazaratu nahiko lukete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.