Nagore Ares Amaya / 2012-12-20 / 1.558 hitz
Umearen ikasteko gaitasunean arazoak sortzen dituzte maiz arazo emozionalek; zenbait adituren arabera, arazo bat dagoela onartzea zaila izaten da familientzat eta berandu jotzen dute laguntza eske.
Umea ez da ondo egiten ari eskolan, mugituegia da, alfer hutsa, hodei batean bizi da, edo ez da munduko umerik azkarrena. Haurrak eta gazteak ikasketetan txarto ari direla justifikatzeko askotan erabiltzen diren aitzakiak izaten dira. Umearen berezko izaerari lotzen zaizkio maiz, baina ikasteko gaitasunean gabeziak sortzen direnean ez dute beti oinarri horrekin zerikusirik izaten. Izan ere, nahasmen emozionalek ere umeen ikasteko gaitasuna baldintzatzen dute. Askotan, errazagoa da esatea gabezia horiek gaixotasunen batek edo estruktura biologikoak eragiten dituela, gabezia emozional bat dagoela onartzea baino. Arazo emozional horien oinarria eta gradua askotarikoa izan daitekeen arren, adituek bat egiten dute: irtenbidea topatzeko lehen urratsa arazoa onartzea da.
«Ikasten ari den eta adimena garatzen ari den ume batek ezegonkortasun handia badu, edo beldurra badu, ez du ezaguerarik sortzen, ezingo ditu ikasitakoak barneratu, afektuengatik kezkaturik egongo da eta blokeatu egingo da», iritzi dio Carmen Maganto psikologo eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Egoera emozional nahasia duen haurrak memoria galtzen du, ez da ikasitakoaren arteko loturak ezartzeko gai eta ezin du ezaguerarik sortu. «Adimena izozturik geratzen da; badira ume batzuk sasi gabezia mentala izan eta pentsamenduaren blokeo bat baino ez dutenak. Horrek ez die uzten adimena garatzen».
Magantorekin bat egiten du Begoña Ereño Burmuin institutuko psikologoak. «Umea emozionalki ondo ez dagoenean, agian ezingo da kontzentratu, eta horrek ekar dezake gauza berriak ikastea gustuko ez izatea». Haren ustez, «ikasteko gabeziak sortzen dituzten faktore emozionalak gutxiegi diagnostikatzen dira». Horiek askotarikoak izan daitezkeela dio Ereñok, hala nola depresioa, antsietatea, beldurrak, loaren eta elikaduraren nahasmenduak eta harremanak izateko arazoak.
Gatazka horien guztien oinarria askotarikoa izan daiteke: etxean babes falta izatea, lagun artean edo eskolan bazterturik sentitzea, gurasoen aldetik gehiegizko presioa edo babesa izatea eta umearen berezko estruktura psikologikoa, besteak beste. Adituen arabera, gehienetan arazo bat baino gehiago izaten da tartean, eta horien larritasunaren arabera sor daitekeen arazoaren maila ere diferentea izango da.
Arazoen iturburua askotarikoa izan daiteke, baina umeengan eraginik handiena duen faktorea da gurasoen jarrera: babesturik eta maitaturik sentitu behar dute, eta gertatuko dena aurreikusteko aukera izan behar dute. «Haurrek egonkortasuna behar dute; ezinbestekotzat dituzte gurasoen jarrera iraunkorrak. Umeengan segurtasun handia sortzen du zer etorriko den aurreikusi ahal izateak, etxera heltzean gurasoak han izango direla jakiteak, elkarbizitzarako arau jakin batzuk direla jakiteak, egunero jokabide eta logika berak darabiltzagula», azaldu du Magantok.
Eragin mailak askotarikoak izan daitezke haren iritziz: «Maila asko daude, noski, abiapuntuak ere askotarikoak direlako. Badira oso azkarrak diren umeak, arazo horiek izanik ere eskolan ondo egiten dutenak, eta badira beste batzuk ohiko adimen maila edo baxuagoa dutenak eta edozein arazorekin trabatzen direnak». Haren arabera, eragin handia dute bai umearen inguruak baita umearen berezko izaera emozionalak eta biologikoak ere. «Arazoek oinarri horren gainean eragina izaten dute, eta estrukturaz dakarrenari eragiten diote. Eremu kognitiboari, emozionalari eta gorputz eremuari eragiten die maila batean edo bestean, umea zer-nolakoa den, horren arabera».
Eskola porrota gertatzen denetan bitarteko arazo asko izaten direla uste du Lorea Aretxagak, institutuko orientatzaile ohi eta Berritzegune Nagusiko Hezkuntza Premia Bereziak eta Inklusibitatea taldeko kideak. «Egoera emozional txarrak daudenean, eskola porrota egon daiteke edo ez, baina nerabeak ez ditu bere emozioak ondo kudeatzen, eta kausalitatea askotarikoa izaten da, gehienetan gauza bat baino gehiago izaten da horren atzean, ez da izaten bakarrik familia edo eskola arazo bat», azaldu du. Egoera hori okertu daitekeela edo unean unekoa izan daitekeela gaineratu du. Kudeaketa emozional txar hori notetan igar daiteke; «pertsonak nota onak, erdikoak edo txarrak izan ditzake, baina hor aldaketa bat gertatzen da».
Guztiek bat egiten dute: arazorik ohikoenak ez dira oso larriak izaten, eta gehienetan ume eta nerabeek «erraztasunez» kudeatzeko gaitasuna dute. Iritzi bera du Luisma Landaluze institutuko orientatzaileak. Batzuetan, ordea, irakasle, orientatzaile, familiako kide edo espezialisten beharra izaten dute.
Adimenaren adinak
Adimena adin jakin batzuetan garatzen da; jaiotzetik 4 urtera bitartean inteligentzia psikomotorea eta pentsamendu preoperazionala garatzen dira. Adin horretan, egonkortasun falta larriak kalte handiak eragin ditzake umeengan. Hala izanik, gerta liteke gehitzea, biderkatzea, idaztea, oroitzea edo pentsamenduan loturak ezartzeko gaitasunak behar bezala ez garatzea. «Hori eraiki bada eta 11 urtera heltzen badira arazo emozional larriekin egonkortasunik gabeko familia batean, umea operazio formaletara heltzea ia ezinezkoa da, eta berez adimen txikia badu, ezingo du hori berreskuratu. Adimen txikikoa izango da, maila kognitiboan arazo larriak izango ditu eta ez da Lehen Hezkuntzatik pasatuko».
Baina familia egoeraz haratago, badira umeen egoera emozionalak baldintzatzen dituzten beste faktore batzuk ere. Eskolaren eremuak gero eta eragin handiagoa du, esaterako. Magantok azaldu legez, «eremu akademikoan gero eta denbora gehiago ematen dute; ikastetxean pasatzen duten ordu piloa dela eta, arazo asko sortzen dira han». Ikasketa eremuan baztertuak izateak arazo emozionalak sor ditzake gazteengan. «Lagunen bazterketak bortizkeria ekartzen du, bazterketa eta kulpa. Errudun sentitzen dira, edo akziora jo eta bortizkeriaren bidez aurre egiten diote».
Gabezia emozional horiek guztiek irtenbiderik izan dezaten, garaiz esku hartzea ezinbestekotzat jotzen du Magantok: «Harritu egiten nau zeinen berandu eskatzen den laguntza; ez, itxaron egiten da, eta arazo larri bat dagoenean kontsultatzen da, eta orduan esan behar duzu: ‘Ba orain irtenbide zailagoa du, edo ez du erremedio handirik’».
Arazoak garaiz harrapatu behar dira, «alfer-gurpil» batean ez jausteko, Landaluzeren ustez. «Oso garrantzitsua da hori ahalik eta arinen kudeatzen hastea; agian unean uneko gauza bat izan daiteke, baina luzera oso eragin txarra izan dezake gaztearengan».
Diagnostikorako oinarrizkoa da gurasoek eta irakasleek umearen jarreran agertzen diren aldaketei arreta jartzea. «Irakasle on bat altxor bat da», uste du Ereñok: «Badaude oso irakasle onak, oso inplikatuak, ikasleengan dauden aldaketak igarri eta gurasoei umea ondo ikusten ez dutela esaten dietenak, arreta gehiago jartzen diotenak eta ikusten dutenak haurra taldean ondo integraturik dagoen edo bazterturik, tristeago dagoen, aldatu egin den…».
Arazoa detektatu eta gero, arazoaren neurriaren arabera, irakasleak era batera edo bestera jokatu beharko du, gabeziaren oinarriaren eta mailaren arabera. Kasu guztietan, oso «garrantzitsua» da familiekin komunikazio ona izatea. Hala uste du Landaluzek: «Familiarekin hartu-eman handia eta zuzena egon behar du; ikasle batek arazoak dituenean, osotasunean erreparatu behar zaio. Nik ikuspegi bat izan dezaket, ikastetxean hau eta hau ari da gertatzen, baina, agian, ikastetxera dakarrena asteburuetan ari da gertatzen, edo etxean, edo batek daki non».
Gurasoentzat eta irakasleentzat ez da «erraza» izaten arazo emozionala dagoela onartzea. Maganto: «Gutxi toleratzen da; edozein umeren ezohiko jarrera eta nahasmenduak diagnostikatzen zaizkie, nahiz eta batzuetan holakorik ez duten. ‘Umeak medikatu beharreko nahasmendua badu, ez dut errurik, ezta ikastetxeak, ezta beste inork ere’, esaten dute». Baina, behin arazoa onartuta, guraso «gehien-gehienek» seme-alabentzako onena nahi izaten dutenez, arazoari irtenbidea bilatzea errazagoa da, adituen esanetan.
————————-
Krisiari aurre egiteko, egia ezinbestez
Egungo egoera ekonomikoak sortutako ezegonkortasunak etxeko gazteen kezkak eta beldurrak handitu ditu; horren isla hautematen hasi dira jadanik ikastetxeetan.
Estutasun ekonomikoak eta etorkizun argirik ez izateak helduen kezkak eta beldurrak piztu ditu. Egungo egoera ekonomikoa makala da etxe askotan, eta tentsioak eta antsietateak gora egin dute. Helduek ez ezik, etxeko gazteek ere horiek pairatzen dituzte, eta ikasgeletan ere isla izaten ari da krisi ekonomikoak sortutako larritasuna. Umeengan egoera eramangarri egiteko, egia esatea ezinbestekotzat jotzen dute adituek. «Txikitatik ondo azalduz gero, ulertu egiten dute; egoera beste modu batera konpontzeko aukerak badirela azaldu behar zaie», hala uste du Lorea Aretxagak, institutuko orientatzaile ohi eta Berritzegune Nagusiko Hezkuntza Premia Bereziak eta Inklusibitatea taldeko kideak.
Umeei eta nerabeei egoera «eramangarriagoa» egiteko, egoeraren berri ematea ezinbestekotzat jotzen du Carmen Maganto psikologo eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak: «Gurasoen jarrerek eta emozioek umeengan hain eragin handia dutenez, kontziente izan beharko lukete umeei azalpenak eman behar dizkietela, larritu gabe: ‘Apur bat gaizki gaude, ikusten duzue zelako egoera dugun, baina garrantzitsuena da batera gaudela, familian, eta zerbait gertatuz gero ere batera egongo garela’. ‘Batera gaude, eta talde trinkoa gara’ dioen mezu hori oso garrantzitsua da. Izan ere, maiz, haurrak bakarrik sentitzen dira, eta inork ez die ezer esaten, inork ez die ezer azaltzen eta gezur asko esaten dizkiete».
Gezur horiek beldurrei bidea zabaltzen diete, Luisma Landaluze institutuko orientatzailearen ustez. Sarri ikusi du egoeraren jakitun diren nerabeek etxeko egoera «askoz hobeto» kudeatzen dutela; «hitz egiten ez denean, ordea, pentsatzen hasten dira; gerta daitekeena imajinatzen hasten dira, eta bat-batean ito egiten dira». Hedabideetan krisiaren inguruan sortutako irudiak eragin zuzena du larritasun horretan, hala uste du Aretxagak. «Hedabideetan etxe kaleratzeen inguruan ari dira egunero; haiek ere pentsatzen hasten dira, ia gauza bera gertatuko zaien».
Beldur horiek askotariko erreakzioak sortzen dituzte umeengan; haietako askok gorputzeko arazoen bidez azaleratzen dute ezinegona. Egun gertatzen ari diren nahasmendu gehienek loaren aldaketa eta etetearekin badute zerikusirik, Magantok azaldutakoaren arabera. «Umeak urduri eta izuturik itzartzen dira, amesgaizto asko izaten dituzte, ez dakitelako haien beldurrak azaltzen, eta batzuetan ez dituzte azaleratzen ez dituztelako besteak gehiago urduritu edo kezkatu nahi». Loaren aldaketak ez ezik, oinarri fisiologikorik ez duten gorputz minek gora egin dute nabarmen.
Adinaren arabera, «tristezia akzioaren bidez kamuflatzen da», Magantok azaldu bezala. Ume eta nerabe batzuek «gauza asko egiten dituzte egoeraz ez ohartzeko; hori dela eta, mugituagoak eta bihurriagoak bihurtzen dira».
Beldurrak eta tentsioak areagotzeaz gainera, gizarte egoerak gurasoen lan baldintzak kaskartu eta lanorduak luzatu ditu. «Guraso askok ez dute umeekin egoteko denborarik, itxaroteko, galdetzeko, barre egiteko, ez dute jolasteko kalitaterik. Jende asko gainezka dago».
Horrek guztiak eragin zuzena du gazteen egoera emozionalean eta fisikoan. Nekeak eta estresak gora egin dezakete, eta horrek zuzenean eragiten dio haien ikasteko gaitasunari. Adibidez, gehiago kostatzen zaie kontzentratzea, edo jarrera bortitzak garatzen dituzte. Hala ere, erantzunak umearen araberakoak dira beti. Aretxagak azaldu legez, «haur guztiak ez dira berdinak, oinarri biologiko eta psikologiko ezberdinak dituzte, eta arazoen inguruan erantzun ezberdina ematen dute».