Gorka Erostarbe / 2012-11-28 / hitz
‘Maitagarria eta desioa’ gaztetxoentzat eta ‘Marikanta eta inurriak’ lehen irakurleentzat plazaratu ditu Mariasun Landak.
Desioen inguruko ipuin luzea da bata; fabula klasikotik abiatutako istorioa bestea.
Eztabaida amaiezina da, zer den haur eta gazteentzako literatura, eta zer helduentzakoa, edota gehiago zehazten hasita, zer den haurrentzakoa eta zer gazteentzakoa. Banaketa horri itzuri egin die Mariasun Landak kaleratu berri dituen bi liburuetan. Batean bestean baino nabarmenago, baina bigarren horretan ere haur eta gazteentzako literaturan ohiko diren irakaskizunei ihes eginik. Elkar argitaletxearekin plazaratu du Maitagarria eta desioa ipuina, eta sailkatzen zaila da, egilearen beraren hitzetan. Ipuin luze bat da, gaztetxo nahiz helduentzat ere egoki izan litekeena. Erein etxearekin plazaratu du, berriz, Marikanta eta inurriak lana, irakurle gazteagoentzat, edo lehen irakurleentzat, hein handi batean. Inurriaren eta txitxarraren alegia klasikoaren bertsio bat da, zeinari irakaskizunaren edo ondorioaren pisua kendu nahi izan dion.
Desioaren gaia lantzeko gogoak bultzatuta idatzi du Landak Maitagarria eta desioa. Gilles Deleuzeren aipua bere egiten du egileak liburuaren filosofia nagusia azaltzeko argudio gisa: «Bada gure desirak ez betetzea baino zerbait okerragoa: desiratzeari uztea». Ezbai izenekoa da ipuineko pertsonaia nagusia. Haren garapen fisiko, moral eta etikorako formakuntza bidaia baterako narrazioa da. «Hasiera-hasieratik pertsona berezia da Ezbai, sorgin kutsua du, eta ahalmen batzuk ditu: maitagarri bati laguntzeaz gain, maitagarri hori bizitza osoan bere zain egotea lortzen du. Bestalde, neska emakume arrunta ere bada, noski», egileak dioenez. Liburuko ilustrazioak Maite Gurrutxagak egin ditu. Landa «oso kontent» dago Gurrutxagak egindako lanarekin. «Beti pentsatu eta esan dut ilustratzailea izan ohi dela narrazioaren lehen irakurketa egiten duena eta errespetu handia zor zaiola. Gerta daiteke bat ez etortzea idazleak buruan zuen irudiarekin, baina horrexegatik da hain interesgarria eta aberasgarria ilustratzailearen eginbeharra».
Marikanta eta inurriak liburuko marrazkiak, berriz, Jokin Mitxelenak egin ditu. Hasieratik garbi izan zuen Landak Mitxelenak izan behar zuela liburu horren ilustratzaile. «Bertsio honek umore jakin bat behar zuen. Jokinen umoreak eta nireak bat egiten dute, eta garbi nuen berak egin behar zituela marrazkiak». Tradizio luzeko kontakizuna edo alegia da txitxarra eta inurriarena. Urteen poderioz ipuinak bukaeran hartutako irakaskizunaren kutsu kristauari itzuri egin nahi zian dio Landak. Fabula bera Esopo idazle greziarrarena dela ia ziurtzat jotzen da, eta haren jatorrizko bertsioa gero zabaldutakoa baino «dezentez leunagoa» da, Landak dioenez. Fabula tradizional horiek familiaz familia baino gehiago, sozialki trasmititzen dira belaunaldiz belaunaldi, Landaren hitzetan. «Iragarkietan ere ikusten dira alegia horietako hainbat balio barreiatuak». Horregatik, lehen irakurle batentzat fabula batean oinarrituriko istorioa idaztea «gozamena» izan da. «Aspaldian gorroto duzun pertsonaia bat beste modu batera jorra zenezake. Nik gorroto nuen inurrien jokabide hori, eta pentsatzen dut umeen bihotzetan ere egon dela antzeko sentipena».
Landaren ipuinean Marikanta txitxarrak negualdi zoragarria izango du inurritegi batean: inurriei abesten irakatsiko die, eta kanta xume baina alai bat ere asmatuko du, inurriek nazioarteko abesbatzen leihaketa bat irabaz dezaten. Baina, inurriak, nonbait, ez dira kanturako jaio… Ez eta liburuaren egilea ere, Landak berak adierazi duenez. «Baina musika eta kantuak oso gustuko ditut, eta inurriak kantuan ikusteak dibertitu nau. Dibertitzeko ez ezik, ipuinak beste zerbaiterako ere balio izatea espero dut».