Lepotik

Idurre Eskisabel / 2012-12-15 / 163 hitz

Armairuak garbitzen hasi, eta umetako argazkiak etorri zaizkit eskuetara. Zuri-beltzean batzuk, baina dena lanbro bihurtzen duen polaroid kolore maiztukoak gehienak. Joandako garaien mezulari dira: Heidiren aurpegia ageri duten t-shirtak, gona plisatuak, panazko prakak, lepo luzeko poloak, barren zabalak, kaikuak, lauburuak, Nivea hondartzako baloietan, lorez beteriko paperak hormetan, Askatasunaren Ibilaldia eta Nuklearrik ez afixetan. Alegia, 70ekoaren amaierako eta 80koaren hasierako paisaia gurea.

Baina orain arte sekula arretarik jarri gabeko gauza bat egin zait bitxi: mutikoak elkarri lepotik helduta ageri dira irudi gehienetan, eta argazkietako batzuetan, mutil kozkorrak ez ezik, baita gizon helduak ere. Eta gogoratu dut gu umeak ginela mutil eta gizonak elkarri lepotik helduta ibiltzen zirela kalean, eta emakumezkoak, elkarren besotik; eta, halaber, bikoteak ere, oro har, orain baino lotuago paseatzen zirela. Harrigarria egin zait sexua hain tabu zen garaian gorputz kontaktua hain lasaia izatea, orain baino ugariagoa. Akaso, horregatik: orain, sexua gainditu zaigulako beste sentipen eta emozioen gainetik, eta ia ahaztu dugulako badela sexutik aske den igurtzi eta gorputz harreman zein babesik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.