Negua

Idurre Eskisabel /2012-12-20 / 159 hitz

Uste dut izan zela garai bat negua urtaro bat zena, besterik gabe, eta ez, geroago bezala, derrigorrean pasatu beharreko trantze gogaikarri bat —gidabaimena ateratzeko etsamina edo tatuajea erakutsi ahal izateko mina bezala—. Alegia, garai batean, enbarazuak adina gozagarri zituela neguak: txokolatea txurroekin hartzea —errurik sentitu gabe hiruzpalau kilo gizentzeraino—, irakurtzea —irakurritakoak berriro irakurtzeraino—, telebista ikustea —Parlamento eta enparauak irensteraino—, etxekoekin hitz egitea —haserretuta elkarri hitz egiteari uzteraino—… Azken batean, barru giroaren garaia zen: geldirik egotekoa, atseden hartzekoa, isiltzekoa, eta, zergatik ez, aspertzekoa.

Ez dakit noiz gertatu zen aldaketa. Baina halako batean, jertse lepo luzeak, galtzerdi lodiak eta txamarrak janzteari gogaikarri irizten hasi nintzaion, eta eguzki izpi bat ikusi orduko txankletak, praka motzak eta kamiseta tirantedunak ateratzen. Etxean zer suma egoteari denbora alferrik galtzea esaten, eta minutu bakoitza argazki bat merezi izateko adinako une distiranta izan zedin desiatzen —orain, Facebookeko iruzkinarena edo Twitterreko txioaren balioa behar dute derrigor—.

Zer diren gauzak, uda betierekoarekin gogaituta, aspertzeari hasi naiz orain opor esaten.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.