Estibalitz Ezkerra / 2012-12-02 / 729 hitz
Herta Muller idazleak gogor salatu du aurtengo Literaturako Nobel saria Mo Yani eman izana. Egile errumaniar-alemaniarraren ustez, «hondamendia» da txinatarra saritzea, zentsura kondenatu beharrean «txalotu» egiten duelako.
Iragan urrian jakinarazi zuen Suediako Zientzien Akademiak aurtengo Literaturako Nobel saria. Mo Yanek jasoko zuela —Guan Moye benetako izenez, Gaomi, Txina, 1955—. Berria zabaldu baino egun batzuk lehenago, hainbat komunikabidetan agerturiko kinieletan azaldu zen idazlearen izena eta, beraz, ez zen ezustekoa Nobel saria hark eskuratu izana. Edo horixe uste genuen behintzat. Duela egun batzuk, Herta Muller idazleak (Nitchidorf, Errumania, 1953) modu argi eta zorrotzean adierazi zuen Mo Yanen izendapenarekiko desadostasuna. Mullerrek «hondamendia» hitza erabili zuen egile txinatarrak Nobel saria jaso izanaren efektua deskribatzeko, eta esan zuen Suediako Zientzien Akademiaren erabakiaren berri jaso zuenean negar egiteko gogoa piztu zitzaiola. «Demokraziaren eta giza eskubideen alde lanean ari direnei aurpegian zaplasteko bat ematearen pareko izan zen», gaineratu zuen egile errumaniar-alemaniarrak.
Mullerren aburuz, Mo Yanek zentsura kondenatu beharrean «txalotu» egiten du. Errumaniar-alemaniarrari zentsuraren gaia ez zaio arrotza. Hain zuzen, bere lanak behin baino gehiagotan zentsuraren biktima izan ziren Ceausescuren Securitateren menpe bizi izan zen garaian, eta gerora ere, Berlinen erbesteratu zenean, kosta zitzaion bere liburuak Errumanian oso-osorik argitaratzea. «Txinatarrek berek esaten dute Mo Yanek [gobernuko] ministro baten kargu bera duela», dio Mullerrek. Urrian bertan, Ai Weiwei artistak zera esan zuen, «[Mo] alderdiaren [komunista] ildoari modu argian jarraitzen dio, eta behin baino gehiagotan intelektualen independentziarekiko errespeturik eza erakutsi du». Bestetik, 2010ean Bakearen Nobel saria jaso zuen Liu Xiaboren kartzelatzearen inguruan hitz erdirik ez esan izana aipatzen du Mullerrek. Nobel saria jaso eta hurrengo egunean kazetariei egindako adierazpenetan, Mo Yanek esan zuen Liu ahalik eta lasterrena aske geratzea espero zuela. Mullerren ustez, lau urte lehenago esan behar zituen hitzok, «edo behintzat saria jaso baino bi aste lehenago».
Suediako Zientzien Akademia Literatur Nobel sariak banatzen hasi zenetik hauxe da izendapena Txinako egile baten eskuetara joaten den bigarren aldia. Aurretik, 2000n hain zuzen, Gao Xingjianek (Ganzhou, 1940) jaso zuen. Gao, baina, 1980ko hamarkadatik Frantzian bizi da, erbestean, eta herrialde horretako herritartasuna du 1997tik. Literatur Nobel sariaren epaimahaiak komunikabideetara igorritako oharraren arabera, Mo Yanek «herri istorioak, historia eta garaikidetasuna errealismo magikoarekin» trebeki uztartu izana goraipatu zuen, eta gaur egun Txinako idazlerik garrantzitsuena dela gaineratu. Egiazki, obra oparoa du egileak —haren azken lanetako bat, Shïngs píláo (Bizitzak eta heriotzak nekatu egin naute, 2006) 42 egunean idatzi zuen—, baina Mendebaldean, zinemara egokitu dizkioten bi eleberrirengatik da batik bat ezagun, biak ala biak Zhang Yimouk zuzenduak: Hong gaoliang jiazu (Basarto gorriaren klana, 1986) eta Shifu, yuelaiyue yuomo (Shifu, edozer egingo zenuke barre egitearren, 1999); —azken hori euskaratzeko beka jasoko du aurten Jokin Zaitegi sariketaren irabazleak—. Hong gaoliang jiazu, Mo Yanen nobela gehienak bezala, egilearen jaioterrian kokaturik dago (Gaomi), kasu honetan japoniarren okupazioaren garaian. Landa eremuko errealitatearen paradigma gisa erabiltzen du idazleak jaioterria, baina errealitate horrekin harreman gutxi du gaur egungo Gaomik. Dena dela, 1980. urtearen ostean eta Deng Xiaopingen erreformak hasi arteko epean jaio ziren 350 milioi txinatarrentzat mundu ezezaguna da Mo Yanek bere lanetan deskribatzen duena. Eta haiek dira, hain zuzen, egilearen literatura gehien irakurtzen dutenak.
Haur bakarraren legea hizpide
Kritikaren aburuz, haren lanetan iragana eta errealismo magikoa modu deliberatuan erabiltzen ditu Mo Yanek, agintarien haserrea saihesteko. Egia da haren azken nobelak (Wa , Igela, 2011) Txinako haur bakarraren legea duela hizpide, azken uneko abortuak, gogoz kontrako antzuketak eta bestelako egoera traumatikoen lekuko den amagin baten ikuspuntutik. Hala ere, kritikaren galdera da zergatik erabaki duen gai horri buruz idaztea orain, legea bera ezbaian dagoenean. Mo Yanek dio 80ko hamarkadatik zeukala ideia hori buruan, baina ezin izan diola orain arte heldu bestelako kontuak zituelako esku artean, «ez gaiarekiko ardurarik ezagatik».
Txinako literatura garaikidearen itzulpengintzan diharduen Eric Abrahamsenen ustez, Yanek, Txinako beste hainbat idazlek bezala, ondo neurtzen du zer esan daitekeen eta zer ez. Ez dago ezer txarrik horretan; artista guztiek ez dute jendaurrean beren desadostasuna adierazteko adorea. Yanek «ondo daki non dauden mugak, eta ez ditu zeharkatzen». Haur bakarraren legearen gaineko eztabaida posible delako argitaratu du lan bat horren inguruan, ez beste ezergatik. «Horregatik argitaratu diotela uste dut, polemikoa ez delako», dio.
Mo Yanek Txinako agintariekin duen afiliazioa edozein delarik ere, berea ez da hautsak harrotu dituen lehen Literaturako Nobel izendapena —gogoratu besterik ez dago zeinen gatazkatsua izan zen V.S. Naipaulen hautapena, edo Mario Vargas Llosa berarena iaz— ezta azkena izango ere. Azken finean, Suediako Zientzien Akademia ez dago interes politikoen atzaparretatik libre. Gizon-emakumeen erabakien menpe dauden neurrian, Nobel sariek ere eragin dezakete desadostasuna.