Oasi bat basamortu zabalean

Adrian Garcia / 2012-12-02 / 1.247 hitz

Gorrentzako eta itsuentzako egokitutako filmak eskaintzen hasi da Bilboko Alondegia, astean behin. Aurrerapauso handia bada ere, aisiarako eskaintza oso mugatua dute oraindik ere pertsona gorrek.

Komunikazio oztopoen inguruan gizarteak kontzientzia falta handi du. Esaldi horretan laburbil daiteke gorrek sufritzen duten arazorik larriena. Horren erakusgarri da aisiarako jardueretan parte hartzeko duten eskaintza murritza. Oso urriak dira gorrentzako ere pentsatuta antolatzen dituzten ekitaldiak. Aitzitik, biztanleriaren zati handi batek du entzuteko zailtasunen bat; Euskalgorrak elkartekoek adierazi dutenez, biztanleen %10 inguruk dute gisa horretako ezgaitasunen bat; hala ere, datu zehatzak jakitea zaila dela aitortu dute. Adineko pertsonak kontuan hartuz gero, zifra horrek gora egiten duela ohartarazi dute. Bihar da Nazioarteko Ezinduen Eguna.

Dena ez da iluna, ordea. Noizean behin aurrerapausoak ematen dira pertsona ezinduak aisiara erakartzeko bidean: iragan asteartetik aurrera Euskal Herrian gorrek aisialdirako beste gune bat dute. Navarra de Cineren eta Orange Fundazioaren eskutik, Bilboko Alondegian gorrentzako eta itsuentzako egokitutako areto bat prestatu dute. Asteartero, ikusteko eta entzuteko zailtasunen bat dutenek zinemaz gozatu ahal izango dute, gainontzekoek ordaintzen duten prezio berean.

Ez da Euskal Herrian horrelako proiektu bat martxan jartzen duten lehen aldia. 2003. urtean, Navarra de Cine etxeak pertsona gor eta itsuentzako zinema emanaldiak antolatzen hasi zen. Orange Fundazioak proiektuarekin bat egin eta zinema areto egokituak jartzeari ekin zioten. Iruñean jarri zuten Euskal Herriko gisa horretako lehenengo aretoa. Ostegunero, Saide Carlos III. zineman gor eta itsuentzako egokitutako filmak ematen dituzte.

Teknologia berriak lagun

Acceplay teknologia erabiltzen dute areto egokitu horiek, Deustuko Unibertsitateak eta Navarra de Cinek garatutako sistema. Zinemako pantailaren azpian jarritako pantaila txikiago batean irakur daitezke azpidatziak, horiek irakurtzeko beharrik ez duenak eragozpenik izan ez dezan. Elkarrizketen azpidatziak ez ezik, soinuen deskribapenak ere eskaintzen dituzte filmek, hau da, filmean entzuten den soinu ororen deskribapena. Gainera, pertsonaia bakoitzaren esaldiei kolore bat ipintzen diete azpidatzietan, filmean duten garrantziaren arabera. Horrela, esaldi bakoitzak nork esan duen errazago identifikatu ahal dute, eta filma ulerterrazagoa zaie entzuteko zailtasunak dituztenei. Halaber, begizta magnetiko bat du aretoak. Era honetan, audifonoa edo inplante bat dutenek filmekoak ez diren soinuak saihets ditzakete.

Itsuek edo ikusteko zailtasunen bat dutenek ere goza dezakete zinema saioez. Filma hasi baino lehen entzungailu batzuk banatzen dizkiete horretarako. Horien bidez, eta filmeko isiltasun uneak baliatuz, narratzaile batek filmean gertatzen ari dena kontatzen die.

«Ez da gorrentzat edo itsuentzat soilik prestaturiko aretoa. Edonorentzat da». Victor Suarez Orange Fundazioko bozeramaileak ezinduak eta ondo ikus eta entzun dezaketenak areto batean elkarrekin egotearen garrantzia azapimarratu du. «Pertsona itsu bat eta haren itsu-txakurra aretoko ondoko eserlekuan ikustea normaltzat hartu behar da».

Gorren elkarteak begi onez hartu du albistea. «Oso ideia ona da, itsu eta gorrok beti izan baitugu zinemarako sarrera mugatua». Isabel Berastegi gorra da jaiotzez, eta administrazioko langilea izateaz gain, Nafarroako Pertsona Gorren Elkarteko Aisialdirako ordezkaria ere bada.

Eduardo Amoros bat dator Berastegik dioenarekin. Euskalgorrak elkarteko kidea eta Zeinuak.tv webguneko koordinatzailea da. «Aukera zoragarria da Alondegikoa, baina areto horiek kenduta, aisiarako guneetan komunikazio oztopo handiak ditugu oraindik ere». Bi urte zituela galdu zuen entzumena Amorosek, eztarrirako ziropa baten albo eraginen ondorioz. «Ezin ditugu gainontzekoek normal goza ditzaketen aisiarako jarduerak gozatu, ez dituztelako egokitzen».

Lurrezko Telebista Digitalean azpidatziak aktibatzeko aukera badagoen arren, kate guztiek aukera hori ez dutela eskaintzen gogorarazi du Amorosek. «Gainera, eskaintzen dutenek ez dute programazio osoa jartzen azpidatziekin ».

Museoetan, ohiko entzunezko giden ordez, keinuen hizkuntzan eginiko bideoak behar dituzte, baina oso gutxi dira gorren beharretara egokitzen direnak. «Guggenheim museoak eta Omako basokoak badituzte», jakinarazi du Amorosek.

Musika kontzertuez gozatzeko dute zailtasunik handiena. Tontxu Ipiña musikariak eraman izan ditu keinuen hizkuntzako interpreteak kontzertuetara, haren bidez gorrek abestien hitzak jarrai ditzaten.

Iazko Ordiziarrock jaialdian ekitaldi berezia prestatu zuten antolatzaileek. Funky Punkie Party Clowns taldea ekarri zuten Malagatik gorrentzako egokitutako kontzertu bat eman zezan. Batetik, 72 metroko begizta magnetikoa jarri zuten oholtzan, audifonoak edo inplanteak zituztenentzako. Bestetik, erabat gorrak zirenei puxika batzuk banatu zizkieten, eta baxu azpikoen intentsitatea igo. Horrela, musikaren bibrazioak sentitzeko gai izan ziren. Bozgorailuetan ere oihal bat jarri zuten, bibrazioaren eraginaz oihalaren mugimenduaren bidez jabe zitezen. Argiekin eta musikarekin ere jolastu zuten, eta bideoklip bat azpidatzizkiekin jarri.

Adibibide bakan horiek gorrentzako egokitutako ekitaldiak egin daitezkeela frogatzen dute. Baina errealitatea bestelakoa da: «Salbuespenak salbuespen, ez zinema, ez antzerkia, ezta museoak ere ez daude guretzat egokituak. Ez gaude entzuten dutenen pareko egoeran», dio Amorosek.

Gorrek aisiarako duten aukera bakarrenetarikoa elkarteak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzea da. «Gure bazkide ia guztiek parte hartzen dute ekintza horietan, haiek proposatzen baitituzte gehienak, eta, noski, keinu hizkuntzako interpreteak dituzte», azaldu du Berastegik. Eskulan lantegiak, yoga ikastaroak, beraiek proposaturiko hitzaldiak, interesatzen zaizkien kultur bisitak, txapelketak… egiten dituzte elkartean.

Bestalde, teknologia berrien bilakaerak komunikazio oztopoak gainditzeko bidea ireki du. Badira hainbat webgune eduki osoa keinuen hizkuntzan eskaintzen dituztenak. Zeinuak.tv, Webvisual.tv, Diariosigno.com eta Websourd.org dira horietako batzuk. «Nahiz eta webgune horiek albisteak keinu hizkuntzan eman, ez dugu ahaztu behar telebistek euren albistegietan keinuen hizkuntzako interprete bat jartzeko ardura dutela».

Gorrekiko sentsibilizazio faltaz gain, askotan arazoa pertsona gorren interes falta ere badela aitortu du Berastegik. «Inoiz ez direnez beraientzat egokitutako ekintzak antolatzen, antolatzen direnean askotan parte hartzea kostatzen zaie».

Amorosek gorren arazoak oharkabean igarotzen direla salatu du. «Pertsona bat gorra den edo ez zaila da jakiten begi hutsez, harekin komunikatzen saiatzen ez bazara». Ondorioz, gorrak diren pertsona asko ez dauden ustea barneratzen dela dio Amorosok, eta gizartea ez da ohartzen gorrek egunerokoan sufritzen dituzten komunikazio arazoez.

Espainiak pertsona gorrak gizarteratzeko legedia atera zuen 2007ean. Keinu hizkuntza ikasteko eta bultzatzeko baliabideak jasotzen ditu legeak. Franzian ere, 2005eko legeak frantsesaren pare jarri zuen keinuen hizkuntza. «Legea ez da betetzen inondik inora», dio argi eta garbi Berasategik. Bi arrazoi nagusi argudiatzen ditu legearen eraginkortasun falta azaltzeko: batetik, baliabide nahikorik ez dago; bestetik, legea hankamotz dagoela dio. «Legea garatzea falta da, bete ezean zigorrak ezartzeko».

Krisiak, oro har, gizarte osoan gogor jo badu ere, babesik gabe daudenei gogorrago eragiten die. Beltz ikusten du etorkizuna Berastegik, nahiz eta Bilboko zinema areto egokituaren berria pozgarri zaion. «Diru laguntzei esker ditugu keinuen hizkuntzako interpreteak, baina gero eta urriagoak dira. Orain arte lortutakoa deuseztatzen ari dira. Eta okerrago dena: egunen batean gizarteratze osoa lortuko dugun esperantza kendu digute».

———————–

Ikus daitekeen ipuin sorta

Bizkaiko Urtxintxa eskolak ‘Titiriteroen ipuinak’ liburua argitaratu berri du. Ipuina keinuen hizkuntzan ikusi ahal izateko DVD bat du liburuak.

Bizkaiko Urtxintxa eskolak liburu berezi bat kaleratu berri du: Titiriteroen ipuinak. Balioetan oinarritutako ipuin bilduma bat da, baina ez da hori berezitasun bakarra. Liburuarekin batera, CD bat eta DVD bat eskaintzen dute, ipuinak keinuen hizkuntzan ikusi ahal izateko. Braillez ere idatzi eta jaso dute liburua, itsuek ere irakur dezaten.

Zortzi egileek idatzitako zortzi ipuinek osatzen dute liburua, bi ipuin urtaro bakoitzeko. Bertsolaritzan, literaturan, zineman eta ipuin kontaketan ezagunak dira egileak. Miren Amuriza, Jasone Osoro, Mireia Delgado, Josu Martinez, Juankar Lopez-Mugartza, Uxue Alberdi, Gotzon Barandiaran eta Pako Aristi dira egileak. Nagore Txintxurreta marrazkilariak irudikatu ditu idazleek sortutako istorioak.

Helduak haurrekin elkarrekintzan jarduteko liburua da, haurren eta hezitzaileen arteko euskarazko harremana indartzeko eta irakurtzeko zaletasuna eta balioak sustatzeko. Eta pertsona gorrek ere istorio horiez gozatzeko aukera dute, istoriotxoak keinuen hizkuntzan kontatu eta grabatu baitituzte. Ez hori bakarrik. Liburuko orrialde bakoitzak QR kode bat du, orrialde bakoitzean agertzen den testua sakelakoan edo beste gailu eramangarrietan keinu hizkuntza bidez ikusi ahal izango da. Nahikoa da horretarako gailua kode horretara hurbiltzea. Itsuek eta ikusteko zailtasunak dituztenek ere berdin-berdin gozatu ahal izango dute ipuinez, braillez ere idatzi eta jaso baitituzte. www.urtxintxaeskola.org webgunearen barruan Baliabideak estekan daude eskuragarri, .bra formatuan.

Ipuin bakoitzak bere istorio propioa kontatzen du, baina bada guztiak lotzen dituen ezaugarri bat: istorio guztiak balioetan oinarrituta daude. Era batera edo bestera, ipuinok beti lantzen dituzte parekidetasuna, elkartasuna, kulturen arteko harremana, hizkuntzaren normalizazioa, eta beste hainbat gai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.