Juan Luis Zabala / 2012-12-04 / 707 hitz
Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak ‘Paradisua eta katuak’ errezitaldia jasotzen duen DVD-liburua argitaratu dute.
Idazleak poesiaren inguruan gaur egun dituen kezkak islatzen dira testuetan.
Nobelagile gisa da ezagunago Euskal Herrian nahiz munduan, baina poesia du, berak dioenez, kezkarik barrukoena eta betikoena Bernardo Atxagak. Poesia egiteko duen moldea ez da, ordea, oso ohikoa. Tantaka plazaratzen ditu poema berriak, eta han-hemenka argitaratzen eta zuzeneko errezitaldietan jendaurrean proban jartzen. Azken aldian, Jabier Muguruza musikarirekin batera ematen ari den Paradisua eta katuak errezitaldian. Atxagaren poesia non dagoen eta norantz doan jakiteko aukera ematen duen errezitaldi hori jasotzen duen DVD-liburua kaleratu du orain Pamiela argitaletxeak, litera&musika sailean, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzaz. Errezitaldiko testuak biltzen dituen liburuarekin batera kaleratu den DVDak joan den irailaren 3an Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan egindako emanaldiaren grabazioa jasotzen du, Euskal Idazleen Elkarteak eta Donostiako Udalak antolatutako Poesia Orduak ekimenaren baitakoa.
«Kontaera bat» da Paradisua eta katuak, DVD-liburuaren kontrazalak dioenez, tonuari eta formari erreparatuz gero askotarikoak diren testuekin osatua: ipuinak, poemak, pasarte komikoak eta gogoetak. «Kontaera ez da hitzez bakarrik osatzen. Musika ere tartean da. Jabier Muguruzaren kantek zabaldu egiten dute Bernardo Atxagaren testua».
Katuek ere garrantzia duten arren, kontaera horren benetako gai nagusia paradisua da, Atxagak azaldutakoaren arabera. Baina, paradisua oso gai zabala denez, «heriotzarekin lotuta dagoelako batez ere», gai horretan «batetik bestera» mugitu beharra dago, «ezin da guztiaz hitz egin», eta katuak egiten du «bide» hori. «Katuak eskatzen du honetaz hitz egitea eta beste hartaz ez, eta modu honetan edo umore honekin hitz egitea edo ez».
Zuzeneko emanaldia prestatzean, Atxagak «euskal tradizio zaharra» edo «pastoralen tradizioa» deitzen duena jarraitzea hobetsi du. «Ikusi ditugun rapsoden emanaldi gehienetan hitz errezitatuen atzetik pianoa edo biolina jartzen da. Guk ez dugu hori egin nahi izan. Pastoralen tradizioan ez dira sekula nahasten poesia eta hitza».
Jendaurrean zuzenean aritzea, «bizitzeko modu bat» da, Atxagarentzat; beharrezkoa du. «Zuzenean aritzeak behartu egiten zaitu. Aurrean duzun jendea beti desberdina da. Orain dela 25 urteko emanaldietan aurrean izaten genuen jendea eta orain daukaguna desberdina da, eta zuk ere aldatu egin behar duzu jende horrekin. Ez milioika ale eros ditzaten, baizik eta badakizulako bizitza hor dagoela, jendea dagoen tokian. Zuk haiekin sintonian halako berme bat daukazu, ez zarela geldituko zaharkituta, batere esanahirik ez duen hizkuntza batekin, nola gelditu den mundu honetan jende asko».
Atxagarekin batera Paradisua eta katuak zuzenean emanez izan duen esperientziarekin oso gustura dago Jabier Muguruza, emanaldi horietan «zerbait oso berezia» sortu dela iruditzen baitzaio. «Leku askotan aurkeztu dugu dagoeneko, eta guztietan zerbait harrigarria gertatu da, sintonia berezi bat sumatu dugu gure artean. Atxagaren testuek jendeari zerbait oso-oso barrukoa ukitzen diote». Atxagarekin aurretik egindako errezitaldiek ere —Groenlandiako lezioa, Itzultzaile bat Parisen…— «oso ondo funtzionatu zuten», baina Paradisua eta katuak-ekin «zerbait magikoa» gertatzen ari delakoan dago. «DVDak hori islatzen badu, uste dut mugituko dela eta barrenak ere mugituko dituela, oihartzun inportante bat izango duela» .
Poesiari buruzko kezka
Poema liburu asko ez argitaratu arren, Atxagak uste du bere lanean «garrantzirik handiena» poesiak duela. «Beti izan da nire kezka nagusia nola egin poesia esaten diogun hori», adierazi zuen atzo, DVD-liburua aurkeztean. «Ez dut erabat konpondu auzia, baina bidean gauza batzuk aurkitu ditudala uste dut, eta hemen dago, irakurlearen eskura, nire saio bat, nola egin daitekeen poesia 2012. urtean». Atxaga, adibidez, aspaldi jabetu zen poesiara joateko duen modu bakarra prosatik abiatzea dela. «Horregatik, hemen kontaera bat dago hasieran, eta iruditzen zait gero kontaketa horretatik koxka bat igota bezala beste koxka batera pasa ahal dela, ahal dudala. Zuzenean poesia, garai batean egiten zen bezala, nire idoloek egiten zuten bezala, hemezortzi poema bata bestearen atzean, uste dut ezin dela, nire iritzirako».
Hurrengo poema liburua, aldez edo moldez, egiten edo osatzen ari dela dio Atxagak, baina ez daki noiz amaituko duen, ezta zehazki zer forma hartuko duen ere. «Gaiak eta moduak oso poliki etortzen zaizkit, eta orain oso kinka zaila daukat. Oraingoz nire ipuin baten izenburu bera duen poema bat egiten ari naiz orain, Ama Eibarren dago, eta egin nahi nuke biografia bat, etxeko biografia bat, askatasun guztiarekin, gogoeta poetiko bat, oso modu librean, ia-ia inori begiratu gabe, ezpada mundu honetan ez daudenei. Ez da daudenei begira idatzia izango, ez daudenei begira idatzia baizik». Poema luzea izango da, eta uste du poema hori, amaitutakoan, azken urteotako beste hainbatekin batera liburu bat osatuz argitaratuko duela, baina hori ez da oraingoz erabaki finkoa.