Aritz Maldonado / 2012-12-06 / 523 hitz
Hell Dorado kultura elkarteak milaka piezaz osaturiko bilduma bat utzi dio Antso Jakituna fundazioari; behin identifikatu eta digitalizatuta, herritarrek ikusgai izango dute.
Ezohikoa dela ematen du, eta kasualitatez jazo zela onartzen dute bi aldeek; hala ere, egin egin da. Hell Dorado kultur elkarteak bere ibilbidean batu duen material grafikoa laga dio Antso Jakituna fundazioari. Gorde eta azter dezan utzi dio Arabako kultura elkarteak fundazioari hamaika urteotan bildutako materiala; kontzertuak iragartzen dituzten kartel, sarrera eta eskuorriek osatzen dute bilduma, besteak beste. Aurrerago, ondare digitala ere partekatzeko asmoa dute.
Elkarteak duen aretoan 550 kontzertu baino gehiago eskaini dira, eta, guztira, 1.100 musika talde igaro dira taulatik. Horietako asko nazioartekoak, gainera; gehienbat musikarekin harremana duten egitasmoak antolatu dituzte, baina, Juan Uriarte Hell Dorado elkarteko zuzendariaren esanetan, bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte. «Liburu aurkezpenak, antzerkiak, bideoklipen eta film laburren emanaldiak, eta hitzaldiak ere egin ditugu», dio Uriartek; ekitaldiak ugariak izan dira, eta honenbestez, hauek hedatzeko erabilitako materiala ere.
Material trukea bazkide baten proposamenaren ondotik etorri da. «Orain artean ahal bezala gordetzen genuen materiala; artxiboekin lan egiten duen bazkide batek proposatu zuen trukearena». Aukera aztertu eta gero, proposamena luzatu zioten Antso Jakituna fundazioari. Artxibategiko zuzendari Jesus Zubiagak garrantzitsutzat jo du horrelako ekimenak egitea. «Horrelako ekintzek lekukotasunak uzten dituzte; gure ondorengoentzat jakina izango da Gasteizen rock kontzertuak antolatzen zirela».
Guztira, milaka erreferentzia pasa dizkio kultur elkarteak; mila kartel inguru, eta beste milana sarrera, besteak beste. Kuantitatiboki zifra garrantzitsua bada ere, Uriartek bildumaren funtsa lanen balio artistikoa dela deritzo. «Bitarteko hauek duten funtzio informatiboaz gainera, lan artistiko bat suposatzen dute, artelan txiki batzuk dira; hamaika urteotako biografia bat ere badira, gainera».
Hell Dorado aretoan aritu izan diren taldeak bezala, kartelen egileak jatorri ezberdinetakoak dira: Gasteizkoak edota Euskal Herrikoak daude, baina baita munduko beste hainbat txokotakoak ere. «Talde batentzako ohikoa da lan grafikoa egiteko eskatzerakoan inguruko artistengana jotzea; guk gehienbat bertako langileak dauzkagu identifikatuta, baina badaude suediarrak, estatubatuarrak, australiarrak eta japoniarrak». Bildumatik batzuk aukeratzea zaila egiten zaion arren, Uriartek Mariscal eta Leviathan egileen lanak nabarmendu ditu. Lehenak Gran Wyoming y los insolventes taldearen kartela egin zuen; bigarrenak Europako taldeekin egiten du gehienbat. Halere, Arabako hiriburuko artistak ere azpimarratu ditu Uriartek, hala nola, Roberto Landa (Mundina) edo Paula Murillas (Me Jane). Hell Dorado elkarteko zuzendariaren hitzetan, hainbat bildumagile pieza horietako batzuetan interesaturik daude.
Antso Jakituna fundazioan dago jada Hell Dorado elkarteko material gehiena; aldiz, oraindik ere bada zer partekatu. Aurrerago, diskoak eta mailing ezberdinak uzteko asmoa ere badu elkarteak. Nolako lan karga dakarren kontuan hartuta, datu basea publiko egiteko hilabete batzuk itxaron beharko dira oraindik.
———————-
Hell Dorado elkarteak emaniko pausoari jarraitzeko deia egin du Antso Jakitunak
Hell Dorado elkarteak eta Antso Jakitunak hitzartutako prozesua aitzindaria da. Hain zuzen ere, material grafikoa uzten duen mota honetako lehenbiziko aretoa da Arabakoa. Egitasmoaren helburua elkarteak hiriari eginiko ekarpenaren lekukotza izatea dela kontuan hartuta, beste areto batzuk ere pauso bera ematera gonbidatu ditu Jesus Zubiagak, Antso Jakituna fundazioko zuzendariak. Egun, fundazioaren egoitzan 29.000 artxibotik gora daude: 85.000 liburu, 12.000 aldizkari titulu, eta 5 milioi irudi digitaleko bibliografia. Iristen diren piezekin datu basea osatu ohi dute; Hell Doradoko kartelen kasuan, deskriptiboa da: egilearen, dataren eta leloaren arabera identifikatzen dira. Gero, digitalizatu egiten dira, herritarrek eskura izan ditzaten.