Julio Soto / 2012-12-05 / 253 hitz
Iruindarra da jaiotzez. Gaztea. Gurasoek hala nahi eta A ereduan ikasitakoa. Erdaraz pentsatzen du, erdaraz hitz egiten. Eta Iruñean, entzun, hamarretik bederatzi erdaraz. Urte pare bat izango dira euskararen deia jaso zuela. Nola apaizek Jaungoikoarena. Eta harekin hasi zen buru-belarri. Nik zuri ekarri di…
Iruñean bizi da bera ere. Inguru erdaldun batean hezi, hazi eta bizitakoa. Urteak dira deia jaso zuenetik, baina astirik ez. Jubilatzeko desiotan zegoen. Kioskoa itxi eta karpeta besapean hartzekoa. Klaseko zaharrena da orain. Hasiberrientzako bertso-eskolan ere eman du izena. Jolasteko. Solastatzeko.
Extremadurakoak ziren bere gurasoak. Garai gogorrak eta abiatu beharra izan zuten. Iparralderantz. Mostolesen pausatu zituzten oinak. Han bazen lanik. Han bazen esperantzarik. Bertan jaio zen. Eta zer den bizitza. Berak ere oinak abian jarri behar izan zituen. Emazteari Tuteran sortu zitzaion lana. Euskara ikasten ari da orain. Alaba harrituta dauka. «Baina euskara zertarako?», esaten omen dio. Klasean ezagutu ditu Tuterako, Murchanteko, Buñuelgo…
Asko gara hizkuntza hauturik egin behar izan ez dugun euskaldunak. Ez behintzat hain potolorik. Euskara etxean jaso eta aldeko ingurune batean erabiltzen dugunak. Edo ez hain aldeko ingurune batean erabiltzeko borrokatzen. Euskaldun zahartzat gauzkate. Kategorizazio zaleak eta lehen mailako euskalduntzat hartu izan dugu sarritan geure burua. Eta sentiarazi berriak bigarren mailako. Hizkuntza iraunarazteko mingain berrien beharra sentitzeak baino ez digu apaldu harrokeria. Baina oraindik orain, begiratzen ditugu gainetik eta begiratzen gaituzte azpitik. Iruditzen zait zaharkiturik gelditu dela zahar/berri dikotomia. Zaku handi bat josi beharko dugula, non denak sartuko garen. Eta kategorizaziorik egin beharko balitz, zalantza handiak ditut nork behar lukeen lehen mailako eta nork bigarrengo. Bejondeizuela!