Bertso Eskola Digitala abian da, bertsoak osatzen laguntzen duen ataria

Odei Irigoien Aizpitarte / 2013-01-12 / 273 hitz

Bertsolaritzari buruzko Euskal Herriko mapa bat ere bada bertan, saioei, bertso eskolei eta abarri buruzko datuez gain.

Bertsozale Elkarteak eta EHUko IXA Taldeak elkarlanean sortu dute www.bertso-eskolak.com webgunea, bertsolaritzaren transmisioa sustatzeko asmoarekin. Bertan, bertsoak osatzeko hainbat baliabide eskaintzen dira, baita Euskal Herriko bertsolaritzaren inguruko hainbat datu biltzen dituzten mapak ere.

Bertsotarako Arbel Digitala izendatu dute webgunearen ataletariko bat. Tresna berritzailea da, egileen arabera. Izan ere, errima bilatzailea duela hamar urte aurkeztu zuten. Orain, tresna horrez gain, metrika neurtu eta zuzentzeko aukera ematen du, baita doinuak hautatu eta erabiltzeko ere. Manex Agirrezabal IXA Taldeko kideak adierazi du lanabes berria batez ere bertsolaritza ikasleentzat dela, «baina edozeinek erabil dezake, baita Andoni Egañak ere».

«Hasteko, luzera eta lerro kopurua hautatu behar da. Bertsoa idatzitakoan, zuzendu egiten da. Okerrak errima eta sinonimo bilatzailearen bitartez konpon daitezke», azaldu Agirrezabalek. Informatika ikasi du EHUn, eta karrera amaierarako aurkeztu zuen proiektua da Arbel Digitalaren oinarria.

Euskal Herriko bertsolaritzaren eta bertso eskolen mapak ere osatu dituzte. Herriz herri dauden bertso eskolak aurki daitezke bertan, baita parte hartu nahi izanez gero nora jo ere. Bertso saioei dagokienez, herri bakoitzean azken urtebetean izan diren saioei buruzko informazioa dago, motaren arabera sailkatuta. Ixiar Eizagirre Bertsozale Elkarteko kideak esan du baliabide horiek «bertso eskolentzat eta ikasi nahi duen edonorentzat» direla. Doinutegia, bertso saioen audioak eta bideoak, bertsolarien biografiak, saioen agenda eta beste hainbat informazio aurki daiteke webgunean.

Xenpelar Dokumentazio Zentroak urteak daramatza bertsolaritzari lotutako edozein informazio bildu eta sailkatzen. Dokumentazio parte bat eskura dago webgune berrian. Dena dela, osatzen jarraitu beharraz ere aritu da Eizagirrek: «Hedabideetatik jasotzen da informazioa, baina herrietan antolatzen diren saioen berri eta zabaltzen diren eskolen berri ematea lagungarria da, osatzen jarraitzeko».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.