Lander Muñagorri Garmendia / 2013-01-06 / 465 hitz
Durangaldearen historia biltzen duen liburu bat argitaratu du Gerediaga elkarteak. Eskualdea bidegurutze naturala izan da mendeetan, eta horrek zuzenean eragin dio haren garapenari.
Durangaldea eskualde berezia izan da Bizkaiaren barruan. Igarobideko eskualdea izan da barnealdetik kostaldera zihoazenentzat, edo mendebaldetik ekialdera joan nahi izanez gero. Hau da, bidegurutze naturala izan da mendez mende. Eta ez hori bakarrik: 1876. urtera arte ez zen Bizkaiarekin erabat elkartu, horretarako oinarria duela 800 urte jarri baldin bazen ere. Hainbat arrazoirengatik, izaera berezia izan du eskualdeak, eta orain, bertako historiaren berri izateko, Durangaldea: historia laburrean liburua argitaratu du Jon Irazabal Gerediaga elkarteko kideak. «Orain arte, liburu eta artikulu asko argitaratu dira Durangaldeko historiaren atalei buruz, baina honekin laburpen gisako bat egin nahi izan dugu», dio egileak. Modu errazean ulertzeko liburua idatzi du Irazabalek, «edozeinentzako erakargarri izan dadin».
Gerediaga elkarteko kideak uste du bideak sekulako garrantzia eduki duela eskualdea gaur egun dagoen eran ulertzeko. «Tamalez, azpiegiturek bermatzen dute askotan eskualde batek aurrera edo atzera egingo duen», dio. Eta ildo horretan, Durangaldeak izan duen kokapen estrategikoa azpimarratu du. Gipuzkoatik Bilbora bidean, edo Gasteiztik kostaldera joan nahi izanez gero, Durangotik igaro behar izan baita mendeetan zehar. Bidegurutze izate horrek «garrantzi handia eman dio eskualdeari», eta zenbaitetan, tirabirak ere sortu ditu bideak Durangaldetik igarotzeak. Irazabalek gogoratzen duenez, XVII. mendean Gasteiztik kostaldera zihoan bidea ez zen erabat amaitu, eta Durangon amaitu zen. «Hori erabaki zen, Bilbori garrantziarik kendu ez ziezaion».
800 urte bizkaitar izaten
Durangok garrantzi horri eustea lortu du, gainera, XX. mendean, A-8 autopista bertatik igarotzen baita. «Markinatik igaro izan balitz, eskualdeko etorkizuna ezberdina izango zen». Edo eskualdean bertan autopista Elorriotik (Bizkaia) ez igarotzeak ere eragin dio herriari. Baina oro har eskualde osoan egon da garapena, eta uste du horren ondorioz inoiz izan den egoerarik onenean daudela.
Baina ez da beti horrela izan, bidegurutze natural izate horrek, onurak ekartzeaz gain, buruhausteak ere ekarri izan baitizkio eskualdeari. Besteak beste, gerrak. Gerra karlistek, edo 1936ko gerrak gogor jo zuen Durangaldea, «igarobideko herri izateak arrisku horixe dauka», Irazabalen esanetan. 1936ko gerran, esaterako, biztanle zibilen aurkako lehenengo aire erasoa jasan zuten Durangaldean.
Igarobideko eskualde izate horrek ere estatus berezia eman zion mende luzeetan. 1150. edo 1200. urte inguruan, Nafarroako Antso Azkarra erregeak foruak eman zizkion Durangaldeari, eta horiei eutsi zien 1876an Espainiako erresumak foruak indargabetu zituen arte. Bizkaiaren barruan egonagatik ere, izaera berezia izan zuen eskualdeak: justizia eta batzar nagusi propioak ere eduki ditu.
Egoera horren zergatia ulertzeko, 1200. urtera egin behar da salto. Hartan, Durangaldea Gaztelaren menpe zegoen, eta Bizkaiko jaun Diego Lopez Harokoa II.a Gaztelako tropekin penintsulan ibili zen musulmanen aurka. Navas de Tolosako guduan eskainitako laguntzaren truke, jaunari Durangaldea oparitu zion Gaztelako erregeak. Orduan hasi zen bat egite prozesua. Baina lehen izentzea 1628an egin zen, nahiz eta eskualdeak bere autonomiari eutsi zion. Hirugarren Gerra Karlistaren ondorioz, ordea, foruak galdu eta Bizkaiarekiko bat egitea erabatekoa izan zen.