Estibalitz Ezkerra / 2013-01-13 / 706 hitz
Idazleak 2007an bere buruaz beste egin zuenez geroztik argitaratu gabe utzi zituen zenbait testu argitaratzeari ekin diote, hainbat erdi mailakoak.
Idazle gazte bati etorkizun oparoa opatzea besterik ez dago sortuko duen obrak, oraindik egiteko duenak halako aura berezia lor dezan. Aura hori are indartsuagoa da etorkizun oparoa bete gabe geratzen denean, hots, idazle gaztea gazterik hiltzen denean, oraindik bere onena emateko dagoenean. Horrela gertatzen denean irakurleek zein kritikariek amaigabeko eta segur aski zentzu handirik ere ez duen espekulazio ariketei bide eman ohi diete. Zer nolako lana sortuko zuen idazleak bizirik balego? Zer nolako altxorrak lapurtu ote dizkigu heriok? Irakurle zein kritikari, biak ala biak, iruzur egin izan baliete bezala sentitzen dira.
David Foster Wallaceren (Ithaca, New York, 1962-Claremont, California, 2008) kasuan, ezin dezakegu esan bete gabeko etorkizun oparoa izan zenik berea. Bere buruaz beste egin zuenerako lan esanguratsu askoak argitaratuta zeuzkan, hainbat doktorego tesiren oinarri bihurtutakoak gainera. Hala ere, bere lana tesi filosofiko baten gainean eraikia zegoen heinean, are gehiago, haren ardatza tesi filosofiko hori berau frogatzea izanik, beti geratuko zaigu zalantza bat: ea idazleak bere helburua beteko zuen ala ez (eta baiezkoa izatekotan, zer nolako lanak izango ziren haren emaitza). Idazlearen jarraitzaileak, baina, ez daude amore emateko prest. DFW zenak (hala deitzen diote AEBetako literatur zirkuluetan, giza kondizioa gainditu eta marka, literarioa jakina, bihurtuta dagoeneko) argitaratu gabe utzi zituen dokumentuen ehizan dabiltza, maisuaren teorien gainean argi pixka bat egin nahian. Interes komertzialak ere badira tartean, DFW markak saldu egiten baitu azken batean. Azken hori asmo literarioei gailendu zaien susmoa zabaldu da egunotan komunikabideen artean, idazlea hil zenetik argia ikusi duen bigarren lanaren harira, Both Flesh and Not (2012). 1980ko hamarkadatik 2007a bitartean DFWek idatziriko ez-fikziozko hainbat testu biltzen ditu liburuak. Denetariko gaiak jorratzen dituzte testuek, Roger Federer tenislariaren maisutasunetik hasi eta «matematika melodrama» deritzon genero literarioan amaituta. DFW sinadura eraman arren, kritikak hotz hartu du lana. «Testu hauetako batek ere ez zuen Wallacek, bizirik zela, argitaratu zituen ez-fikziozko bilduma bikainetako batean ere sartzeko mozketa gainditu. Beraz, definizioz, ez dira bere lanik onenetakoak», esaten zuen The New York Times-en argitaraturiko iruzkinak.
DFW Thomas Pynchon eta Don DeLilloren ondorengo zuzena izendatu zuen kritikak, beraz, ez dago egilearen bigarren mailako lana (eta, dirudienez, horixe da argitaratu gabe geratzen den bakarra) publiko egitearen alde.
Wallace DFW bihurtzeko bidean jarri zuen lanak, bere estreinako nobela hain zuzen, 1986an ikusi zuen argia. Emakume gazte baten nortasun bilaketa oinarri hartuta, The Broom of the System-ek errealitatea artifiziotik bereizi ezin duen AEBetako gizartearen erretratu gordina eskaintzen digu. Egilearen lanik ezagunena (eta aztertuena), Infinite Jest, hamar urte geroago etorri zen. 1.079 orriko «munstro» horrek bere buruarekin, plazerarekin eta entretenimenduarekin itsututa dagoen etorkizuneko herrialdea (AEBen metafora garbia) du hizpide. (Nobelan, presidentea, Johnny Gentle, abeslari ohi bat da). Liburuaren izenburuak terrorista talde batek eskuratu nahi duen filmari egiten dio aipamen. Filma ikusteak ahuldu egiten du bat, eta hil ere egin dezake plazer hutsez. Infinite Jest kultuzko nobela bihurtu zen berehala bere idazkera apurtzaileagatik («kontzientzia jario haluzinogenikoa» izendatu zuten DFWen teknika), baina kritika gogor bat edo beste ere jaso zuen (Harold Bloomek nobelari zentzua aurkitu ezinik jarraitzen du). Bere hirugarren nobela amaitu gabe utzi zuen, eta bere horretan argitaratu zuten 2011n The Pale King izenburuarekin. Ipuin bildumak (Girl with Curious Hair, 1989; Brief Interviews with Hideous Men, 1999; Oblivion, 2004) ere idatzi zituen, A Supposedly Fun Thing I’ll Never Do Again (1997) eta Consider the Lobster (2005) ez-fikziozko lanez gain.
Aipatu lanek kezka bera dute ardatz, DFWen tesia bezala ezagutzen dena. Idazleak hizkuntza naturalean egiten ditugun bereizketak (hots, hizkuntz aldaerak) antzemateko eta islatzeko gai izango zen sistema formala eraikitzea zuen helburu eta, modu horretan, azken hamarkadetako arazo filosofiko nagusietako bati irtenbidea eman. DFWek AEBetako unibertsitate batean eskainitako hitzaldia jasotzen duen Fate, Time, and Language: An Essay on Free Will (2011) lanari egindako hitzaurrean, James Ryersonek esaten du «Wallaceren lanaren alderdirik filosofikoena irakurleari gaiaren (berdin du zeinen ezdeusa edo zentzugabea den) muinera heltzeko ahalmena, fenomeno edo esperientziaren esentziara heltzeko gaitasuna» eskaintzen diola hizkuntzaren erabilera dela medio.
Batzuk beldur dira erdi mailako lanen argitalpenak ez ote dien egilearen tesiari eta haren izen onari kalte egingo. Hala ere, kritikari batek duela gutxi adierazi bezala, «Wallaceren obra —nobelak, ipuinak, ez-fikziozko lanak— kanon garaikidean ondo egokituta daude, eta haren heriotzaren ostean argitaraturiko bigarren mailako saiakera pare batek ez du hori arriskuan jarriko».