Mikel Asurmendi / 2013-01-27 / 463 hitz
- Izenburua: Barkamena, kondena, tortura
- Egilea: Joxe Azurmendi
- Argitaletxea: Elkar
Hiru egitatek harilkatzen dute saio hau: barkamenak, kondenak eta torturak. Bi erakundek saretzen dute jendearen askatasuna: Elizak eta Estatuak. Hitz batean biltzen da norbanakoaren izaera: kontzientzian. Ondorioa: iraganean Elizak nola, halaxe kontrolatzen du Estatuak egun gure kontzientzia. Beste bat, hau nirea: dialektikak moldatzen du pertsonon kontzientzia. Eta logikak. Alta, behialako logika galbidean dugu giza abereok.
Joxe Azurmendiren saioaren harian, gogoeta batzuk:
Torturaz: beldurra da gizakiok ezaugarritzen gaituen jarrera behinena. Elizak tortura du historiaren bilakaeran, baita Estatuak ere orain. Demokrazia edo diktadura sistemetan —biak ezagutu ditugu elkarren segidan gure hegoaldean— torturatzen da. Tortura, hala ere, norbanakoaren erresistentziaren arabera gauzatzen da. Gure iparraldean torturaren heina bestelakoa da hegoaldekoaren aldean.
Saiogileak, tortura hizpide (138 or.), sentimendua eta arrazoia aipatzen ditu kontzientziaren zanpaketaren aurkako borrokan. Torturak ez duela torturatuaren sentimendua ezabatzen dio, areago, berresten diola borrokaren arrazoia: «Orain ondo daki: zuzena zen bere borroka». Neronek ez dut aburu horren kausa ondorio logikoa kausitu. Torturatua izateak borrokaren zuzena bermatzen al digu?
Kondenaz: bortxaren kondenaz ari zaigu saiogilea. Kondena gure izate kristauaren ondorioa da, jainkoaren zigorra. Are, Estatu laikoan kondenaren mania instalatu da. Estatuaren arazoa ez da morala ordea, politikoa baizik. Alta, etikak iritzia eman behar du bortxari buruz. Etikak inplikazio historiko eta politiko guztiak kontuan izan behar dituela, diosku Azurmendik. Ados. Estatuak ez ditu hiritarrak nahi, menpekoak baizik. Areago diot nik, euskaldunok súbditos edo routiers izaki. Horra, gurean bortxa bitan. Nire aburua da baina, logika galbidean duen egungo gizabanakoari kondena egitatea kontzepzio eskas ote zaion. Gizabanakook kondenatuak jaio izanaren kontzientziaz libratzeko ez ote dugun gure burua kondenatzen ikasi behar. Gizabanakoak bere burua libreki kondenatzeak askatuko duela Elizaren eta Estatuaren menpekotasunetik.
Barkamenaz: «Gizarte laikoa omen gara, har dezagun behingoz seriotan laikotasuna» diosku. Gurean baina «damu naiz» esatea gure burua infernura kondenatzea da. Ez Elizak sorrarazi digun infernura, jendarte ustez laikoan sortu dugun infernu partikularrera baizik. «Dolu dut» esateak gure kontzientzia durduzatzen baitu. Ez gara kristauak, baina zer beste gara? Errua, kontzientzia bezalaxe, norbanakoarena da. Nonbait, diot, errugabetasunaren kontzientzia garbitzeko modua kristautasunaren aurreko basakristau hartara bihurtzea litzateke. Basaren gogoa baino ez da aske.
Dibinoaz baino mintza gaitezen lurrekoaz. Euskaldunon auzia, hein batean, Jainkoaren eta Lege-zarraren (EAJren) ondorioa da. Ordea, auzitan dagoena ETA da, haren ondorioa. Mendez mendeko kontzientzia menperatuaren ondorioa. Damua aitortzeak bakea ekarri behar luke. Estatuak —botereak— bakea nahi du, baina garaipenaren truke. Galdera eternala da: bortxarik bai baino, bortxa zuzena bai edo ez? Apaiz batek errana gogoan: «ETA mata, pero mata mal». Mito erlijioso salbatzailearen kritika aspaldi egin ei zen, mito politiko analogoarena oraindik ez. Axola duena dialogorik nahi den edo ez. Eta denok autokritikarik txikienerako prest ote gauden. Botereak bereziki egin nahi duen azpimarratuko nuke nik.
ETAk estatu(ar)en kontrakarrean biziarazitako barkamenak, kondenak eta torturak gure gogoa inarrosi ostean, Euskal Estatua gogoko aldarria dugu gurean. Euskaldun askea oximoron ote?