Garikoitz Goikoetxea / 2013-01-26 / 856 hitz
Ikasleek kalean baino gehiago jarduten dute euskaraz ikastetxean; egoerak badu eragina: gelan gehiago egiten dute jolastokian baino.
Adina giltzarri da: zenbat eta helduago izan, orduan eta gehiago mintzo dira gaztelaniaz.
Euskara beste eremu batzuetan baino nabarmen gehiago erabiltzea lortu du eskolak, nahiz eta gelatik irtetean gaztelaniara jotzen duten ikasleek. Horra hor zer ondorio atera duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estudianteek ikastetxean zer hizkuntza darabilten aztertuta. Euskalduntzean hezkuntzak egindako lanari gehitu diote, beraz, erabileran duen eragina. LH Lehen Hezkuntzako laugarren mailan, 9-10 urterekin, %20ren hizkuntza nagusia euskara da; ordea, ikasgelan, %60k erabiltzen dute beti edo gaztelania baino gehiago. Gelatik irtetean kopuru hori jaitsi egiten da —%29ra jaisten da euskararen erabilera—, baita adinean aurrera eginda ere: DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailan, 13-14 urterekin, %28 dira gelan euskara maiz darabiltenak.
Hiru erakundek elkarlanean egin dute Arrue ikerketa: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeak eta Soziolinguistika Klusterrak. «Mugarria» da, aurrekaria. 2011ko Ebaluazio Diagnostikoa baliatu zuten proba egiteko: LHko laugarren mailako eta DBHko bigarren mailako ikasle guztiek parte hartu dute. Ez du huts-egite tarterik. Ikerketa atzo aurkeztu zuten Soziolinguistika Klusterreko ordezkariek, Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak eta Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordeak.
Emaitza batzuk aurkeztu zituzten atzo, aurrerapen gisara. Hona hemen datuak, xehatuta, atalka:
Gelako harremanak
Kalean baino toki handiagoa
Euskarak tokia nabarmen irabazi du ikasgelan, kalearekin alderatuta. Kaleko erabilerari buruzko ikerketak hartuz gero aintzat, %18 inguruk erabiltzen dute euskara 16 urtez beherakoen artean. Hartu orain 9-10 urteko gaztetxoak ikasgelan, eta hirukoitza da portzentajea: %60 aritzen dira batez ere euskaraz. Datu hori bereziki nabarmendu du Baztarrikak, eta ohartarazi du kontuan eduki behar dela zein den ikasle horien profila: euskara lehen hizkuntza dutenak %20 soilik dira. Gaztetxo askorentzat, horrenbestez, euskaraz ikasteko ez ezik, aritzeko tokia ere bada eskola. «Argi dago funtsezko ekarpena egin diola hezkuntzak euskarari, aurrera egiteko», esan du Aurrekoetxeak.
Adinarekin sortzen dira gorabeherak. DBHko bigarren mailan, 13-14 urterekin, alderantzikoak dira portzentajeak: gaztelania darabilte ahotan ikasgelan bertan ere %60k —LHn %25 dira—, eta euskararen tokia eskasagoa da, %28koa —LHn %60koa—. Irakats-aldi batetik bestera egoera iraultzen dela ohartarazi dute ikertzaileek. Kontuan izatekoa da DBHn portzentaje handiagoa dela lehen hizkuntza euskara dutenena. Aintzat hartzekoa datua: gazteagoak, eta LHn gutxiagok dute euskara lehen hizkuntza.
Zer gertatzen da 9-10 urterekin euskara nagusi izateko eta gero 13-14rekin gaztelaniara jotzeko? Gizarteko egoerarekin lotu dute aldaketa hori adituek; alegia, nerabezarora hurbilduta, gizartera hurbiltzen joaten direla gazteak, eta ikastetxea ez dela haien erreferente nagusia. Baztarrika: «Eskola ezinbesteko da euskara biziberritzeko, baina, noski, bakarrik ezin du. Gizarteak ikaragarrizko eragina dauka». Erdaraz jarduten dute gaztetxoen erreferente gehienek. «Horregatik da beharrezkoa hizkuntz politika gizarte osoari begira egitea». Ez baita aski euskaraz jakitea. «Uste izaten da zuzeneko korrelazioa dagoela ezagutzaren eta erabileraren artean, baina ez da horrela. Erabileren errealitatea oso da konplexua, faktore askok eragiten dutelako», ohartarazi du Baztarrikak.
Jolastokiko harremanak
Gizartearen ispilua
Ikasgelako atea zeharkatzean gutxitzen da euskararen lekua. Jolastokian ikasleak elkarren artean nola aritzen diren aztertuta, gaztelania da nagusi. 9-10 urterekin, erdaraz mintzo dira hamarretik sei jolas orduan; 13-14rekin, are gehiago, lautik hiru. Horrenbestez, jolastokian ere bere horretan jarraitzen dute irakats-aldien arteko diferentziek: zenbat eta helduago, orduan eta toki gutxiago du euskarak. Eragina faktore askok dute horretan, baina bi aipatu dituzte bereziki: 9-10 urterekin, aldagai esanguratsuena hizkuntz eredua da; 13-14 urte dituztenetan, eskolaz kanpoko jardueretan zein hizkuntza darabilten.
Ikasgelatik kanpo egoera aldatzea ez da harritzekoa, ikertzaileek diotenez; gizartearen ispilu da egoera, azkenean. Aurrekoetxeak adierazi du esparruak irabazi behar dituela euskarak eskolan ere; alegia, ikasgelan egin duen bezala, kanpoan ere aurrera egin behar duela. «Esparru formaletik atera behar da. Eskolaz kanpoko eremuetara iristea ere bada gure helburua, jardun horiek euskalduntzea». Azterketaren ondorioetan, hain zuzen ere, nabarmendu dute eskolaz kanpoko ekintzek aparteko zeresana dutela gaztetxoek euskaraz jarduteko orduan.
Eremuak euskaldundu behar dira, horrenbestez. Baztarrikak azaldu du gazteek batez ere gaztelaniazko produktuak kontsumitzen dituztela, eta gero eta gehiago ingelesezkoak. «Eta ona da gaztelania, frantsesa, ingelesa eta beste hizkuntza batzuk erabiltzea. Kontua da euskarak tokia aurkitu behar duela horien artean». Etxetik hasita. «Familiako transmisioa ez da mugatu behar lehen urteetan hizkuntza jasotzera. Gero erabili egin behar da, eragina baitu etxean egiten denak».
Irakasleekiko harremanak
Normalizatutako eremua
Gehien, irakasleekin erabiltzen dute euskara ikasleek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aldeak handiak dira, gainera. Lehen Hezkuntzako laugarren mailan, lau ikasletik hiruk euskaraz egiten dute irakaslearekin; DBHko bigarren mailan, hamarretik seik. Bi irakats-aldietan, horrenbestez, joera oso argia da irakasleari euskaraz egitea. Askoz txikiagoa da erdaraz harremantzen direnen kopurua, baina aldeak badira hor ere: LHn %13 dira, eta DBHn, %26. Argia da ondorioa: ikasle asko, nahiz eta ikaskideekin gaztelania erabili, euskaraz aritzen dira maisu-maistrekin hitz egitean. Bi irakats-aldietan gertatzen da berdin. Are gehiago: irakasleen kasuan, gelatik kanpoko erlazioan ere euskarak segitzen du hizkuntza nagusi izaten.
Aldagai guztiak aztertuta, egin dute eskala bat, eta bistan geratu dira irakats-aldien artean dauden aldeak. Hona: Lehen Hezkuntzako laugarren mailan, batetik bostera, 3,26 jarri diete, erditik gora; DBHko bigarren mailan, berriz, 2,60 puntu, erditik behera, beraz.
Maisu-maistrek egindako lana goraipatu dute datuak ikusita, euskararekin izan duten atxikimendua. Baztarrikak adierazi du hori dela gakoa: «Ezinbestekoa da herritarren atxikimendua, borondatea. Euskarak erakargarri izan behar du, seduzitu egin behar du». Adierazi du «bermatu» egin behar dela euskara erabili ahal izatea, eta nabarmendu du guztien egitekoa dela euskara hauspotzea: «Euskaldunon esku dago euskara sozialki indartzea».