Imanol Mercero / 2013-01-20 / 400 hitz
- Izenburua: Marikanta eta inurriak
- Idazlea: Mariasun Landa
- Ilustrazioak: Jokin Mitxelena
- Argitaletxea: Erein
Tapa gogorreko edizio koloredun txukunean argitaratua, txitxarraren eta inurriaren fabula ezagunaren bertsio modernoa dugu hau, fabuletan agertzen zaizkigun estereotipoak gainditu eta istorio sakonago eta luzeago bat eskaintzen duena.
Kontaketak 32 orrialde hartzen ditu, horietatik erdiak testuari eskainiak eta beste erdiak irudiei. Narrazio irudidunetan ohikoa den eran, irudiak testuaren morrontzan daude, eta kontaketaren hariari testuingurua ematen diote, fokua ezartzen laguntzeaz gain.
Irakurketa arineko testua da, elkarrizketa eta esaldi laburrekin josia, menpeko esaldirik apenas duena eta puntuazioa artezki darabilena, jariotasunari bidea ziurtatzen-edo.
Umore dosi handitan kontatzen zaigu nola Marikanta deritzon txitxarrak amarru bat asmatzen duen inurriak engainatu eta negua eurekin igarotzen utz diezaioten. Inurrien Abesbatzen Lehiaketa bat izango dela kontatzen die eta, intsektu langileen harriduraz baliaturik, bere burua laguntzeko eskaintzen die, inurriak kantuan abilak izan, batere abilak ez direlako. Baietz esaten diote —ulertzekoak diren zalantzak alde batera uztea lortzen dutenean— eta negua entseguetan pasatuko dute, gogor saiatuz, baina ez oso emaitza onarekin.
Marrazkiak umore tonu berean eraikitako plano pikatu orokorrak dira. Inurriak obretako beharginen kaskoarekin agertzen dira eta Marikanta, nola ez, «ederra» dago. Kolore grisaren gainean erantsitako horia nabarmentzen da intsektuetan, eta grisaren gainean ezarritako berdea eta urdina begetaletan. Oso une jakinetan gorria erabiltzen da begetalak (orbela, udaberriko lilia) edota intsektuak (zizareak) adierazteko. Protagonista soineko eta pamela hori-gorri karratudun karrankariarekin agertzen zaigu, soilik diva bati zilegi zaion gisan.
Testuan zehar pertsonaien izaeraren berri ematen zaigu eta izaera horren gainean narratzaileak zeharka balorazioa egiten du. Esaterako hauxe esaten da txitxarraz: «Marikanta txitxarrak ez zuen ia ezertan pentsatzen: beharbada horregatik abesten zuen hain ongi» eta hau ere bai: «Eta gogoa, txitxarren kasuan, legea izan ohi da». Eta hau, ironia gainezka dariola, inurriez: «Egia esanda, oso gutxitan izaten zuten aukera beren balioa azaltzeko, zein interesgarriak izatera hel zitezkeen azaltzeko, beren dohainak eta bertute ezkutuak argitara ekartzeko…». Eta beste hau amaiera aldera: «Gainera, artez bete zuela inurri triste eta aspergarri batzuen bizitza pentsatzen zuen [Marikantak]».
Liburuaren amaieran gaudela, Leonor sorgin-orratzak hitza hartzen du, kontzientziaren ahotsa bailitzan: «Ez al dizu lotsarik ematen langile gaixo horiek engainatu izanak?» Eta hala eginik txitxarrari eta narratzaileari euren burua zuritzeko aukera ematen die: «Harrezkero, zizareek diote inurritegi hartako inurriek lehenago adina lan egiten dutela, baina poz handiagoz (…). Eta bada ordutik txitxarrak gozoago hartzen dituztela esaten duenik ere».
Inondik ere, fabula Samaniegotarra gainditzen duen obra da hau, irakurleak, duda gutxi, atseginago hartuko duen fabula 2.0 joeraren emaitza gogoangarri bat.