Josean Gil-Garcia / 2012-01-04 / 419 hitz
Getxotik Sopelara doan pasealeku erosoa baliatuko dugu bertako paisaia ikusgarriaz gozatzeko. Gero, zidor ezkutu batek Plentziako herriraino lagunduko digu.
Getxo herrian (Bizkaia) hasiko dugu ibilbidea, Andra Mari auzoko Bidezabal metroko geralekuaren aurreko plazan, hain justu. Lehenik eta behin, Galeako gotorlekurako bideari ekingo diogu, zirkulazio seinaleak agintzen duenez. Aixerrotarako noranzkoa ere baliatuko dugu Abrako itsaslabarra korritzen duen zidor egokituarekin bat egiteko.
Hasieran, platanondoz osaturiko ilara batek ederki bideratuko gaitu behialako haize errotarantz. Kalea amaitu gabe, ordea, ezkerretik doan oinezkoentzako kaleari ekin, eta itsasadarrera begira jarriko gara. Bilboko merkataritzarako portua aurrez aurre dugu. Haren gainean, Serantes eta Luceroko lurmuturra, eta, atzerago, Grumeran mendilerro gorabeheratsua.
Aixerrotaren albotik igarota, kostaldearen paraleloan jarraituko dugu, ibilbide egokitua galdu gabe. Galeako gotorleku zaharrera doan bidea hartuta, platanondoek lagunduko digute ibilaldi sosegatua osatzen. Zutik dirauen XVIII. mendeko eraikin militarrera iritsita, lehen eserlekuak eta barandak ikusiko ditugu. Dena txukun-txukun modu seguruan naturaz gozatzeko. Ulertzekoa da zidorraren gainean administrazioak hartutako ardura, zidor preziatu horretara igandero ehunka bizilagun biltzen baitira. Haizea indarrez dabilenetan, gainera, ikuskizun aparta baten lekukoak izango gara; izan ere, egun haizetsuetan itsasoari darion indarra paregabeko amu bilakatzen da.
Altxorra, Gorrondatxakoan
Asfaltoa amaituta, bideak eskuinera egingo du, eta, Abrako bokalari bizkarra emanez, ekialderako urratsak egiten hasiko gara. Lehen aldapatxoari horzkada majoa eman ondoren, ikuspegi ederrak izango ditugu: Gorlizko itsasargirainoko tartea, begi bistan. Kostaldetik hurbil, berriz, Jata mendia nabarmenduko dugu, bere hedagailuari esker. Apenas ohartu gabe, bideak Gorrondatxako (edo Aizkorri) hondartzaraino lagundu digu. Geologiari dagokionez, aurkikuntza ederra egingo du ibiltariak Bizkaiko zoko polit horretan. Estratigrafiarako Nazioarteko Batzordeak (ICS) 2011n eginiko ikerlanaren arabera, Gorrondatxako bazterra Lurraren historiako Lutetiar atala ikusteko ezin hobea da eta. Nonbait, muga geologikoaz jabetzeko munduko arroka azaleramendurik onena da itsasotik metro gutxira tolestuta agertzen diren estratuek osatutakoa.
Barinatxeko hondartza da hurrengo interesgunea. Hara bideratuko ditugu gure pausoak, astiro-astiro. Hondartzara doan bidearen aurrean gaudela, aparkalekua zeharkatu eta Arriatera-Atxabiribil hondartza zabalera jaitsiko gara. Inguruko tokirik ezagunena da, eta, uda partean, jende gehien erakartzen duen leku ederra. Itsasbeheran hondartzatik bertatik jarraitzeko aukera dago. Arrietarako bazterrak korrituz, Atxatoki harkaitzaren parez pareko Sopelmar urbanizaziora igoko gara. Gero, labarraren ondotik jarraituko dugu, betiere zidorrari men eginez. Minutu gutxiren buruan, Kukulumendi tontorrean izango gara. Jaitsiera xume batek MeƱakotz hondartzaraino lagunduko digu. Barrika eta Sopela udalerrien arteko mugan gaude jada. Eskuinetik, Zabaletxe auzotik datorren bidea batzen zaigu. Labarra korritzen jarraituta, Kurtzioko gaina inguratu, eta Barrika herrira jaitsiko gara. Errepide nagusiaren paraleloan doan kaletik eginda, Elordui fundaziora iritsiko gara. Han, eskuinera jo, eta Plentziara doan errepide ondoko espaloitik jarraituko dugu aurrera. Plentziako Geltokiko zubian jarriko diogu amaiera ibilbideari.
Getxora itzultzeko, garraio publikoa (trena) baliatuko dugu.