Ion Olano Carlos / 2012-12-23 / 665 hitz
Helduko da laster 2013. urtea, eta harekin batera urteurren bitxi bat: urtarrilaren 3an 90 urte beteko dira Jaroslav Hasek idazle txekiarra bat-batean hil zela, amaierarik gabe utzirik bere lanik ezagunena: ‘Xveik soldadu onaren menturak’.
Atalka eman zuten argitara, 1920 eta 1923 artean, izenburu luze xamar batez: Osudy dobrého vojáka Svejka za svetové války. Garai hartako kritikariek gupidagabe gutxietsi zuten Jaroslav Hasek-en lana: hizkera arrunt lohia, desegokia ei zen harena. Hamarraldi batzuetara, Xveik soldadu onaren menturak txekieraz idatziriko literatur lanik garrantzitsuena zela zioten adituek, aho batez ia. «Barrez lehertzeko satira antimilitarista» eta antzeko iruzkinak irakur daitezke egun. Irakurle samalda konkistatu du haren prosa joriak, ez bakarrik Txekiar Errepublikan eta Eslovakian, baita munduko dozenaka herrialdetan ere —60 hizkuntzatan irakur daiteke Hasek—, baina bereziki Europa erdialdean utzi du arrastoa.
Adibide bat aipatzearren, honako hau dio Karlos Cid Abasolo itzultzaileak euskarazko edizioaren hitzaurrean (Ibaizabal, 1992): «Txekiar Hizkuntzaren Eskuko Hiztegian xveikatu hitza aurki dezakegu, zabar ibili, pasiboki jarkitzeko ergel bihurtu esangurarekin. Munduaren balio-eskala eta mundua bera hankaz gora daudenean, libre sentitzeko modu bakanetako bi zoroarena egitea da (On Kixotek egiten duen bezala) edo ergelarena egitea (Xveikek egiten duen bezala), baina itxurak hain trebeki egiten direnean baliteke duda egitea zoramen edo ergeltasun hori berariazkoa ote den. Eta, literaturaren onerako, duda hori ez zaigu inoiz argituko».
Mila eta bat aurpegi
Jaroslav Hasek Pragan jaio zen 1883an, Franz Kafka bezalaxe. Datu horretatik aparte, zerikusi gutxi dute idazle bien ibilbideek. Kafkak alemanez idatzi zituen bere mundu ilunak; Hasek-ek, berriz, txekieraz barre egin zien mundu ilun guztiei. Ez ote da kazetarion apeta hutsa, idazle txekiar biak parekatzea? Izatez, harreman askoz estuagoa du, esaterako, Bohumil Hrabal idazlearen lanarekin, zeinak beti aitortu izan baitu Hasek-en eragina.
Gazterik hasi zen idazten eta argitaratzen, poemak eta bidai-oharrak gehienbat. 1907an Komuna aldizkari anarkistako erredaktoreburu izendatu zuten. Aldi berean, feminismoari buruz idazten zuen Zensky obzor (Emakumeen zerumuga) kazetan, eta animaliei buruz Svet zvírat (Animalien mundua) aldizkarian. Azken horretarako idazten zituen artikuluetan animalia zinez bitxiak azaltzen ziren, eta kontua da piztia horiek ez zirela inon, bere irudimenean baino. Errezeta higuingarri batzuk ere jendarteratu zituen, baita gizotsoak hezteko modu egokia argi eta garbi azaldu ere. Handik gutxira, kalera bota zuten Hasek.
Ipurterrea izaki, berehala bilatu zuen beste zeregin bat: SMPVMZ alderdia eratu zuen (Legediaren Mugen Baitako Aitzinamendu Moderatuaren Alderdia) 1911ko bozetan hautagai izateko asmoz. Hasek hautagaiak solas egiten zuen neurritsu izatearen alde, erradikalismo oro baztertzearen alde, esklabotza berrezartzearen alde. Ez hori bakarrik: arrainontzi bana emango ziela hitzeman zien bere boto-emaileei. Hala, satira galanta sortu zuen gainerako alderdien kontura, eta bereziki, sistema politikoaren kontra.
Zakurrak lapurtzen eta saltzen ere aritu zen Hasek bolada batez. Eta nola ez, pedigriak asmatzen zituen sasiko zakurrak saltzeko. Ogibide horixe du fikzioan Xveik onak. Buhame bizi zen Hasek, batetik bestera alderrai, harik eta Austrohungariar Inperioko armadan izena eman zuen arte. Xveik soldadu onak bezalaxe. Armadan nagusi izan zituenak benetako izen-abizenez sartu zituen liburuan, haien jokaera salatzeko.
1915eko irailean, errusiarrek preso hartu zituzten Hasek eta bere kideak. Espetxealdia igarota, beste alderdira pasatu zen idazle txekiarra, eta errusiarren alde borrokatu zen. 1918an borondatez izena eman zuen kausa boltxebikearen alde borrokatzeko; aldi berean, Legio Txekiarrarekin ere hartu zuen borroka konpromisoa.
Pragara 1920an itzuli, eta Xveik soldaduaren menturak idazten hasi zen. Berez, aurrez idatziriko ipuin batzuetatik hartu zuen pertsonaia gogoangarria; tamalez, ipuin horiek galduta daude egun. Hiru liburukitan bildu zituzten Xveiken gerra ibilerak, eta laugarrena idazten ere hasia zen. Tira, idazten baino gehiago, diktatzen; izan ere, ohetik altxatu ezinik zegoen gerra garaian hartutako tuberkulosiak jota, eta, jakina, baita urte luzeetako alkoholismoak ere. Karel Vanek idazle eta lagunak egin zuen saioa Xveiken abenturak jarraitzeko, baita gerora beste hainbatek ere. Nolanahi den, urrun gelditu dira denak Hasek-en distiratik.
Ezin txalotu gabe utzi Cid Abasoloren lana eta ahalegina, euskarara ekarri izanagatik halako idazlan titanikoa. Hara zer dioen itzultzaileak berak hitzaurrean: «Eta bukatzeko, aholku txiki bat, liburua ulertzen lagun dezakeena: Praga aldera joanez gero, ez ahaztu ‘U kalicha’ (‘Kaliza’) tabernan sartu eta bertan litro erdiko nahi be0ste garagardo hartzea, Xveiki topa eginez. Zaude seguru Xveik soldadu onaren eta Palivets tabernariaren izpirituak hortik dabiltzala hegaka, nornahiri abegi eginez».