Erredakzioa / 2013-01-06 / 424 hitz
EHUko Literatur Mintegiak 46 idazlek hiru galderari eman dizkieten erantzunak bildu ditu liburu batean.
Batzuk labur-laburrak, besteak luzeagoak, guztira 138 erantzun biltzen ditu Idazleei galdezka liburuak: 46 idazlek hiru galderari emandakoak. Honako hiru galdera hauei, hain zuzen ere: «Zergatik idazten duzu?»; «Idaztea noraino da librea?»; eta «Zein autore/obra dituzu gogokoen?». Idazleen artean, Joxean Agirre, Jon Alonso, Pako Aristi, Aurelia Arkotxa, Joxe Azurmendi, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Aingeru Epaltza, Juan Kruz Igerabide, Joxemari Iturralde, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra, Patziku Perurena, Kirmen Uribe, Arantxa Urretabizkaia, Iban Zaldua eta Patxi Zubizarreta daude, besteak beste. Euskal Herriko Unibertsitateko Literatur Mintegiak landu eta apailatu du liburua, eta EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu, Patxi Salaberri Muñoa mintegiko kidearen hitzaurre batekin.
Liburuak hainbat eredu ditu historian, Salaberri Muñoak Idazleei galdezka-ren hitzaurrean dioenez. Lehena 1919koa da; urte hartan, Paul Valery akuilari zutela, Andre Breton, Louis Aragon eta Philippe Soupault idazle surrealistek 75 idazlek «Zergatik idazten duzu?» galderari emandako erantzunak bildu eta argitaratu zituzten Littérature aldizkarian. Libération egunkariak 1985ean argitaratutako Pourquoi écrivez-vous? ale monografikoa ere oso gogoan izan dute mintegiko kideek; mundu osoko 400 idazleren erantzunak jaso zituen, haien artean Samuel Beckett, Nadine Gordimer, Jose Saramago, Juan Rulfo, Salman Rushdie, Italo Calvino, Graham Greene, Mario Benedetti, Raymond Carver, Jorge Luis Borges, Milan Kundera, Heinrich Boll eta beste hainbat eta hainbat idazle ezagun.
Idazleek idatziz erantzun diete liburuaren apailatzaileei, eta erantzunak «bere horretan» jasota daude liburuan, Salaberri Muñoak azaldu duenez, «nahiz eta formatu-moldaketaren batekin, argitaratze-lanaren premiek hala aginduta».
Mintegiko kideek ez dute egin jasotako erantzunen azterketarik, ez dute haietatik ondoriorik atera. Baina, batez ere, liburuak agerian uzten du idazleek literaturari buruz dituzten ikuspuntuak askotarikoak direla.
Askotariko ikuspegiak
«Lumarekin batzuek idatzi egiten dute, idazleak dira: poetak, nobelistak, ipuilariak», erantzun dio Joxe Azurmendik «Zergatik idazten duzu?» galderari. «Nik lumarekin lan egiten dut eta langilea naiz besterik gabe; idazkina. Ene haurtzaroko basomutil nafarren antzera, euren lanetako lankide naiz, beste pentsamendu bat, beste euskara bat, bestelako herri bat jaso nahiz, ekipoan diharduten langileekin. Hala, nik idatzi dudana, guztion borroka eta premietatik idatzia da. Literatoak askatasunetik idazten badu, euskarazko saiogileak, onenean ere, askatasunerako».
Oso bestelakoa da Itxaro Bordak galdera berari ematen dion erantzuna: «Ba ote dakigu zergatik egiten ditugun gauza batzuk? Betidanik idatzi izan dut, haurra nintzenean ere, orduan niretzat idaztea hatsaren hartzea bezala da. On egiten dit, baketzen eta noiz behinka edertzen nau eta mundua ulertzen laguntzen dit. Idaztea azkenik nire bakartasun sentimendu kongenitalaren justifikatzeko baliatzen dut, bakartasun horren muinetik balizko irakurlea gozatzeko aukera hazten zaidalarik».
Aurrekoen aldean, laburragoa eta zorrotzagoa da Juan Kruz Igerabidek idazteko motiboak azaltzeko emandako erantzuna: «Heriotzari ziria sartzearren. Eta, bide batez, honi edo hari».