Imanol Mercero / 2012-12-23 / 395 hitz
- Izenburua: Amattoren uzta
- Idazlea: Mayi Ariztia
- Ilustratzailea: Maite Gurrutxaga
- Egokitzailea: Patxi Zubizarreta
- Argitaletxeak: Alberdania, Erein eta Igela
Ahozko tradizioa oparoa da euskal literaturan. Aspaldian ahaztuxea bagenuen ere, iritsi zaigu beste behin horren lekuko bat: Mayi Ariztiaren Amattoren uzta.
Patxi Zubizarretak apailatzaile lan oso delikatua egin du hamabost ipuinekin osatutako «uzta» hau egokitzen. Haren ekarpenaren gakoak ulertu eta bereziki argitalpen honen mugak eta balioak ezagutzeko, aitzakiarik gabe irakurri behar zaio aitzinsolasa, txera handiz prestatu duena, nire ustez.
Ipuin hauen jatorrizko argitaratzailea Mayi Ariztia izan zen, XX. mendean Ipar Euskal Herrian eduki dugun biltzaile garrantzitsuena. Aita Donostiak adoretuta, Ariztia andreak maiz argitaratu zituen ipuinak Gure Herria aldizkarian, bereziki 30eko eta 50eko hamarkadetan. Amattoren uzta 1934an kaleratu zuen, aldizkari beronen laguntzarekin, hamasei ipuinekin, euskaraz eta frantsesez, bi zutabetara. Liburu haren berrargitalpen gaurkotuena Elkarrek kaleratu zuen, 1982an.
Ariztiaren bildumako ipuin gehienak, hamar, Josepe Amorenari jasotakoak dira. Amorena ipuin kontalaria zen ofizioz, Sara inguruan arto zuriketan eta halakoetan ari zirenen nekea arintzeko kontratatua izaten zena. Ariztiarekin aritu zenean, laurogei urtetik gorako aitona zen.
Amattoren uzta Klis-Klasikoak deritzon bildumaren bosgarren titulua da. Klis-Klasikoen xedea klasiko unibertsalak eta euskal jatorriko ezinbestekoak berrargitaratu eta eguneratzea da, kalitate handienaren bermearekin. Hartara, egitasmo horren atzean daude Haur eta Gazte Literatura sustatzeko euskal erakundea (Galtzagorri elkartea), Eusko Jaurlaritza eta itun berezi baten pean batu diren argitaletxeak.
Uzta osatzen duten hamabost ipuinetan estilo ugari aurkituko ditu irakurleak, joera batzuk nagusituta ere. Ipuinek kristau fedearen eragin nabarmena dute, bereziki Amorenaren aleetan, ziurrenera gizon horren grina espiritualagatik. Gainera, kontalari horren ipuinek badute laburpen izaera nabarmen bat, ale berdinak baina osatuagoak aurreko mendean Ipar Euskal Herrian bildutako bildumetan ia hitzez hitz aurkitzen direlako.
Guztietan aipagarrienak Axularri eskainitako bi aleak dira, gardenki erakusten dutenak nola sortzen diren tradizioko ipuinak pertsonaia historiko baten inguruan, fantasiaz eta ahozko mekanikaz beteak, hiru menderen buruan.
Apaizak, zerua eta infernua, hildakoen arimak eta deabrua, horiek dira ipuin gehienetako gertaeren leitmotiva. Gehienak giro baserritar eta feudalean kokatzen dira. Bada Joan Hartzaren aldaera bat, bai eta buru argitasuna eta iruzurra konbinatzen duten hiruzpalau ale ere. Horien artean, harri azpian trabatutako sugea laguntzen duen morroiaren aldaera bat dago, sugearen ordez gamelu haragijale bitxi bat daukana.
Ipuin kateatu original bat ere badu, Grimm anaien Korbes jauna ipuinaren aldaera ematen duena, oso eskatologikoa eta barregarria, halako umorea duenarentzat.
Liburuak dituen hamasei irudietan, Maite Gurrutxagak giro landatar ohikoari ikusmolde berri bat erantsi dio, klasikoa bezain berritzailea iruditu zaidana.
Hortan fini da ixtorioa.