Erredakzioa / 2013-01-08 / hitz
Irudiz eta musikaz hornituta aurkeztu du Fernando Morillok idatzitako istorio apokaliptikoa
«Biharko liburua» dela esanez aurkeztu du Gaumin argitaletxeak Itzalen sua; eta gero honako hau gehitu dio esaldi horri. «Ez. Ez da liburua: testuaren inguruan eta gainean, ilustrazio zinematikoa eta interaktibitatea da nagusi». Fernando Morillok idatzitako istorioaz gain, beste elementu asko baititu Itzalen sua-k liburu eta DVD formatuetan: Diabulus in Musica taldeak espresuki horretarako konposatutako musika, Xanti Rodriguezek egindako ilustrazioak, Alicia de Miguelek diseinatutako jantziteria, Monika Agirreren makillaje lana…
Proiektuaren «erakusleiho» eta «indargarri» gisa, Euskal Herriko hainbat pertsona ezagunen irudietan oinarritutako infografiak ere aurkituko ditu liburuaren irakurleak: Ander Lipus (Aker), Iban Garate (Oihan), Oihana Maritorena (Lilit), Joan Mari Irigoien (Sugaar), Lakrikun antzerki taldea (Oihanen eta Liliten barne-indarrak), Xabier Euzkitze (Gaueko), Estitxu Fernandez (Mari), Ilaski Serrano (Sorgin), Nerea Garmendia (Itzala), eta Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida Su ta Gar taldeko kideak (basajaunak).
Apokalipsia iragartzen duen istorioa du oinarrian Fernando Morilloren Itzalen sua narrazioak, eta «mundu berri baten lehen kronika» da.