Anjel Lertxundi / 2013-01-18 / 115 hitz
Askotan ibilia naiz orriari orri Toribio Etxeberriaren Eibarko euskararen hiztegian. Beti da sorpresa-kutxa atsegina, baina inoiz ez nion erreparatu jarki aditzari. Herenegun, Leire Narbaizaren blogari esker, jarkiri buruzko xehetasunak ezagutu nituen, bai Etxeberriarenean, baita Orotarikoan ere. Egin aurre, egin buru, erresistitu, protestatu, errebelatu esateko balio du. Eta guk erabiltzen ez, nahiz hitza ez dagoen tradizio faltan! Adibidez, Txomin Agirrek Garoan: «Jarki zitzaizkoen erriko agintariari».
Gu ere ez gaude jarkitzeko motiboen eskasian, eta erakutsia dugu badakigula jarkitzen. Jarki bai eguraldi zakarrari, bai egoera zakurrari. Zenbat lorpen jarkiaren jarkiz jardunda bizi pertsonalean bezala sozialean ere! Boterearen jarkierak ez gaitzala izutu: jarki beldurrari eta bildu kemena bidegabekeriei jarkitzeko.
Jarki hitzarekin egin dugun bidegabekeriak ere jarkita nago ni atzotik…