Alex Gurrutxaga / 2013-01-06 / 455 hitz
- Izenburua: Damutzen ez direnak
- Egilea: Itxaso Araque
- Argitaletxea: Elkar
Itsaso Araqueren lehen liburua da Damutzen ez direnak, XII. Augustin Zubikarai Beka lortuta argitaratua. Europako hiri banatan bizi diren Stuart, Andreas eta Naroaren inguruko gertaerak biltzen ditu nobelak; istorioak ez daude lotuta, hiru ipuin luze direla ere esan daiteke, baina hondoko gaia berbera da beti: pertsonen erlazioetan nola eragiten duen gizarte kapitalistak.
Gaur egungo erlazioak daude oinarrian, ahulak eta laburrak, zeinetan banakoek etekin egoistak bilatzen dituzten (ez kasualitatez, Houellebecq aipatzen da) diruak eta sexuak mugiturik: «Nik uste —dio Naroak— Merkatuko Legea gizarte-harreman guztietara hedatu dela» (205). Kapitalismoari begira, egiten dutenaz damutzen ez direnak ditu jopuntuan Araquek, maila sozialean gora egitea eta gero eta gehiago kobratzea beste helbururik ez dutenak: hor daude Berlingo eraikuntza enpresak, Lega Nordeko politikariak, Goldman Sachs bankua, eta haietan lanean ari den jendea, badakiena «arrakastarako bidean duintasuna oztopo bat baino ez dela» (122).
Ez gara ari, ordea, neoliberalismoaren kritika sinplista batez, ikuspegi dialektiko batez baizik. Hain zuzen, nobelaren alderdi sendoena errealitatearen konplexutasuna islatzeko eran dago; begirada jakintsu, zorrotz eta sendoa ageri du idazleak. Protagonistek jendilajea dute inguruan, hipokresia eta zekenkeria, eta eurak ere sistemaren parte dira ezinbestean: baina nola jokatzen dute? Oker jokatzean errua sistemari edo egoerari egoztea da aukera bat, eta bestea damutzea, errua norbere gain hartuta. Kinka hori bizi dute protagonistek, eta damua gizatasun keinu gisa ageri da, zorionerako eta askatasunerako lehen pauso gisa.
Formalki fragmentarioa da nobela. Istorio bakoitzak du bere narratzailea eta horiek erabiltzen duten pertsona gramatikala ezberdina da. Gainera, kapitulu guztietan dago pertsonaia bakoitzari loturiko pasarte bana; esan behar da horrek ez duela irakurketa zailtzen, banaketa argia baita. Edonola ere, ez zait iruditu egitura horrek ezer ematen dionik istorio bakoitzari eta eztabaida daiteke nobela izaerarik eskaintzen duen. Beste alde batetik, showing deitzen denaren falta sumatu dut pertsonalki, alegia, narratzaileak Urlia klasista bat dela kontatzea baino gehiago, neronek ikustea haren portaeran halakoxea dela; potentzia filosofiko handia du testuak, baina narratzaileak gaia gure ordez murtxikatzen duen pasarteetan, irakurketa erraztu eta interpretazioari espazioa jaten zaio.
Estiloa dela eta, hizkera dotorez idatzia dago nobela oro har. Zenbait atal deskribatzailetan estilo poetiko fina antzematen da, eta baita pasarte ironiko zenbaitetan ere («Deutsche Bank: 900 euroko larru-pasada», 203). Aldiz, elkarrizketatan sinesgarritasun arazoak daude: hizkerak ez dira bereizten, eta molde oso formala eta hanpatua du hainbat pertsonaiak lagunarte giroan (Andreasek, Antonellak, eta abar).
Eta kritika soziala funtsezkoa denez, azken ohar bat, irudi bailezake nobelaren irakurketa zaila edo gogorra dela: ez da hala, espazioak direla-eta. Ziurrenik eleberriak islatu nahi duenerako ez da beharrezkoa gertaera nagusiak Londresen, Berlinen eta Milanen kokatzea (unibertsaltasunaren aitzakiak ez du balio), baina horrek erabat baldintzatzen du nobela; izan ere, kritikaren objektuak kanpoan kokatzen direnez (Italia, Alemania eta Erresuma Batua gune neutroak dira guretzat), irakurlea ez da identifikatua sentitzen eta ezta deseroso ere.