Iñigo Astiz / 2013-01-16 / 1.634 hitz
Sasoiz sasoi errepikatzen da poesia eguneratu beharrari buruzko kezka, eta aldiro aurkitu behar izaten diote erantzun bat idazleek. Atxagak bota du orain harria: dioenez, jada ezin da egin poesia garai batean bezala. Poeta adina soluzio ditu aferak.
Erabili da behin, erabili da bitan, erabili da hamaikatan. Eta erabiliaren erabiliz topiko bihurtu da kasik Gabriel Arestik esandako hura: «Esanen dute / hau / poesia / eztela, / baina nik / esanen diet / poesia / mailu bat / dela». Baina hain zuzen ere poesia garaiko egoerara moldatu beharraz ari da 1964an argitaratutako olerki hori. Tresna eguneratu beharraz. Behin eta berriz iradokitzen da poesia hilda dagoela, eta behin eta berriz azaleratzen dute horregatik generoa gaurkotu beharrari buruzko kezka idazleek; sasoiz sasoi. Bernardo Atxagak bota du orain harria. «Zuzenean poesia, garai batean egiten zen bezala, nire idoloek egiten zuten bezala, hemezortzi poema bata bestearen atzean, uste dut ezin dela». Hilabete eskas dute hitz horiek, eta generoa biziberritzeaz mintzo dira. Poesiak inguru berrira moldatzeko duen premiaz. Finean, mailua gaurkotu beharraz.
Gogoeta sakontzeko eskatuta, atmosfera aldaketa bat egon dela dio Atxagak. Kulturgintza osoa hartu duen erritmo haustura bat. «Inpresioa dut halako ezintasun baten aurrean ez ote den sentitzen jendea. Jende asko ez da gauza, ezta nahita ere, liburu bat bukatzeko. Erritmoa aldatu da, eta horrek eragiten du urduritasun bat. Oso irakurle gutxik irakurtzen du gaur egun liburu oso bat. Kezka hori badut, baina uste dut egin dezakegula zerbait idazleok. Nik uste dut zuzenekoetatik egon daitekeela irtenbide bat jendeak ezagutu dezan poesia ederra». Eta hori da azkenaldian lanerako hautatu duen ildoa. Hark nahiago du «fronte» hitza.
Estrategia bat da. Izan ere, ez da hedapenari soilik dagokion hautu bat; idazketan ere eragiten du zuzenekoak. «Irakurlearekiko distantzia aldatuz gero, eta zuzenekoan jendea hurbil-hurbil badaukazu, eta harrera unean unekoa bada, horrek forman eragiten du. Eta eragin horrekin egin behar da lan. Horren ondorio zuzen bat da, esaterako, poesiak hartu behar duela narratibitate bat. Ez da aukera bakarra, baina meatzeko irudia erabilita, esango nuke ongi dagoela zain horri jarraitzea». Baditu bere itzalak ere; «ez da panazea unibertsala». Bi arrisku identifikatzen dizkio: zuzenekoetarako behar den inbertsio ekonomikoa, eta espektakularitatearen bila errazkerian erortzea.
Bestelakoa da Beñat Sarasola idazle eta literatura kritikariak hautatutako estrategia (Donostia, 1984). Gaur egun zer zentzu dauka poesia idazteak? Buruan etengabe bueltaka zerabilen galdera hori Alea liburua idazterakoan (2009). Mugara eraman zuen hizkuntza, eta zarata zuriaren baliokide poetikoa izan daitekeen zerbait topatu zuen. Galdera egin bai, baina erantzun argirik ez duela aurkitu dio. «Poesia egiteko bide berriak egon daitezkeen esperantzak luze iraun dit, nahiz eta egon diren bogan artea eta historia amaitu direla dioten pentsalariak. Ni saiatu naiz gaur egun poesia nola egin daitekeen bilatzen. Zama bat izan da kezka hori, eta ez dut aurkitu erantzun erraz bat. Ziur aski ez dago halakorik, baina denborarekin lortu dut galdera hori diluitzea».
Bueltan datorren gaia
Sarasolaren ustez, historikoki oso presente izan du gaurkotu beharraren kezka poesiagintzak. Eta aipatzen ditu adibide batzuk: Novalis, Arthur Rimbaud, Stepane Mallarmen, Guillame Apollinair, T.S. Eliot… Azken urteetan aldatu egin da gauza. «Agian kezka hori ez da formulatu era esplizituan, baina beti egon da presente. XX. mendean eleberriaren amaiera iragarri zen, eta Kazimir Malevich, Marcel Duchamp eta Andy Warhol hasten direnerako gai horiek lantzen, poesiak lana egina du. Baina seguru asko, azken urteetan kezka horiek ez dira egon lehen lerroan poesiagintzan».
Salbuespenak badaude. JosAnton Artze aipatzen du, eta baita Atxagaren Etiopia ere. Baina, dioenez, beste ildo batzuetatik jo dute sortzaile gehienek. Aldatuz doa kontua orain. «Ari dira ateratzen publikazioak modernismo berri bat zabaltzen diruditenak. Hain zuzen ere hori baita modernitatearen zentroan dagoen gaietariko bat: sormenak zer erlazio gatazkatsu duen errealitatearekin. Idazketaren mugak zein diren. Idazteak zer zentzu daukan. Ni ez naiz batere profeta ona, baina esango nuke joera hori gorantz joango dela datozen urteetan».
Angel Errok (Burlata, 1978) ematen dio kontrapuntua. Kontrapuntua edo. Iraganeko formetan aurkitzen du egungo kezkak formulatzeko modua. Greziar eta Erromatar garai klasikoko poesiagintza izan zuen eredu Eta Harkadian ni (2002) liburuan, eta Berpizkundeko moldeak egin zituen bere Gorputzeko humoreak izenekoan (2005). Argi azaltzen du zergatia: «Gaurkotzeari buruzko kezka oso zaharra da. Kasik-kasik, kontu zaharkitu bat da». Tradizioari buruzko oso ikuspegi eskuzabala du, izan ere. Dioenez, dena zaio garaikide: «Edertasuna garai guztietakoa, gurea (nirea) da».
Naturaltasuna aldarri
Eszeptikoa da Erro garapen estetikoaren ideiarekiko. Haren hitzetan, aroek ez dute elkar ordezkatzen. «Garai bateko pertsona egoten da garai bateko estiloari lotuta, eta idazle barroko batek ezin dio utzi barroko izateari. Orain kontziente gara horretaz, eta balia dezakegu horrek eskaintzen digun aukera. Ez dut ikusten zergatik egon behar duen garai jakin honetan estilo bakar batek. Gauza guztiak aldi berean gertatzen ari direla diot nik, eta beharbada ez dagoela poesiaren zaharberritze bat aurreko etapak gaindituko eta ordezkatuko dituena».
Aritzea da Erroren erantzuna. Poserik gabe, bortxarik gabe; aritzea. Dioenez, era inkontzientean joaten baita idazlea generoa berrituz. «Neurri batean, alferrekoa da zaharberritzeari buruzko kezka hori. Ez da zerbait guk egin behar duguna kontzienteki, da gauza bat berez datorkiguna. Berdinak izaten jarraitzen saiatuta ere, aldaketak egingo ditugu. Hitz egiteko moduekin ere hori gertatzen da. Inork ez du esaten ‘saia gaitezen XXI. mendean euskara zaharberritzen’. Berez dator. Oso irrigarriak dira saio batzuk poesia berritzen saiatzen direnak, adibidez, sare sozialak aipatuz. Aldatzeko saio kontziente bat egiten duzunean, arriskua da gelditzea oso kontu kanpokoetan. Oso zaharberritze azalekoa da hori. Eta zaharberritzen duzu kontu teknikoetan, eta hizkera eta lexikoan. Baina badaude sakoneko aldaketa batzuk nahi gabe joaten direnak eta gaur egun ikusten ez ditugunak. Gu konturatu gabe ere gertatzen direnak».
Poeta beste poetika
Poeta beste poesia berritzeko saio daude, ziur asko. Eta kezka hori beren idatzien ardatz gisa erabiltzen duten sortzaileak. Hala ere, tradizioa presente dutela bilatzen dituzte berrikuntzak gehienek. Hamaika dira adibideak, baina batzuk aipa daitezke. Harkaitz Canok (Lasarte, 1975), adibidez, denbora darama Text-jockey funtzioa aldarrikatzen. Musika DJek egiten dutena literaturara moldatzea proposatzen du: idazleak ere beste sortzaileen testuak bilatu, irakurri eta berrerabiltzea, alegia. «Funtzio ekologikoa» deitzen dio Canok. «Gu erretratatzen gaituzten inoren testuak hautatu, eta haiei testuinguru bat ematea, ikusgarriago izan daitezen».
Genero ikuspegiak ere badu bere pisua gaurkotu behar horretan, eta Amaia Lasaren poesiagintza izan daiteke horren froga. Haren gaineko interpretazio interesgarria egiten du Koldo Izagirre idazleak XX. Mendeko poesia kaierak bilduman hari eskainitako alean. «Amaia Lasa heldu zen arte, emakumeak ez zeukan leku propiorik gure literaturan, Erdi Aroko poeta bikain haien oihartzuna baino ez genuen emakumearen ahotsetik. Etxepareren faboreak geneuzkan eta […] gure poesia modernoan, emakumea aberriaren motiboeta-tik bat baino ez zen izan, […] familiaren euskarri eta kristautasunaren eredu […]. Ez da harritzekoa, beraz, Amaia Lasak ‘a e i o u berri bat’ asmatu nahi izana, bere lehen poema liburuan dioen bezala. Ezerk ez zion balio, artean egindakotik. Dena zeukan zerotik eraiki beharra. Zentzu horretan, Amaia Lasaren poesia fundazionala da, gerora garatu den emakumezkoen literatura baten aldarria, laudorio faltsu guztien dekoratua suntsitzeko behar zen aurreneko mailukada». Eta gehiago izan dira gero.
Oso presente ditu beste autoreen testuak Rikardo Arregi Diaz de Herediak (1958, Gasteiz) bere sorkuntzan ere. Iraganean idatzitakoetatik abiatzen du gogoeta maiz. Horren erakusgarri da orain hilabete kaleratutako Bitan esan beharra lana. Hamalau urtez libururik argitaratu gabe egon ondoren, tradizioa oso presente duen poema bilduma bat kaleratu du gasteiztarrak. Asko dira haren testuetan ageri diren poeten oihartzunak: ageri da Lizardi, eta ageri da Luis Cernuda. Ez da erantzunik gabe onartutako tradizio bat, ordea. Hala dio poemetariko batek: «Ez dut esango Petrarcak balio ez digunik. / Esango dut ez zaigula nahikoa».
Hizkera hilei izkin egin beharra
Hizkuntza bizi bat sortzea. Hori da poetaren egitekoa Atxagaren hitzetan. Horretan jarri behar ditu indarrak eta hori da bere errronka, zeren, dioenez, badira hizkera hilak, eta generoa gaurkotu beharrarekin lotuta dago haren gogoeta. «Paperean jartzen ditugunean errazago antzematen da hitzen bizirik eza, zirkunstantzia jakin batzuetatik bereizita gelditzen baitira. Zirkunstantziak alde dituztela (alkohola, aldarte bat, gertaera dramatiko bat, giro soziala), hitz hilek bizi itxura bat har dezakete, phantasma bihurtu; makila batek ere hegan egiten du beso batek aireratuz gero, baina ez da horregatik txori bihurtzen. Norbaitek egin dezake, manifestazio debekatu batean, ‘askatasuna behar dugu!’ oihua, eta horrek berealdiko zirrara sortu jendearengan; baina, berez, esaldi hila da aspalditik. Beste adibide bat: hunkitu daiteke Urlia maitemindua Sandiak Quevedoren sonetoa ozenki irakurtzen dionean — ‘polvo seré, más polvo enamorado‘—; baina sonetoa desegokia da XXI. mendeko harreman sentimentaletarako; desegokia, faltsua, hila. Balio dezake, noski, dekorazio gisa, edo, antzerkian bezala, paisaia historiko bat argitzeko; baina egiaren bila dabilenak, jai du».
Aurreko belaunaldietako idazleek hizkuntzarekin egindakoa ere gogoan du Atxagak. Euskara batua sortzen ere aritu behar izan ziren, eta horrek ere lagundu zuelako literatura berritzen. «Gu mahaia jarrita zegoenean heldu ginen», dio. «Gure janaria kozinatu behar genuen, bai, baina mahaia jarrita zegoen».
Lizardi, Orixek eta Lauaxetak egin zuten saio bat gerra aurrean poesiarekin. Arestik eta Jon Mirandek ere bai,gerra ostean. Eta 60ko hamarkadan ere izan zen berrikuntza gogo bat. Ez Dok Amairu taldea da horren adibide. Handia izan zen orduan Jorge Oteizaren Quosque Tandem… liburuaren eragina ere. Euskal estilo moderno bat sortzeko beharraz mintzo zen orri haietan oriotarra, eta oihartzun egin zuen haren proposamenak garaiko idazleen artean. JosAnton Artze poetaren kasua da aipagarrienetariko bat (Usurbil, 1939). Baga, Biga, Higa ikuskizunaren eragile nagusietariko bat izan zen, eta nabarmena da haren testuetan berritze gogoa. Poesia plazara eramaten asmatu zuen, era garaikide batean.
Iraganaren neurria
Iraganari neurria hartzearen beharraz mintzo da Sarasola. Haren hitzetan, garai hartan ere Ez Dok Amairu ez zen indarrean zen proposamen bakarra, eta oso joera ezberdineko sortzaileak zeuden talde bakarraren barruan. Batzuk baziren berritzaile, eta beste batzuk, ez. Horregatik, ez du hain desberdin ikusten lehengoa eta egungoa. Berrikuntza fokoa identifikatu nahian ari da orain. Fokoa identifikatu nahi eta ezinez: «Iraganekoa ez zen hain monolitikoa, eta egungoa ez da hain plurala. Egun taldekako proiektuak egiteko edo jendartean talde moduan agertzeko joera gutxiago dagoela? Bada, agian bai, baina horrek ez du halako eraginik emaitzan, Ez Dok Amairuren kasuan ere, azkenean, hango kideek sortutako lanak baitira epaitu beharrekoak. Kontua da gaur egun, lehen bezala ez dakigula non dagoen berritze foku hori. Sormena halakoa baita, ezin da aurreikusi, zorionez».