Mugarik ez

Anjel Lertxundi / 2013-01-13 / 127 hitz

Laurogeita hamabost urte ondo beteak ditu emakumeak. Haren gorputzak adinaren ajeak izan arren, sasoi handiz eusten dio buru argitasunari. Orain gutxi, bizitzan izandako esperientziez galdetu zioten. Zer zuen gogokoen, zer ez lukeen errepikatuko. Kopetako zimurrak are zimurrago jarri, eta pentsatzen egon zen pixka batez. Gero, penaz mintzatu zen. «Bihar hobeto, bihar hobeto!» esanez pasatu zuela bizi osoa, eguneko pozak baztertu eta etorkizun hobeago baten balizko esperantza bazkatzen irakatsi ziotela txikitatik. Baina atzera egin eta berriro bizitzen hasteko aukera balu, «gaur ondo, gaur ondo!» esanez biziko litzatekeela, egunean eguneko etekintxoak gozatuz eta bizitzari esker ona erakutsiz opari apalongatik.

Bera ohartzen ez bada ere, «gaur ondo!» esanez bizi du zahartzaroa. Ehun urte betetzeko bidean dela gogorarazten zaion aldiro, emakumeak haserre antzean egiten du protesta: «mesedez, niri ez mugarik jarri!».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.