Idurre Eskisabel / 2012-12-23 / 159 hitz
Mirenek eta Aitorrek oso garbi dute beren alaba-semeak berdintasunean hazten ari direla. Dena saiatu dira zaintzen: adibidez, niniak zirela inoiz ez zituzten zeru-urdinez edo arrosa-argiz jantzi. Gehiago, lehengusu zaharragoei txiki geratutako arropak sarritan errefusatu zituzten kolore sexista horietakoak zirelako, eta dirutza gastatuta berriak erosi zituzten: berdeak, gorriak, laranjak, moreak.. Orain, beren borroka handienetakoa da gelako beste neskek alabari erantsi dioten gonak janzteko apetari aurre egitea. Hizkuntzarekin, ipuinekin eta ikus-entzunezko kontakizunekin arreta berezia jarri dute: utikan printzesak —baldin eta marimutilak ez badira edo kulero zikinak ez badituzte— zein printze urdinak, eta gora pailazo iraultzaileak, piratak eta neska-mutiko bihurri kirol eta abentura zaleak. Jostailuak, zer esanik ez, bereziki zaindu dituzte, eta berdintsuak izan dituzte alabak zein semeak: panpinak —besteenganako txera lantzeko—, adimena bizkortzeko jolas didaktikoak, baloi, uztai, patin eta bizikletak.
Horrenbestez, bihar gauean pozarren utziko dute Euskal Herriko futbol selekzioaren txandala 7 urteko alabaren zapatan. 5 urteko semearen oinetakoan, aldiz, bi gurpileko patinete garestia jarriko dute, gizajoak eskatutako dantzari-soineko tutudunaren ordez.