Iratxe Esnaola / 2013-01-27 / 484 hitz
- Izenburua: Hormako paper horia
- Egilea: Charlotte Perkins-Gilman
- Argitaletxea: Edo
- Itzultzailea: Ana I. Morales
Charlotte Perkins-Gilman (1860-1935) Ipar Amerikako Victoriar garaiko idazle eta pentsalariaren lehen lan euskaratua dugu hauxe, Edo! argitaletxeak liburu txiki apainean editatua. Obrak azken mendean eragin dituen irakurketa ugariak dakartza aurrekari, eta erakargarri egiten du egilearen beraren bizipenen eta obraren tramaren gurutzaketak ere. Depresioa bizi izan zuen Perkins-Gilman-ek, eta gaitzari aurre egiteko, klase ertain altuetako emakumeek jaso ohi zuten tratamendua jaso zuen, hots, emakumea genero roletara atxiki, umeki tratatu eta erabakimenez hustu. Horrekin aski ez eta idaztea debekatu zioten. Hormako paper horia (1892) horren ispilu da, neurri handi batean. Narratzailea emakume ezkondua eta ume txiki baten ama da, uda pasatzera landetxe batera iritsi berria John senar eta medikuarekin, gaixoaldia hobetzeko asmoan. Histeria diagnostikatu diote eta ezer ez egitearen tratamendua aplikatu, idazteko debekua barne, emakumeei izkiriatzearen grina zikiratzen zitzaien, eta irudimen gehiegia kaltegarritzat jota. Narratzaileak bere buruaz eta eritasunaz izan dezakeen iritzia automatikoki deuseztatzen da hiru autoritate biltzen dituen figuraren aurrean; gizon, senar eta medikuaren aurrean. Ez du batere eskumenik, eta beraz, gugana iristen den ahots disidentea hel zekigukeen modu bakarrean datorkigu: ezkutuan idazten duen konfesioaren bidez. Idatziz bakarrik egikari dezake kontzientzia askatasuna, eta aldi berean, huraxe du ukendu.
Etxeko goiko gela handian pasatzen ditu orduak Niak. Leihoak, horma-lurrak, pareta eta ohe handi bat beste lagunik gabe. Paretako paper zahar horia, batzuetan, azaloreak diruditen marrazkiekin nahasten da, onddoekin, bestetan. Hain nardagarria irizten dio paperari, ze interes biziz erakartzen du. Egunaren orduen araberako argi diferenteen baitan eta begiratze ordenaren baitan erreparatzen hasten zaio, nahiz etengabe ihes egin haren zentzuak. Papera hainbeste begiratuz ageriko marrazkiaren atzean beste zerbait antzematen amaitzen duen arte. Norbait dabil paperaren bestaldean … Bai, berak bakarrik ikus dezakeen norbait dabil eta preso dago. Arreta kontrolatzailea obsesio bihurtu da. Bera kontrolatzen duten modu berean orain berak badu kontrola paperaren gainean, ez bere gorputza ez bere bizia goberna ezin ditzakeenez. Orrialde oso gutxi izanagatik progresio handiko kontakizuna da, eta horregatik, interpretazio asko sor ditzakeelakoan nago. Nik uste pertsonaiak transformazioa bizi duela. Hasieran, idazten duen Niaren eta emaztearen artean bigarrenaren ahotsa gailentzen bada ere (eta horrekin kastrazioa), geroz eta autonomia gehiago irabazten du Niak, senarraren aginduei iskin egiteraino helduz, ez soilik, idazketan, baizik baita paperaren ariketa sekretuan ere. Senarrarekiko ezkutukeri erreserbatua desafio bihurtzen du. Papereko izakia askatzean bere burua liberatu nahi du. Baina testua kontraesanez betea dago bere sentimenak nahaskorrak diren neurrian. Hortik pertsonaiaren eromena eztabaidagarria izatea (ez gizarte victoriarrak izendatutakoa), interpretazioen esku geratzen dena. Niretzat histeria izendatzen eta patologizatzen zuen kanpo autoritatetik ihesi doan konfesioa da narrazioa, liberazio bitxi, baina liberazio baten kronika, finean. Histeriara lotu eta patua izorratu zieten emakume andana iradokitzen dit Perkins-Gilman-ek. Zer eta nola kritikatu jakin zuen testuinguruan zituen tresnekin, hots, paperarekin eta metaforarekin. Irakurketa iradokitzailea eta ahazten ez direnetakoa hauxe. Bide batez, hitz ostean topatuko duzue edizio honetarako apailatu duten Teilatupeko emakume(ar)en isileko garrasiak testua, Saioa Ruizek eta Amaia Serranok prestatua. Interesantea oso, obra irakurri eta gero kontsultatzeko.