Txerri masailak saltsan

Iker Markinez / 2013-01-05 / 214 hitz

OSAGAIAK
4 pertsonarentzako osagaiak:

Kilo bat txerri masail.
Porru bat.
Bi tipula.
Bi azenario.
Lau baratxuri ale.
Piper beltz ale batzuk.
3/4 litro ardo beltz.
Basokada bat Oporto.
Oliba olioa.
Gatza.

• Lapiko handi bat su bizian berotzen jarri. Jarraian, txerri masailak bertan jarri, eta oliba olio zorrotada bat bota, baita gatz pitin bat ere. Su bizian eduki 4 minutuz alde batetik, eta gorritzean, bestetik beste 4 minutuz.

• Bitartean, ditugun barazkiak garbitu (porrua, tipula, azenarioa eta baratxuri aleak), zuritu eta pusketatan moztu.

• Masailak ondo gorrituta dauzkagunean, barazki guztiak lapikora gehitu, sua moteldu, eta 15 minutuz erregosi. Basokada bat Oporto gehitu, eta ardo beltza ere bai. Horrekin batera, piper beltza gehitu, eta sua bizitu. Ardoak duen alkohol soberakina guztiz lurrintzeko, gutxi gorabehera 20 bat minutuz irakiten utzi, lapikoko salda kantitatea erdira murriztu arte. Ura gehitu lapikora, txerri masailak erabat estali arte. Ondoren, ordu bete inguruz irakiten eduki (masailaren samurtasunaren arabera, denbora gehixeago edo gutxixeago izan daiteke).

• Masailak lapikotik erretilu batera atera. Orain, lapikoan duguna txinoaren laguntzaz pasatu, eta gatzez nola dagoen dastatu. Salda fina gelditu bada, denbora gehixeagoz irakiten eduki, lodiera pixka bat hartu arte.

• Txerri masailak xerratan moztu behar ditugu. Horretarako, komenigarria da hotzak egotea, bestela ezingo baititugu ondo moztu. Ondoren, saltsa dugun lapikora gehitu, eta irakin azkar bat eman.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.