Adinekoak

Idoia Etxeberria / 2013-01-31 / 235 hitz

Gurasoak maiz bisitatzera derrigortzeko legea jarri berri dute Txinan. 60 urtetik gorakoak. Azken urteetan gora egin duelako abandonatutakoen kopuruak. Lege horrekin, gurasoak beraiek dira seme-alabak sala ditzaketenak. Hemen ere horretara iritsiko al gara?

Japonia da bizitza itxaropen handiena duenetako bat. Eta asko dira bakarrik bizi diren adinekoak: lau milioitik gora. Dirudienez, gero eta gehiago dira lapurretak egiten dituztenak. Badakite zer lapurtu, eta zenbat. Kartzelara denboraldi eder baterako sar ditzaten. Han hobeto bizi direla konturatu omen dira. Janari beroa, konpainia. Gainera, preso mimatuak ei dira. Kalean baino hobeto tratatzen dituzte.

Baliteke, bai, Japoniako Finantza ministroaren hitzak entzunda. Taro Asok lehenbailehen hiltzeko eskatu die zahartxo trauskilei. Mediku sistema aldatu nahi du. Haren ustez, adinekoei lotsa eman beharko lieke Gobernuaren lepo bizitza luzatzeak.

Igual gustura berrezarriko luke XIX. mendeko ohitura. Adinekoak basoan abandonatzekoa, alegia. Gosete eta izurrite garaian egiten zuten hori. Ezin zituztelako mantendu. Batzuek beren kabuz joaten ziren, etxean lagundu ezin zutela ikusita.

Aso ez da atzo goizekoa. 72 urte ditu! Zein adinetik aurrera gara adinekoak? Ez dakit seme-alabarik duen. Ezta bisitan joaten zaizkion ere. Baina bai bere gurasoei esker dela multimilionarioa. Bere aitak porlan lantegi erraldoia eraiki zuen. Familian 70 enpresaren jabe dira.

Adinekoak errespetatuak ziren lehen. Orain, traba dira. Diru iturri ez direnean, noski. Gero eta familia gehiago bizi dira gurasoen eta aitona-amonen pentsioen kontura. Krisi garaiotan, badira pentsioa kobratzeko gurasoak zahar egoitzatik atera dituztenak ere. Baita haien heriotza ezkutatu duenik ere. Hozkailua erabilita, adibidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.