Josean Gil-Garcia / 2013-02-15 / 569 hitz
Azkaineko herriaren gainean tontor xumeak eta ez hain xumeak daude; tontor horietatik, errekasto biziak norgehiagoka aritzen dira, garai bateko errotetara elikagai preziatua eramateko asmoz.
Azkaine (Lapurdi) Urdazuri ibaiaren altzoan egonik ere, ez da ur-jario bakarra inguru horretan. Azkaine bera ur bilgunea da. Izan ere, ur emari franko jariatzen dira bazter guzietarik, eta ur-lasterrok ubide sare polita harilkatu dute. Zer dela eta, ordea, uraren garrantzia? Galderak erantzun erraza dakar: herriaren gainean tontor xumeak eta ez hain xumeak daude, eta errekasto biziak norgehiagoka aritzen dira bederatzi errotetara elikagai preziatua eramateko gogoz. Gaur egun, haatik, errotarriak geldirik daude, eta uraren harrabotsa baino ez dugu adituko.
Azkaine abiapuntutzat hartuta, zirkuitu interesgarria osatuko dugu Arraioko ibarraren gainean dauden hiru tontortxo igota. Bizkarzun eta Esnaur tontor ezagunak dira. Suhalmendi, berriz, ez horrenbeste. Azken hori Sarako mugan dago, eta zirkuituaren barruan utzi dugu hiru gailurrak ibilbide batera ekarri nahi izan ditugulako.
Autoa Azkaineko eliza inguruan utziko dugu, pilotalekuaren ondoko aparkalekuan. Elizaren eskuinaldetik hasita, Santinazioko lepora doan errepidean hasiko gara. Les Chasseurs jatetxea igaro bezain agudo, ezkerrera hartu eta, hilerriaren paraleloan, bidegurutzeraino jarraituko dugu. Bidebanatzean, ezkerrera jo eta, Martzeneko kaleari men eginez, Stop seinalera iritsiko gara. Eskuinera egin eta Chourio pilotalekuaren kantutik jarraituko dugu. Aurrez aurre, Bizkarzun mendi aparta ikusiko dugu. Uharka erreka zeharkatuta, Adina erretira etxera helduko gara. Haren eskuinetik abiarazten da Arraioko bidea, eta hari ekingo diogu. Aldatsa amaiturik, pilotaleku txiki bat duen landetxe bat izango dugu aurrez aurre. Bizkarzun-Esnaur adierazten duen bide seinaleari jaramon eginez, pilotalekuaren atzealdetik doan basabidean aurrera egingo dugu.
Haritzak eta gaztainondoak gogaide, Arraioko ibarrean barneratuko gara. Panorama ezin hobeaz gozatzeko aukera dago orain: ezkerraldean, Bizkarzun tontorra dago, eta, eskuinaldean, Esnaur talaia. Arraioko errekarekin topo egitean, BTTrako egokitutako zirkuitua utzi eta, erreka zeharkatuta, pistan barrena jarraituko dugu. Errekatik aldendu ahala, goratasuna samurki hartzen lagunduko digu bideak. Bihurgune itxia igaro eta berehala, bide zabaletik irten eta Bizkarzungo tontortxorako bideari ekingo diogu. Lehenik eta behin, Martinhaurrenbordako harresiaren parean jarriko gaitu bideak. Ondoren, gandorrean pitin bat atzera eginda, Bizkarzun gaina zapalduko dugu. Azkaine herriaz gainera, Larrun erraldoiak erakarriko du bisitariaren arreta. Baita Donibane Lohizuneko badiak ere, Atlantiko aldean.
Suhalmendi eta Esnaur
Tontorretik bordako harresiraino jaitsiko gara. Horma txikiaren paretik jarraituta, Martinhaurrenbordaren aurreko bidebanatzera iritsiko gara. Eskuineko bidea hartuko dugu han, eta Jubilaua inskripzioa erakusten duen gurutzera iritsiko gara. Sarako eta Senpereko mugekin bat egin dugu.
Noranzkoa aldatu gabe, aurrean altxatzen den Suhalmendirako bideari ekingo diogu. Iparraldeko leporaino lagunduko digu hartxintxarrezko bideak. Lepoan, maldan gora abiatu eta tontorrera igoko gara. Lubakiak eta defentsarako arrastoak aurkituko ditugu gainaldean. Sara herria bete-betan harrapatuko dugu, ordoki ondulatu baten epizentroan.
Esnaur azken talaia da. Bizkarzun bezala, Azkaine gainean dago. Harainoko tarte polita egingo dugu Arraioko ibarra inguratzeaz gainera. Suhalmenditik jaisten hasiko gara, begirada Larrun aldera luzatuta. Arraioko ibarra eta Sarako parajeak bereizten dituen lepora joko dugu zuzen-zuzen. Izeiek eta urkiek janzten dute lepo txikia. Sarako zirkuitua alde batera utzi, eta eskuinera joko dugu. Jaitsiera xumea egin ostean, ezkerrera hartu eta beste lepo batera iritsiko gara. Bide sardan, eskuinera egin eta hariztian barrena jarraituko dugu. Errekastotik aldendu ahala, goratasuna hartuko dugu. Hiru bideko elkargunera iritsita, ezkerrera okertu eta gorantz bi minutu egin ostean, eskuinetik doan bidexkari jaramon egin.
Basoa atzean utzita, eskuinera egin eta bide harritsuan behera, Santinazioko lepora doan errepidera iritsiko gara. Errepidea zapaldu gabe, Nagusienbordako bideari ekingo diogu. Borda bera ezkerretik inguratu eta lepora igoko gara. Bideak sigi-saga eramango gaitu tontorreraino.
Tontorretik Arraioko ibarrera joko dugu, betiere kolore horiko arrastoei jarraituta. Herriko plazara iritsiko gara Arraioko Bideari segituta.